Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak Joxe Anjel Iribar omenduko dau gaur

Bizkaie! 2012-06-18 11:52   Euskerea berbagai

Bai Euskarari Laguna saria jasoko dau Athletic Clubeko atezain ohiak euskerearen normalizazinoaren alde urte honeetan guztietan egindako lanagaitik.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak Joxe Anjel Iribar futbolari ohia omenduko dau gaur, bagilak 18, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dauen ekitaldi nagusian. Hain zuzen, Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak Bai Euskarari Laguna saria emongo deutso Athletic Clubeko atezain ohiari euskerearen normalizazinoaren alde urte honeetan guztietan egindako lanagaitik. Lehenengo bi edizinoetan Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusi ohiak jaso eben Bai Euskarari Laguna saria.

Ekitaldi berean, Ziurtagiriaren Alkarteak Bai Euskarari Sariak banatuko ditu. Sarituak Bai Euskarari Ziurtagiria daben entidadeen artean atara ditue, eta aurreko bi edizinoetan legez, sarituak bi dira: Arlan eta Skunkfunk, hain zuzen be. Sari honeekaz, Ziurtagiriaren Alkarteak bere bezeroek euskerea enpresan txertatzeko helburuagaz aurrera eroandako ekintzak nabarmendu nahi ditu.

Aurreko urtean, Refractarios Kelsen enpreseak eta Tolosako Hirukide ikastetxeak jaso eben saria, eta lehenengo edizinoan, barriz, JEZ Sistemas Ferroviarios enpreseak eta IMH-Makina Erremintaren Institutuak jaso eben.

Ekitaldi nagusian Bai Euskarari Ziurtagiriak grabau barri dauen iragarkia be aurkeztuko da. Iragarki barrian Ziurtagiridunak dira protagonista, eta eurekana jo da Bai Euskarari Ziurtagiriaren balio erantsia gizarteratzen laguntzeko. Danetara, sektore desbardinetan lanean dabilzan eta Bai Euskarari Ziurtagiria daukien zazpi protagonisten hitzak jaso dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu