UPV/EHU Shangaiko rankingean sartu da lehenengoz

Bizkaie! 2012-08-31 10:29   kulturbiz

Euskal Herriko Unibersidadea Shangaiko rankingean agertzen dan lehen aldia da, eta ex aequo kokatu da 301. eta 400. postuen artean.

Azterketa horrek urtero izentetan ditu munduko 500 unibersidade onenak. Sailkapena Shangaiko Jiao Tong Unibersidadeak egiten dau urtero, eta ebaluazino-erispide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun. Rankingak unibersidadeen ikerketen eragina neurtzen dau; baita euren nazinoarteko prestigioa be.

EHU Shangaiko rankingean agertzen dan lehen aldia da, eta ex aequo kokatu da 301. eta 400. postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emoitzak aurkezteko ezarritako sistemea ulertu behar da. Holan, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dabe, puntuazinoaren arabera. Hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibersidadeko lau multzo bereizten dira, eta horreen barruan unibersidadeak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira.

Sailkapen absolutuan, lehenengo 20 unibersidadeen artean, 18 iparramerikarrak dira. Lehen hiru postuetan Harvard Unibersidadea, Stanford Unibersidadea eta Massachusetts Institute of Technology dagoz, hurranez hurran. Lehen 200 unibersidadeen artean, ez dago espainiar estaduko erakunde akademiko bakar bat be. 201-300 bitarteko multzora jo behar dogu Madrilgo Unibersidade Autonomoa, Bartzelonako Unibersidadea eta Complutense Unibersidadea topetako. Hurrengo multzoan, 301-400, UPV/EHUgaz batera, unibersidade honeek agiri dira: Bartzelonako Autonomoa, Valentziako Politeknikoa eta Valentziakoa. Atzerago, azken multzoan, Pompeu Fabra, Gradanako, Vigoko eta Zaragozako unibersidadeak dagoz. Beraz, Euskal Herriko Unibersidadea espainiar estaduko zazpi unibersidade onenen artean dago, Shangaiko rankingaren arabera, eta laugarren eta zazpigarren posizinoan kokatzen da, maila berean jarten dituan multzoaren barruan.

UPV/EHUko agintariek hainbatetan adierazo dabe erakunde akademikoa 500 unibersidade onenak batzen dituan ranking zorrotz horretan kokatzeko asmoa. Iñaki Goirizelaia erretoreak helburu hori adierazo eban 2010eko maiatzean, UPV/EHUko ikerketa-mapea aurkezteko ekitaldian. UPV/EHUk Shangaiko rankingean gaur egun dauen posizinoak gainditu egiten ditu aurreikuspen harieek. 2010-2014 Ikerketa Planaren aurkezpenean adierazo dau erretoreak lau helburu argi finkatu genduzan hurreko etorkizunerako: ikerketen arloan, estauko unibersidadeen Top 10ean kokatzea; Europako lehenengo 200 unibersidadeen artean kokatzea; eta, munduko 500 unibersidade onenen multzoan sartzea. Laugarren helburua lortzeko, urtero 400 doktore-tesi defendidu behar dira batez beste. Beraz, Shangaiko sailkapenaren argitalpenak talde pribilegiatu horren barruan kokatzen gaitu estaduan, Europan eta nazinoartean. Hori dala eta, asebeteta egon gaitekez UPV/EHUko kide guztiak, persona askok ikerketan, irakaskuntzan eta kudeaketan eginiko ahaleginaren emoitza baita. Zorionak guztioi! Oso pozik gagoz, aurreikusi baino lehen, garrantzi handiko helburua lortu dogulako, eta horrek pizgarria izan behar dau datozen urteetan gure posizinoa finkatzeari begira. Euskal gizarteak unibersidade bikaina dauka, eta prestutasun osoa dogu, urtez urte, ikerketa eta kultureagaz dugun konpromisoa sendotzeko, emoitzen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu