Kultur eragileak BEZaren igoerearen kontra
2012-07-25 12:02 kulturbizKultur ikuskizunetako sarreren BEZa 13 puntu igoko dau Espainiako gobernuak. Kulturearen ganeko BEZik altuena izango dau estadu espainiarrak. Igoereak izango dituan ondorio latzak salatzeko prentsaurrekoa emon eben atzo kultur arloko hainbat alkartek Bilbon.
Kultur ikuskizunetako sarreren BEZa 13 puntu igoko dau Espainiako gobernuak, %8tik %21era, hain zuzen be. Igoereak izango dituan ondorio latzak salatzeko prentsaurrekoa emon eben atzo kultur arloko hainbat alkartek Bilbon. Eskena Euskadiko Produkzino Eszenikoen Enpresa Alkartua, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Produktore Burujabeen Alkartea, Euskal Aktoreen Batasuna, Euskadiko Musikari Alkartuak, EPE/APV Euskal Produktoreen Alkartea, Euskadiko Idazleen Alkartea, Cultura Abierta eta Faeteda Espainiako Industria Kulturaletako Enpresen Alkarteen Batasunako ordezkariek parte hartu eben, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa be izan eben.
BEZaren igoerea gehiegizkoa dala nabarmendu eben, eta berez ahula dan sektorea jota itxiko dauela salatu eben. Pirateriaren kontra eginez, BEZagaz batutakoa baino diru gehiago lortu daiteke, azaldu ebenez. Ganera, legezko konsumoa txikitu egingo dala pentsetan dabe, eta pirateriak, ostera, gora egingo dauela.
Antonio Rivera Kultura sailburuordearen eretxiz, igoerea eraso bat da, eta bere alkartasuna adierazo deutso sektoreari. Sailburuordearen esanetan, EAEko kultur agenteen % 66 kaltetuko dau aldaketeak, eta horreek kulturearen arloko beharginen % 82 batzen dabe. Enpreson fakturazinoak % 78 egingo dau behera, Riveraren ustez.
Ana Pimenta Eskenako presidentearen arabera, igoerea gehiegizkoa da. Madrileko gobernuari deialdia egin eutson erabagia barriro aztertu daien; kulturea zerbitzu publiko lez hartu behar dala erixten deutso, eta BEZ murriztua behar dauela. Kulturea ezin dala luxua izan, azken baten.
Jose Portela Ibaia alkarteko buruak Mariano Raxoiren gobernuak zinemeari zuzendutako laguntzak % 30 murriztu dituala gogoratu eban, eta BEZaren igoereak egoerea okertuko dauela. Izan be, makina bat aretok, konpainiak, enpresak eta eragilek ezin izango deutse aurre egin zergearen aldaketeari.
Irailaren 1etik aurrera gauzatuko da BEZaren igoerea; orduan euroguneko kulturearen ganeko BEZik altuena izango dau estadu espainiarrak. Europako herrialde gehienetan zerga tipo murriztua daukie kultura ikuskizunek. Portugal eta Herbereheratan jazotakoa azaldu eben prentsaurrekoan: herrialde bietan, kultureari ipinitako BEZa igon ostean, bajatu egin behar izan eben. Portugalek %15era igon eban, eta ondoren, atzera be %13ra bajatu.
Alkarteak Espainiako Gobernuagaz alkarrizketea bideratzen dabilzala adierazo eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!