Kultur jarduerak eta sozialak izango dira Elorrion garagarrileko astegoienetan

Bizkaie! 2012-06-18 13:07   kulturbiz

Garagarrileko astegoienak jarduera musikal, artistiko, kultural eta sozialez beteta egongo dira Elorrion, Udak Elorrion programako egitarauagaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elorrioko Udalaren ordezkariek jakinarazo dabenez.

Garagarrileko astegoienak jarduera musikal, artistiko, kultural eta sozialez beteta egongo dira Elorrion, Udak Elorrion programako egitarauagaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elorrioko Udalaren ordezkariek jakinarazo dabenez. Elorrioko Tola Jauregian egin dan aurkezpen-ekitaldian, Josune Ariztondo Kulturako foru diputaduak, Ana Otadui Elorrioko alkate andreak eta Aitor Iriarte Musikaireko programatzaileak Elorrion egingo dan udako jaialdiaren kultur agenda aurkeztu dabe. Holan, Musikaire jaialdia bagilaren 29tik garagarrilaren 29ra bitartean egingo da eta emonaldi ugari eskainiko ditu, besteak beste, Basilikan egingo diran musika klasikoko kontzertuak; Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Gehi Zazpi taldearen biolontxelo kontzertua eta Alos Quartet izango dira bertan. Kontzertu horreek bagilaren 29an eta 30ean eta garagarrilaren 1ean eskainiko dira, eta aurtengo edizinoko lehenengoak izango dira.

Garagarrilaren 6an, Elliot Murphyren kontzertua izango da Tola Jauregian, eta, leku horretan bertan, garagarrilaren 7an, Luisa Sobral entzuteko aukerea egongo da. Garagarrilean honako honeen emonaldiak be egongo dira: Tricicle, Arte-an, Travelling Brothers Big Band, Treatrapo, Morboria, Hazmat Modine, Fatoumata Diawara, Korrontzi, Logela Multimedia & Prod Imperdibles eta Morboria.

Musikaire jaialdiaren eskaintzaz gan, Elorrioko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu, Zure bidean, Elorrio, en tu camino izenburupean, eta ibilbideak egingo dira udalerriko zenbait lekutan zehar. Honako honeek dira eskaintzen diran aukerak: Zenita Verde ezagutzea, Berrio Otxoaren bizitzaren barri jakitea, eta haren bizitzan erreferenteak izan diran lekuak ezagutzea, baita Elorrioko jauregiak eta basilikea be.

Bestalde, bagilaren 23an, goizez, eleiz atarian eta San Juan plazan, literatura, musika eta komikien zaleentzako hitzordua egongo da, Kultur Azokan.

Garagarrilaren 4an, Balentin Berrio-Otxoaren egunean, Neure amatxo maitia ekitaldia egingo da Sortzez garbiaren Basilikan, 17:30ean. Vietnamen egoala Berrio-Otxoak bere amari bialdu eutsozan gutunak irakurriko dira, musikaz lagunduta. Arratsaldeko 20:00etan, barriz, Berrio-Otxoa Abesbatzak kantauko dau Santa Ana komentuan.

Garagarrilaren 12an, aire zabalean, Hilean Behin.doc programako dokumentala ikusi ahal izango da Elorrioko plazan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu