Bilboko Errekalde auzoak III. Zirkualde jasoko dau astegoienean

Bizkaie! 2012-05-30 15:13   kulturbiz

Errekalde auzoak Zirkualde zirku jaialdiaren hirugarren edizinoa jasoko dau astegoienean (bagilaren 1ean, 2an eta 3an). Jaialdiak, zirkuko arteetan espezializautako estaduko zazpi konpainiaren ikuskizunak eroango ditu auzoko plazara.

Errekalde auzoak Zirkualde zirku jaialdiaren hirugarren edizinoa jasoko dau astegoienean (bagilaren 1ean, 2an eta 3an). Jaialdiak, zirkuko arteetan espezializautako estaduko zazpi konpainiaren ikuskizunak eroango ditu auzoko plazara.

Kultura eta Hezkuntza Sailak maiatzetik aurrera antolatu dituan beste batzuei gehitzen jaken ekimen horren helburua, gure uriko kaleak girotzea eta herritarrei kaleko zenbait arte eszeniko mota hurreratzea da. Horrezaz gan, bertoko taldeei eta gure mugetatik kanpo etorritako beste talde batzuei, euren arte proposamenak jentaurrean aurkezteko aukerea be emon nahi deutse.

Programearen hirugarren edizino honek, Koblakariren, Bizkaiko Malabaristen alkartearen laguntzinoa dauka aurten be. Koblakarik emongo deutso hasierea jaialdiari barikuan, bagilaren 1ean, kalejira bategaz, eta asteburu osoan Errekalde plazaren ingurua animauko dau.

Programazinoak ikus-entzule guztiei zuzendutako 14 ikuskizun batzen ditu, betidaniko zirkuaren elementu azpimarragarrienak buztartuko dituen 7 konpainiaren eskutik: akrobaziak, malabareak edo orekak, kaleko antzerkiagaz, musikeagaz, clown lanagaz edo kabaretagaz fusionatuz. Ikuskizun guztiek, edade guztietako ikusleen parte hartzea bultzatuko dabe, umore bikainez horniduta.

Zirkualde programea bagilaren 1ean, hasiko da, El gran circo de pulgas del Señor Pérez ikuskizun dibertigarriagaz. Ikuskizun horren jatorria XIX. mendean dago, baina orain berrasmau eta eguneratu egin da. Hiru emonaldi eskainiko dira, bata bestearen ondoren, arratsaldeko 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Arratsaldeko 19:30ean, Koblakariren kalejirea hasiko da, eta gaueko 21:00etan, Neska Kabaret euskal konpainiaren txandea izango da.

Neska Kabaret taldeak sentsazinoz betetako bidaia batera eroan nahi ditu ikus-entzuleak, nostalgiatik barre algarara garraiatuz, ilusinotik eta ezustetik igaroz. Lengoaia garaikide eta poetikoan antzeztutako lanean, artisteak bere uniberso personala transmitiduko dau, zirkuko zenbait elementu eskainiz (aireko ikuskizunak, clown-a, magia, kontorsionismoa, etab.).

Zapatuan, hilaren 2an, Debote Enbote taldearen Vademekun ikuskizunaren txandea izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Oraingo honetan, Tadeo clown-ak bere etxeko ateak zabalduko ditu, danek bere liburutegiaz eta liburu bat irakurriz egin daitekeen guztiaz gozau deien. Ikuskizunak magiaz betetako mundura hurreratuko ditu ikus-entzuleak, eta helduek zein umeek oso ondo pasauko dabe. Ikuskizun horren amaieran, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Los Kikolas konpainia izango dogu, Dr. Ficante ikuskizunagaz. Ficante anaiak azokaz-azoka ibilten diran berbalapiko horreetakoak dira, benetako maisuak fabularen eta ilusinoaren artean, eta ezinezko gauzak be saltzeko gai ziran antxinako kaleko saltzaile hareen bizitzan inspirautako ikuskizuna eskainiko dabe.

Domekan, leku berean, eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Xabi Larrea euskal clown-aren eta Up!!! ikuskizunaren eta Circotitoren La risa es bella ikuskizunaren txandea izango da. Up!!! ikuskizunak orekearen eta grabidadearen mugakaz jolasten dau, oso irudi ikusgarriak sortuz, pasinoz, ironiaz eta energiaz betetako pertsonaia baten eszentrizidadeak lagunduta.

Diegueteri, La risa es bella ikuskizunaren protagonisteari jagokonez, pertsonaia absurdua, bihurria, maliziabakoa, zoro samarra eta lunatikoa da, ikus-entzule guztiak umorez betetako bere unibersoan sartzera konbidatzen dituana. Hizkuntza unibersalean egindako ikuskizuna da, emozinoz, jolasez eta ikus-entzuleen partaidetzaz betea; umorea, orekea, malabareak eta barre entsalada ilustratua, haren ikuskizun guztietan ezinbestekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu