Euskerea eta euskal gaiak landuko ditue asteon Oxforden
2012-06-19 18:44 jardunaldiakEuskereak eta euskal gaiak leku berezia izango dabe XV Forum for Iberian Studies jardunaldietan, Oxfordeko Unibersidadean. Bagilaren 20tik 22ra, Euskal Herriko 18 hizlarik hartuko dabe parte jardunaldietan.
Euskereak eta euskal gaiak leku berezia izango dabe XV Forum for Iberian Studies jardunaldietan, Oxfordeko Unibersidadean. Bagilaren 20tik 22ra, Euskal Herriko 18 hizlarik hartuko dabe parte jardunaldietan, 16k euskal gaiak izango ditue berbagai, eta seik euskeraz jardungo dabe, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazo dauenez.
Etxepare Institutuaren irakurle Xabier Paya izan da ekimenaren sustatzaileetako bat. Irakurleen programearen helburuetako bat holango jarduerak antolatzea da, euskerea eta euskal kulturea nazinoartean ezagutarazoteko eta prestigioa emoteko. Mari Jose Olaziregi Etxepareko Euskarearen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria be han izango da.
Dana dala, katalana, galegoa, gaztelania, ingelesa eta portugesa be entzungo dira Oxforden. Jardunaldien hasierako hitzaldian, berbarako, Bernardo Atxagak, Isabel Capeloa Gilek, Josep Anton Fernandezek, Jose Manuel Sandek eta Rob Stonek hartuko dabe berbea.
Immigrazino korronteek eta hedabide zein teknologietarako sarbideak azken urteetan herrien izaerea ulertzeko eta azaltzeko moduan eragindako aldaketak aztertuko ditue Oxforden. Euskal hizlarien artean izango dira Beatriz Zabalondo, Josu Amezaga, Lourdes Otaegi, Nekane Parejo, Itziar Azpeitia Iruretagoiena, Maria Gonzalez Arbisketa, Amaia Nerekan eta Estitxu Garai, Ibai Atutxa, Izaro Arroita Azkarate, Ur Apalategi, Xabier Paya eta Iker Arranz. Horrezaz gan, Oscar Alvarez-Gilak, Mari Jose Olaziregik, Miren Gabantxo-Uriagerekak, Iratxe Martin Esparzak eta Larraitz Ariznabarreta Garabietak be parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!