Gaur Bilbon hasiko dan 'Mundua Aldatzeko Ideiak' nazinoarteko topaketearen lehenengo jardunaldiko ponentziak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2012-07-05 15:49   kulturbiz

Gaur, prentsaurrekoan, Nikaraguako idazle eta saiogile Sergio Ramírezek eta Alfredo Jaar artista, arkitekto eta zinemagile txiletarrak komunikabideen aurrean azaldu ditue topaketa honetara ekarri dituen ponentziak, Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan eta Zaila da izenburukoak, hurranez hurran.

Topaketea arratsalde honetan hasiko da hurrengo ponentzia eta hizlariakaz: Historia nola egin behar den sari ugari jaso dituan Ramiro Pinilla euskal idazleak azaldurikoa; Zinema, arrazakeria eta ahaztutako gatazkak lehen munduaren bihotzean Berlingo Zinemaldiaren Epaimahaiaren Sari Nagusia jasotako Bence Fliegauf-ena; Zer esan nahi du feminista izateak XXI. mendean? Germaine Greer feminismoaren iraultzaile eta akademiko australiarrarena; Iraultza eta kontrairaultza. Emakume eta gizon arabiarrek askatasunerantz egin beharreko ibilbide luzea, giza eskubideen aldeko Wassyla Tamzali ekintzaile aljeriarrarena; Ilustrazinotik austeridadera: kultura-paradigma barria? Susan George filosofo frantziar-estadubatuarrarena eta Globalizazinoa eta giza irudimena Shashi Tharoor Indiako kanpo-arazoetako ministro ohi eta NBEren goi-kargudunak proposaturikoa.

Eusko Jaurlaritzeak Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren garapena kudeatzeko sorturiko 2012 Fundazinoak Mundua Aldatzeko Ideiak ekitaldia antolatu dau garagarrilaren 5, 6 eta 7rako, hau da, kulturearen eta jakintzearen arloetako munduko 18 pentsalari eta intelektual ospetsu batuko dituan pentsaera eta gizarte garaikideko topaketea. Gaur, prentsaurrekoan, Nikaraguako idazle eta saiogile Sergio Ramírezek eta Alfredo Jaar artista, arkitekto eta zinemagile txiletarrak komunikabideen aurrean azaldu ditue topaketa honetara ekarri dituen ponentziak, Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan eta Zaila da izenburukoak, hurranez hurran.

Idazlearen konpromisoa bere bizitzaz harago doa, adierazo dau Sergio Ramírez saiogile eta 1984tik 1990era bitartean Fronte Sandinisteagaz Nikaraguako presidenteorde izandakoak. Erdialdeko Amerikako idazle arrakastatsuenetako bat da gaur egun, eta bere ustez literaturea gauza apala da eta ez dot uste esan daitekeenik liburu bat irakurten dot eta fusila hartzen dot. Bihar 20:05ean azalduko dauen ponentziaren izenburua Demokrazia, gizarte-garapenaren faktore hirugarren munduko herrialdeetan da.

Beste alde batetik, Alfredo Jaar txiletarrak, artista, zinegile eta berak erresistentziagune deitzen dituanen sortzaileak adierazo dauenez, arteak eta kultureak mundua aldatu leikie, eta horregaitik naz artista. Irudiak batzen dauen indar handia atxikitzen jakin dau Jaarrek, eta irudiak jasaten dauen manipulazinoa kritiketako gai izan da. Esangura horretan, munduko museo nagusietan erakutsi dau bere lana eta nazinoarteko hainbat erakusketatan parte hartu dau. Datoren zapatuan 17:05ean, Zaila da ponentzia defendiduko dau.

Lehen jardunaldiaren aurkezpen-ekitaldian, Txileko presidente ohi eta gaur egun NBEko Emakumeak adarreko zuzendari Michelle Bacheletek topaketarako grabautako mezu labur bat proiektau da; bertan adierazo dau Gernikako bonbardaketea gerraren bihozbakokerien sinboloa dela, eta hainbat figurak, besteak beste, Pablo Picassok, Blas de Oterok edo literaturako Nobel Saridun Gabriela Mistral Bacheleten herrikideak kulturatik erantzun eutsiela jazoera horri. Gainera, NBEko Emakumeak adarreko zuzendariak Kongoko ekialdeko NBEren indarren komandante ohi Patrick Cammaert-en berba batzuk ekarri nahi izan ditu gogora, gerran soldadu izatea baino emakume izatea arriskutsuagoa da. Bere hitzaldiaren muinaren bidez azpimarratu dauenez, bake-, alkarbizitza- eta errespetu-kultura bat garatzea beharrezkoa jaku, eta ondoren indarrez eta adorez, amesak lortu daitekez itxaropenezko berbakaz agurtu ditu entzuleak.

Mundua Aldatzeko Ideiak Topaketan, hainbat pentsalari ospetsu eta zineman, zientzian, arkitekturan, literaturan, historian, komunikazinoan, artean, soziologian edota politikan adituak diran hainbat persona famatuk modu edegian parte hartuko dabe eztabaidan egungo gizarte garaikidearen erronka garrantzitsuenei aurre egiterakoan pentsamenduak eta kultureak izan leikien protagonismoaren eta eragin-gaitasunaren gainean.

Garagarrilaren 5, 6 eta 7ko arratsaldeetan hiru saio egingo dira egunero (saio bakotxean moderatzaile batek gidatutako bi hizlarik parte hartuko dabe); saio horreetan bost kontinenteetatik etorritako pentsalari ospetsuek eta hainbat adituk alkarrizketa edegian jardungo dabe.

Ekintzaren formatua berbaldiaren eta eztabaida publikoaren eta arlo eszenikoaren eta telebistarako egindakoaren arteko nahasketearen emoitzea da. Ekintza horretarako Euskalduna Jauregian sorturiko zuzeneko telebista set bat da; leku horretara jentea bertaratuko da eta hizlariei galderak eginez alkarreragiteko aukerea izango dau. Aurkezpenak egiteko eta koordinazino orokorra eroateko ardurea izango dauen profesional batek moderauko ditu galdera-txandak. Honako honeek dagoz moderatzaileen artean: César Coca (kazetari eta saiogilea, gizarte- eta kultura-gaietan espezializautakoa), María Silvestre (Emakunde Emakumearen Euskal Institutuaren zuzendaria), Luis Eguiraun zineman aditua eta Zinebi Zinemaldiaren programatzailea), Ana Aizpiri (nazinoarteko harremanetan espezializautako kazetaria), Fernando Golvano (komisarioa, arte-kritikaria, UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea), Raúl Ibáñez (EHUko Geometria eta Topologiako irakaslea eta zientzia-dibulgazinoko José María Savirón sariduna), Iñaki Esteban (filosofoa eta hainbat bitarteko eta espezialidadetan jardunean dagoan kazetaria), Patxi Lanceros (Deustuko Unibersidadetako Filosofia Politiko eta Kulturaren Teoriako irakaslea, ikerlari eta saiogilea) eta Lucía Martínez Odriozola (Euskal Kazetarien Alkarteko presidentea).

Jardunaldiak zuzenean jarraitzeko modu bi dagoz: Internetez (streaming bidez) doban http://euskadi2012.org/ edo in situ azken webgune horretan izena emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu