Unamunoren heriotzearen 75. urteurrena gogoratzeko programea zabalduko dau Jean-Claude Rabaték
2012-06-08 15:34 kulturbizParis III-Sorbonne Unibersidadeko Zibilizazino Espainiarreko katedradun Jean-Claude Rabaték, Miguel de Unamunok, jaio zanetik, 1930ean erbestetik itzuli zan eta Bilbo azken aldiz bisitau eban arte, bere jaioterriagaz izan eban lotura indartsu eta eten bakoa azalduko dau berbaldian.
Bidebarrieta Kulturguneak, Kultura eta Hezkuntza Sailak Miguel de Unamunoren heriotzearen 75. urteurrena ospatzeko antolatu dauen programazino berezia inaugurauko dau astelehenean, bagilaren 11n. Uda ostean jarraipena izango dauen berbaldien zikloa astelehenean zabalduko da, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko egilearen bizitzan eta lanean mundu osoko aditu nagusietakoa dan Jean Claude Rabatéren eskutik.
Rabatégaz batera, bere emazte eta ikerketa guztietan ohiko laguntzaile dan Colette Rabaté etorriko da. Emazteagaz batera Miguel de Unamuno. Cartas del destierro (Ediciones Universidad de Salamanca) lana argitaratu barri dau, erbestetik, egileak bere adiskide onenetako batzuei sei urte baino gehiagotan bialdu eutsezan gutunak batzen dituan ikerketa lan zorrotza. Adiskide horreen artean Wenceslao Roces dago, geroago Alderdi Komunistako kide izango zana eta garai haretan Salamancan Zuzenbide Erromatarreko katedradun zana.
Miguel de Unamuno: desde Bilbao hasta Bilbao (1864 – 1930) izeneko berbaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da eta ekitaldiaren buru Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hezkuntza Zinegotzia izango da; José Antonio Ereño idazle eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak egingo ditu aurkezpen lanak. José Antonio Ereño aditua da Miguel de Unamunoren bizitzan eta lanean, eta egilearen irudiaren inguruko hainbat azterlan argitaratu ditu.
Joan dan abenduaren 31n bete zan Unamunoren heriotzearen 75. urteurrena dala eta, Bilboko Udalak kultur programa osoa diseinau dau. Programa horretan, filosofo, idazle eta pentsalari bilbotarraren bizitzeagaz loturea daben Bilboko lekuetatik egingo diran bisita gidatuak sartzen dira, besteak beste. Horrezaz gan, idazleak egindako marrazkiez osotutako erakusketea, musika kontzertuak, irakurketak, zinema emonaldiak eta astelehenean inaugurauko dan hitzaldi zikloa izango doguz. Guztia, bilbotar handienetako baten bizitearen eta lanaren zenbait alderdi gogoratzeko eta ezagutarazoteko.
Beti Bilbo
Paris III-Sorbonne Unibersidadeko Zibilizazino Espainiarreko katedradun eta, Colette Rabatégaz batera, Miguel de Unamuno. Biografía liburua idatzi dauen Jean-Claude Rabaték, Miguel de Unamunok, jaio zanetik, 1930ean erbestetik itzuli zan eta Bilbo azken aldiz bisitau eban arte, bere jaioterriagaz izan eban lotura indartsu eta eten bakoa azalduko dau berbaldian.
Miguel Unamunorengan eta bere ingurune sozialean eta politikoan espezialista handia eta Salamancako Unibersidadeko Unamuno Museo Etxeko ikerlari dan Rabaték makinatxu bat liburu daukaz, besteak beste, 1900 en Salamanca (Ediciones de la Universidad de Salamanca, 1997), Guerra de ideas en el joven Unamuno 1880-1900 (Biblioteca Nueva, 2001) eta egile bilbotarraren saiakera lanen edizino kritikoa En torno al casticismo (Cátedra, 2005).
Miguel de Unamuno (2009) lanari jagokonez, berrogei urte baino gehiagotan egin dan Unamunoren lehen biografia da, argitaratu bako dokumentuetan oinarritua. Biografia honek, bost hamarkada baino gehiagoz Espainiako politika eta kultur biziteagaz loturiko bizipenak eta ekintzak izan zituan intelektualaren nortasuna definiduten dau barriro. Gaztaroko eta zahartzaroko koaderno autobiografikoak, gutun ugariak —horreetako batzuk argitaratu bakoak— Espainiako eta Hego Amerikako egunkarietan egindako ehunka kazetaritza lan eta prentsatik ataratako hitzaldi kontaezinak lako iturri barriei esker, izaera polifazetikoaren irudi publiko eta pribatua nabarmentzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!