Guillermo Martinez idazle eta matematikari argentinarraren azken liburuaren aurkezpena Bilbon
2012-07-02 15:28 kulturbizGuillermo Martínez, Bilbora etorri da egunotan bisitan, EHU-k konbidauta, BizBAK 2012 udako ikastaroetako batean parte hartzeko. Izan be, garagarrilaren 4an eta 5ean, Cultura con M de Matemáticas: una visión matemática del arte y la cultura izenburuko ikastaroan hartuko dau parte.
Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Guillermo Martínez idazle eta matematikari argentinar ezagunaren Yo también tuve una novia bisexual (Planeta, 2012) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau garagarrilaren 3an, martitzenean, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Alex de la Iglesia zuzendariak Los crímenes de Oxford izenburuagaz zinemara eroan eban Crímenes imperceptibles eleberriaren egileak tensinoz eta intrigaz betetako lan barria aurkeztuko dau orain. Ekitaldia Alicia Sanjuan kazetariak bideratuko dau.
Beste hizkuntzetara gehien itzuli dan idazle argentinarretako bat, Guillermo Martínez, Bilbora etorri da egunotan bisitan, EHU-k konbidauta, BizBAK 2012 udako ikastaroetako batean parte hartzeko. Izan be, garagarrilaren 4an eta 5ean, Cultura con M de Matemáticas: una visión matemática del arte y la cultura izenburuko ikastaroan hartuko dau parte. Ikastaro hori be Bidebarrietako Liburutegian izango da.
Guillermo Martínez (Bahía Blanca, 1962) 1985ean joan zan Buenos Airesera, eta han Zientzia Matematikoetan doktorau zan. Ondoren Oxforden bizi izan zan bi urtez, CONICET-ek emondako doktoretza ondorengo beka bategaz. 1982an Roberto Arlt Ipuin Nazino Sariketearen Lehen Saria irabazi eban, La jungla sin bestia liburuagaz. Bederatzi eleberri argitaratu ditu, eta sari garrantzitsuak irabazi ditu. 2003an, Borges y la matemática saiakera liburua argitaratu eban, eta Argentinako Planeta Saria irabazi eban Crímenes imperceptibles lanari esker. Liburu hori 35 hizkuntzatara itzuli da.
BizBAKek artistak eta matematikariak batuko ditu Bidebarrietan, Artearen eta Matematiken arteko hartu-emonez berba egiteko
Cultura con M de Matemáticas: una visión matemática del arte y la cultura mintegian, UPV/EHUko BizBAK udako ikastaroen barruan, besteak beste, Elena Asins eta José María Yturralde artistak, Guillermo Martínez idazleak eta Calpurnio historietisteak parte hartuko dabe garagarrilaren 4an eta 5ean. Zientzia eta Teknologia Fakultadeko (UPV/EHU) Raúl Ibáñez irakasleak zuzenduta, honako honeek izango dira mintegiko irakasleak: Marta Macho, Pedro Alegría, Elena Asins (2011ko Arte Plastikoen Sari Nazionala); José María Yturralde (margolaria, abstrakzino geometrikoaren adierazgarri onenetako bat); Guillermo Martínez, (idazlea, honako lan hauen egilea: Los crímenes de Oxford, La muerte lenta de Lucinda B eta Borges y la matemática); Calpurnio, umore grafikoko artistea, El bueno de Cuttlas seriearen egilea, eta maila handiko beste hizlari batzuk; Bilboko Arte Ederren Museoko historialari César Ochoa; José María Sorando Muzás, Matemáticas en tu mundo blogaren egilea; Paco Gómez dibulgatzailea eta Iratxe Fresneda kazetaria eta Ikus-entzunezko Komunikazinoko irakaslea.
Artea gizakiak bere ideiak, emozinoak eta mundu ikuskerea adierazoteko modutzat hartzen badogu, agirikoa da zientziak (eta, batez be, matematikak) loturea dauela arteagaz eta haren adierazpide desbardinakaz. Gaur egun ez gaitu harritzen bien arteko lotura estuak, nahiz eta tradizinoz gizarteak matematikak garun jarduera bategaz lotu izan dauen, eta artea, barriz, jarduera emozional eta sortzaile bategaz. Artearen eta matematikearen (oro har, zientziaren) arteko loturea askotarikoa izan daiteke: tematikoa, egiturazkoa, analitikoa, baita sormen iturri be. Azterlan batzuek paralelismoak be ikusten ditue garai bakotxeko arte mobimentuen eta teoria zientifiko eta matematikoen artean. Gainera, emoitza matematiko batek bere egileari eskaintzen deutson edertasun estetikoa harmonia arkitektonikoak, dotoretasun literarioak edo pintura baten ikus eraginak eskaini leikenaren parekoa da. Mintegi honetan lotura horren zenbait adibide aztertzeko aukerea izango da, eta artearen eta matematikearen arteko alkarrizketa edegi bat egingo da, baita artista, matematikari eta bi gaietako adituen artean be. Arte bisualetatik hasi (pinturea, kulturea, zinemea...), arte eszeniko eta musikaletatik igaro, eta arte literarioetaraino (narratibea, poesia...).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!