Euskal sortzaileon arteko I. Topaketak garagarrilaren 2an eta 3an

Bizkaie! 2012-06-12 18:15   kulturbiz

Hainbat euskal sortzaileren eskaereari erantzunez, Ahotseneak euskal sortzaileen arteko I. Topaketak antolatu ditu. Helburuak dira euskal sortzaileok alkar ezagutu, euskal sorkuntzearen egungo egoerea alkarregaz aztertu eta balizko urtenbideak proponidutea.

Hainbat euskal sortzaileren eskaereari erantzunez, Ahotseneak euskal sortzaileen arteko I. Topaketak antolatu ditu. Helburuak dira euskal sortzaileok alkar ezagutu, euskal sorkuntzearen egungo egoerea alkarregaz aztertu eta balizko urtenbideak proponidutea.

Euskal sortzaileak gara. Eta euskal dinogu euskeraz sortzen dogulako. Politika egiteko kultura barria aldarrikatzen dan sasoiotan, kultura politika barriak eskatzera gatoz, Euskal Herriak ez dauelako gaurdaino ezagutu bere kulturea jaso, gorde, maitatu eta transmisinoaren bitartez biziraupena bermatzeko ganorazko ahaleginik erakunde publiko edota alderdi politikoakaitik. Kulturea ezinbestekoa dogula onartzen dogu euskal herritarrok. Gitxik ukatuko dabe personak kulturaduna izan behar dauela nor izateko. Aldarrikapen politiko zein sozialetan parte hartzeko deitzen gaitue sortzaileok, bestela aspergarriak litzatekezan ekitaldietan gure kantuak, gure bertsoak, gure berbak, gure keinuak, gure irudiak ezinbestekoak ei jakez, sarritan betelanerako edo iluna dana edertzeko badira be.

Herritarrak garelako egingo dogu bat aldarrikapen batzuekaz, sortzaileak garen neurrian besteenakaz. Baina eraginkorrak izango diran kultura politikak hausnartu, eztabaidatu eta adosterakoan, gutaz ahaztu egiten dira edo gitxi batzuk, ezertarako balio ez daben foroetara deitzen gaitue. Eta egin geinkezan ekarpenak euren interes elektoralistetan baliogarriak badira, euren burutazinotzat plazaratzen ditue. Kulturea, hain gitxi euskerazkoa, ez da izan, orain arte, ezelango ordezkaritza politikoren lehentasun. Euskal sortzaileok erabagiguneak behar doguz. Kultura-politikak, euskalgintzeak eta euskal kulturako hartzaile, sortzaile zein eragileok eztabaidatu, adostu eta gauzatu behar doguz. Eta inork ez deuskunez antzeko aukerarik eskaintzen, guk geuk sortuko deutsaguz aukerak euskal kultureari.

Azpeitiko topaketetara honakoak deitu gura doguz: euskeraz sortzen daben guztiak, berbea agirian erabili zein ez, euren burua euskal sortzailetzat daben herritar guztiak: idazleak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, gidoilariak, zuzendariak, jantzariak, margolariak, eskulturagileak, irudigileak…


Euskal sortzaileon arteko I. Topaketak. Egitaraua:

- Garagarrilaren 2an, 10:00etatik 14:00etara, Egungo egoerearen diagnosia nork bere kultura adierazpidetik, norberak bizitakotik. Arratsaldez, 16:00retatik 19:00etara. 19:30ean, Askarako zikloaren 2. mahai-ingurua: Zergatik ez da ikusgarria euskal kulturea hedabideetan?

-Garagarrilaren 3an, 10:00etatik 14:00etara, Sortzaileok geure burua antolatu geinke?


Izena-emoteko: bialdu mezua info@ahotsenea.net helbidera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu