Enkarterrietako Museoa barriztu egin da eta leku gehiago dauka erakusketetarako eta ekintza didaktikoetarako

Bizkaie! 2012-06-07 18:45   kulturbiz

Enkarterrietako Museoa 1994. urtean inaugurau zan eta urteotako ibilbidean bilakaera nabarmena izan dau, beti kultur ekintzak ugaritu eta hobetzen, aldibaterako erakusketei lekua eginik eta urtero-urtero haziz doan erakusketa iraunkor sendoa atondurik, Enkarterriko ondarea eskuratzeko egiten dauen ahaleginari esker.

Enkarterrietako Museoak aurrerantzean izango dauen arpegi barriztuaren aurkezpena egin dabe egunotan. Azken hileotan Museoaren barrukaldea eraldatzeko lan egitarau mardula garatu da, eta horren ondorenez, espazio gehiago lortu da ekintza didaktikoetarako eta aldibaterako erakusketetarako. Aldaketa horri esker, Museoak hobetu egingo ditu kultur eskaintza eta Bizkaiarentzat, eta batez be Enkarterrirentzat, dauen erakargarritasuna.

Barrikuntza horreek aurkezteko ekitaldian izan da Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Javier Barrio Museoko zuzendaria eta Ainara Arranz didaktika arloko arduraduna lagun izan dituala. Aurkezpen ekitaldian Madariaga andreak egin dauen hitzaldian adierazo dau Abellanedako Batzarretxean dagoan museo hau eten barik dagoala barritzen eta egokitzen, beti Bizkaiko gizarteak eskatzen dauenari erantzun egokia emoteko asmoz eta museo bizia dala, arima eta guztiko museoa, urtero-urtero ia hamar mila eskola-umek bisitetan dabena.

Enkarterrietako Museoa 1994. urtean inaugurau zan eta urteotako ibilbidean bilakaera nabarmena izan dau, beti kultur ekintzak ugaritu eta hobetzen, aldibaterako erakusketei lekua eginik eta urtero-urtero haziz doan erakusketa iraunkor sendoa atondurik, Enkarterriko ondarea eskuratzeko egiten dauen ahaleginari esker. Era berean, eta beste jarduera batzuen artean, ikastetxeei begirako ekintza pedagogikoak egiten dira, baita argitalpen zientifikoak bultzatu be.

Museoaren ibilbide horretan, bada, hasierako ikuspegi haretatik, non museoaren espazioa erakusketa-leku soila zan, ikusleen eta ikusgai egozan bildumen arteko hartu-emona erakustaretoetan bertan gauzatzen zan, beste planteamentu batera jo da, izan be, bildumak bisitariei hurreratzea erakusketen gainetik dago. Hurreraketa hori lortzeko, bada, zenbait estrategia erabili dira, esaterako, ikuspegi didaktikoagoa (hezkuntza eta jolasbideko jarduerak) edo ikuspegi zientifikoagoa (argitalpenak, hitzaldiak, aldibaterako erakusketak).

Herritarrek eskatzen eben horretara egokitu beharraren eskutik etorri da espazioetan be aldaketak egin beharra, espazioak planteamentu barrietara egokitu daitezan. Azken hileotan egindako atonketeagaz aldatu egin da espazio batzuk jatorriz eukien zeregina eta, esate baterako, lekuz aldatu eta hobetu egin dira ekintza didaktikoetarako eta aldibaterako erakusketetarako egozan espazioak, erakusgai dagozan edukinak zabaltzeko eta horren parean egin daitekezan jardueretarako espazioak lortzeko.


Ekintza didaktikoetarako eremu barria

Arlo horrek bilakaera handia izan dau, bai partaideen aldetik (azken urteotan urteko 9.000 eskola-ume inguruk erabili dau), bai egindako ekintzen ugaritasunaren aldetik. Espazioetan egin diran aldaketei esker, Museoak kultur ekintza barriak egin ahal izango ditu, daborduko gauzatzen diran tailerron lagungarri: Sortu dezagun gure munstroa, Bizi zure kontua, Historiaurreko tailerra, Erdi Aroko Tailerra, El Pobaleko burdinolarekin batera egindako ekintza.


Aldibaterako erakusketen eremua

Erakusketa osotuagoak, erakargarriagoak eta ulerterrazagoak lortu eta, erakusketa hutsez harago joanda, erakusketen edukinen zabalkundea egiteko jarduerak sortzea bideratzearren, zabaldu egin da espazio horreei eskainitako lekua eta, era berean, luzatu egin dira erakusketak. Lehen Geografiari eta Historiaurreari eskainita egozan erakustaretoak berratondu eta lekualdatuz lortu da espazio-banaketa barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu