Tabakalerak baditu kultura zuzendaria eta kudeatzailea
2012-09-10 10:54 kulturbizTabakalera — Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko (KGNZ) Administrazino Kontseiluko lehendakariak, Juan Karlos Izagirrek, prentsaurrekoan aurkeztu ditu Ane Rodríguez Armendariz kultura zuzendaria eta Haritz Azkarraga, gerentea.
Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko (KGNZ) Administrazino Kontseiluko lehendakariak, Juan Karlos Izagirrek, prentsaurrekoan aurkeztu ditu Ane Rodríguez Armendariz kultura zuzendaria eta Haritz Azkarraga, gerentea. Pasa dan bagilaren 26an eginiko batzarrean Administrazino Kontseiluak hautatutako personak, Tabakalera proiektua indartzera heldu diran kide barriak, aurkeztu ditu.
Haritz Azkarragak Tabakaleraren Administrazino Kontseilua osotzen daben hiru erakundeei eskerrak emonez hasi dau bere agerraldia, maila profesionalean erronka handia da proiektu honetan parte hartzea, baina aukera parebakoa be bai, esan dau. Ondoren, gerentziaren ikuspuntutik datozen hilebeteetako eginbeharrak zehaztu ditu. Fabrika zaharbarritzeko lanen jarraipena egiteaz gan, eraikinean tokia hartuko daben kultura erakundeakaz -Kutxa, Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua eta Donostia Zinemaldiaespazioen erabilerearen inguruko definizinoa sakontzeko momentua da.
Zaharbarritze lanak martxa onean doazela jakinarazo dau, exekuzino kalidadea oso ona dala eta epe laburrean lizitazino gehiago egingo dirala. Lan handia egin behar da, eta krisiak ez deusku mesederik egingo, baina taldean lan eginaz eta erakundeen laguntzinoagaz aurrera atarako dogu proiektua, ez daukat dudarik, adierazo dau.
Ane Rodríguez Armendariz kultura zuzendariak hartu dau hitza ondoren. Tabakalerak berea dauen sorkuntza fabrika izaera azpimarratu eta Joxean Muñozek zuzendutako taldeak landutako proiektua oinarri hartuta jokatuko dauela esan dau. Sorkuntzea, erakusketea eta ezagutzea izango dira proiektuaren ardatzak. Festibalei begira bizi dan uriak behar dau Tabakalera lako zentro bat, ikerkuntza eta sorkuntzeari lotuta garapena sustatuko dituana, esperimentazinoari bide emongo deutsona, esan dau.
Asmo horreek aurrera atarateko oinarrizko zeregina izango da esparru horreetan lanean dabilzan agenteakaz berba egin eta, bertatik bertara, euren ikuspuntu eta beharrak ezagutzea. Ezinbestekoa da uriaren beharrak ezagutzea. Edukiontzia garrantzitsua da, baina ez dauka zentzurik ez badogu ingurunea kontuan hartzen.
Horregaitik, lehen hilebeteotan kultura zuzendariaren lana Tabakaleragaz alkarlanean dabilzan erakunde eta agenteakaz batu eta proiektuaren inguruan euren proposamenak garatzen dagozan personakaz berba egitea izango da. Baliabideen erabilera ahalik eta egokiena egin behar dogu eta indarrak batu. Instituzino edegia behar dau izan Tabakalerak, iragazkorra, parte-hartze bideak sustatuko dituana.
Kulturearen inguruan dabilzan proiektuentzat topagunea izango da Tabakalera, uri kulturala, Ane Rodríguez Armendarizen berbetan. Bertako proposamenak nazinoartean ezagutzera emoteko bideak edegiko dituana eta nazinoarteko proiektuak bertan ezagutzeko aukerea eskainiko dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!