Karmele Esnal ikastolen mobimentuaren sortzaileetakoa hil da
2012-05-31 10:55 kulturbizKarmele Esnal Zulaika irakasle eta ohorezko euskaltzain hil da, 79 urte zituala. Ikastolen mobimentua sortzen eta eregiten parte hartu eban lehenengo andereñoetako bat izan zan. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izentau eban 1998an.
Karmele Esnal Zulaika irakasle eta ohorezko euskaltzain hil da, 79 urte zituala. Ikastolen mobimentua sortzen eta eregiten parte hartu eban lehenengo andereñoetako bat izan zan.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1967an, eta Ohorezko euskaltzaina, barriz, 1998an. Karmele Esnal Orion jaio zan, 1932an, baina zortzi urte besterik ez zituala Donostiara joan zan biziten, familiagaz. Gasteizen egin zituan irakakasle ikasketak. Donostiara bueltau zanean, Elbire Zipitriaren ikastolan hasi zan beharrean, haren teknikak ikasten. Eskola aktibo, dinamiko bat topau neban Elbiregaz. Oso aurrerakoia zan sistema ha, azaldu eban.
Ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle ibili zan. 1955ean sortu eban bere ikastolea, Donostiako Pedro Egaña kalean. Hasikeran, zazpi ume egozan ikastolan. Handik urte batzutara, Artzain Onaren plazako beste leku batera aldatu eben ikastolea, ordurako 35 ikasle zituan-eta.
1960ko hamarkadan, Jarrai antzerki taldean ibili zan, Iñaki Beobide zuzendari zala. Besteren artean, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendigaz jardun eban. 1965ean, Barrian antolatutako lehenengo euskerazko udalekuetan parte hartu eban, eta urte berean Santo Tomas Lizeoan hasi zan irakasle. Bertan ibili zan andereño, harik eta jubilau arte.
1991n Bagera Donostiako euskaltzaleen alkartea sortzeko batzarrean parte hartu eban. Bageraren barruan, Mintzalagun izeneko programan jardun eban, euskerea ikasten ebilzanei laguntzen.
Makinatxu bat artikulu argitaratu zituan Zeruko Argia aldizkarian, Gazte naiz atalean, Maribeltz ezizenagaz sinatuta. Panpin aldizkarian eta Arrate Irratian be ibili zan beharrean.
Hainbat sari eta omenaldi jaso izan ditu Esnalek, besteak beste; 1998an, Euskal Idazleen Alkartearen omenaldia, Jose Antonio Arana Martija, Begoña Bilbao, Andoni Lekuona eta Txomin Peillenegaz batera; 1999an, Anton Abbadia Saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik; eta, 2007an, Sabino Arana Fundazinoak saritu eban, frankismo garaiko ikastoletako beste irakasle batzuekaz batera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!