JosAnton Artzeren lehen etapea ikertu dau Belen Oronoz tesi-egileak

Bizkaie! 2012-06-06 11:31   kulturbiz

Ez Dok Amairu oro har aztertzetik, JosAnton Artze (Usurbil, 1939) ikertzera igaro da Belen Oronoz euskal filologoa UPV/EHUn defendidu dauen tesian. Euskal kantagintza barriaren erakusle izan zan taldearen eta haren homologo kataluniarraren arteko konparaketea egin eban bere garaian, Eusko Ikaskuntzak emondako beka bategaz.

Ez Dok Amairu oro har aztertzetik, JosAnton Artze (Usurbil, 1939) ikertzera igaro da Belen Oronoz euskal filologoa UPV/EHUn defendidu dauen tesian. Euskal kantagintza barriaren erakusle izan zan taldearen eta haren homologo kataluniarraren arteko konparaketea egin eban bere garaian, Eusko Ikaskuntzak emondako beka bategaz. Handik etorri jakon Artze sakonago ikertzeko gogoa. Zehatz eateko poeta honen 1969 eta 1979 urteen arteko lana izan dau aztergai, hau da, Harzabal goitizena izan eban garaikoa (gerora Hartzut izengoitia hartu izan dau). Doktore-tesiaren izenburua da: JosAnton Artze ‘Harzabal’: inguruaren eragina poesiagintzan (1969-1979).

Ez Dok Amairun hiru poeta egozan: Xabier Lete, Jose Angel Irigarai eta JosAnton Artze. Ideologiaren aldetik pisu handia eben, letrak egiten zituelako, eta Artzek, gainera, alderdi estetikoa, eszenaratzea, asko zaintzen eban. Ideologiari jagokonez oso ondo islatzen eban orduko garaia, eta esperimentazinoan be baebilen. Saltsa guztietan ebilen, azaldu dau Oronozek. Hamar urte horreetan argitaratu zituan lau poema-liburuetan oinarritu da tesi-egilea: Isturitzetik Tolosan barru (1969), Laino guztien azpitik (1973), Eta sasi guztien gainetik (1973) eta Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979). Gainera, Artzegaz beragaz be berba egin dau, bai eta prentsa-artikuluak irakurri be. Esaterako, alkarrizketa batean harek esana da orduan kanpotik barrurant' ikusten ebala mundua (hortik, Harzabal), eta horixe izan da, hain zuzen, Oronozen tesiaren abiapuntua: Testuinguruak eragiten eutsonn, eta horixe islatzen dabe haren olerkiek. Hori ikertu dot nik: kanpoak zelan eragin deutson berari eta haren olerkigintzeari.


Konpromisoa eta esperimentazinoa

Hain zuzen be horregaitik, kulturalismoak emoten dauen ikuspegia erabili dau Oronozek ikerketarako: Literatura-lanak botereagaz daukan loturea ikertzen dau kulturalismoak. Artzeren kasuan, hiru bide ikusten dodaz hor: batetik —konpromisoaren barruan—, kontrakulturea eta euskal kultura-frontea; eta bestetik, esperimentazinoa.

Kontrakultureari jagokonez, gizarte kapitalisteak irudikatzen dauen botereari egiten deutso kontra Artzek bere olerki askotan. Besteak beste, aginte-egitura guztien aurrean gizabanakoen askatasuna defendiduten dau kontrakulturearen mobimentuak, moral judu-kristauaren itxituratik iges egiten dau, Mendebaldeko kulturearen arrazoimena baztertu eta bide irrazionalagoak bilatzen ditu, eta ekologismoa aldarrikatzen dau. Oronozek azaldu dauenez, Artzeren lanek bat egiten dabe ezaugarri horreekaz. Ondoko poema honetan, esaterako: Galdu dutenekin elkartuko naiz / bainan, ez / sekulan ez / jokatu ez duenarekin.

Bestalde, euskal kultura-fronteaz egiten dauen aldarrian, Francok irudikatzen dau boterea, eta Artzeren poemak haren kontrako erresistentzia dira. Euskal abertzalea definiduten daben ezaugarriak eta olerkiotan ezaugarri horreei egiten jakezan erreferentziak aztertu ditu Oronozek kasu honetan: lurraldetasuna, identidade-kontzientzia eta oroimen historikoa. Azken horri jagokonez, kultura-frontearen tradizinoa eta modernotasuna buztartzeko egiten dan ahaleginari erreparau deutso gehienbat, eta horren adibidetzat jo dau txalapartearen erabilerea (Artze bera txalapartaria baita) eta ahozko poesiari egiten deutson kimu-barritzea (horixe esan eutson Juan Mari Lekuona poeteak berak, Isturitzetik Tolosan barru argitaratu ebanean). Euskal kultura-frontearen erakusle da, adibidez, poema hau: Ama / amagandik sortu danak / maite du ama / ama / lurra / herria / lurrik gabeko / herririk gabeko / amarik gabeko / seme-alabak. Identifikazino zuzena egiten dau amagaz, lurragaz eta Euskal Herriagaz, azaldu dau tesi-egileak.

Oronozek azaldu dau esperimentazinoa be asko jorratu dauela; 1969a eta 1979a bitartean, batez be: Poesia konkreturako joera eukala esaten zan. Eta sasi guztien gainetik liburuan, adibidez, hondo ilun bat erabilten dau, eta hizkiak hondo horretan agertzen dira, airean bezela. Baditu berba-jokoak be: minbizi-bizimin, koka-kola berbeagaz egindako poemea…. Ikusizko poesia, entzunezko poesia… eta ukimen-poesia be landu dau Artzek joera esperimental horren barruan: Bide bazterrean hi eta ni kantari liburuan, esaterako, papelagaz jokatu nahi izan eban. Papelaren ukimena desbardina da: azala apur bat latzagoa da, eta barrukoa leunagoa.


Belen Oronoz

Belen Oronoz Anchordoqui (Hondarribia, 1974) Euskal Filologian lizentziaduna da. Jon Kortazar Uriarte Euskal Literatura katedradun eta UPV/EHUko Leioako Irakasleen Unibersidade Eskolako Hizkuntzearen eta Literaturearen Didaktika Saileko kidearen zuzendaritzapean idatzi dau tesia. Gainera, Gasteizen defendidu dau Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. Gaur egun, DBHko euskara-irakaslea da Oronoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu