Cristobal Balenciaga Museoak hainbat jarduera antolatu ditu bere lehen urteurrena ospatzeko
2012-05-23 14:28 kulturbizGetariko Cristobal Balenciaga Museoak ateak edegi zituanetik urtebete izango da datorren bagilaren 10ean. Ordutik, ia 100.000 lagun izan dira instalazinoetan, Getarian jaiotako jostunaren sorkariak behatzen, eta egun berezi hori aintzat hartuta, museoak hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurrenaren inguruko egunetarako.
Getariko Cristobal Balenciaga Museoak ateak edegi zituanetik urtebete izango da datorren bagilaren 10ean. Ordutik, ia 100.000 lagun izan dira instalazinoetan, Getarian jaiotako jostunaren sorkariak behatzen, eta egun berezi hori aintzat hartuta, museoak hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurrenaren inguruko egunetarako.
Cristobal Balenciaga Museoaren ospakizunak hainbat egunetan izango dira. Ekitaldi nagusiak museoagaz lotutako jarduerak eta jaialdiak izango dira. Maiatzaren 25etik bagilaren 16ra bitartean, museoak hainbat jarduera eskainiko ditu lehenengo urtea bisitariakaz eta museoaren lagunakaz ospatzeko asmoz.
Museoaren arduradunek adierazo dabenez, Cristobal Balenciaga Fundazinoaren bildumearen aurkezpen barria maiatzaren 25ean inaugurauko da, eta beste erakusketa bat be zabalduko dabe, uda amaierara arte ikusgai egongo dana; Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa: XX. mendearen bestelako historia bat aldi baterako erakusketea bagilaren 16tik aurrera ikusi ahal izango da Aldamar jauregian.
Atzera begirako erakusketa honek mendebaldeko bainujantziek mende luze batez izandako bilakaerea dau ardatz. Edozelan be, ez da mugatuko bainujantzien modak XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte izan dsuen bilakaera erakustera, izan be, iragan mendeko historia sozial eta kulturalaren zati bat aztertuko dau.
Urteurrenagaz lotuta izango da ospakizunetarako tarterik be. Batetik, zapartu honetan, maiatzaren 26an, 1930eko hamarkadako modan oinarritutako jaia izango da. Museoko erakusketa-aretoak zabalik egongo dira gau berezi horretan. Koktel bat eskainiko dabe Urki txakolinagaz eta Nardín pintxoakaz batera, eta ekitaldi horretarako musika berezia aukeratuko dabe Dj Makala eta Captain Planet Dj NYC musikariek. Soinekorik onena daroanak sari bat irabaziko dau: gau bat (gosaria barne) Getariako Saiaz hotelean.
Jairako sarrerak Ticketmaster zerbitzuaren bidez eskura daitekez aldez aurretik (18 euro), eta ekitaldiaren egun berean leihatilan be erosi ahal izango dira (22 euro).
Gazar txakolina
Bagilaren 7an, museoa inaugurau zanetik urtebete egingo dan egunean bertan, Cristobal Balenciaga Fundazinoak topa egingo dau museoko bisitariakaz 13:00etatik 14:00etara, Gazar txakolinagaz. Urki upategiak beren-beregi produzidu dau Gazar txakolina, Cristobal Balenciaga Museoaren lehenengo urteurrena ospatzeko.
Gazar txakolina moda-sortzaile handiaren lanean inspirauta dago, eta bolumen esanguratsuak lortzeko sortu eban zeta zurrun eta leunaren izena dauka. Museoko dendan eskuratu ahal izango da txakolina, maiatzaren 25etik aurrera.
Era berean, helburu didaktikoak eta dibulgazinozkoak dituen jarduerak ez dira faltako. Nabarmentzekoa da Mondragon Unibersidadeagaz eta Bartzelonako Elisava diseinu-eskoleagaz batera bagilaren 5ean egingo dan lan-tailerra. Kirol arroparen material eta diseinu barriak izenburupean, diseinuaren potentziala frogatuko dau surfagaz, txirrindularitzeagaz, alpinismoagaz, futbolagaz eta beste kirol batzuekaz lotutako arazoak oinarri hartuta, ehun barriakaz egindako produktu barritzaileen proposamenak egiteko helburuagaz.
Aste horretan bertan, bagilaren 8an, María Ganzabal Learretak (Kazetaritzan doktorea eta EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea) emakumeen aldizkariei eta Espainia errepublikarraren garaiko moda hedapenari buruzko berbaldia egingo dau: Parisko modearen hedapena Espainiako hedabideen bitartez.
Cristobal Balenciaga Museoaren lehenengo urteurrenari eskainitako programea amaitzeko, Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa: XX. mendearen bestelako historia bat erakusketearen komisarioa dan Beverly Birksek erakusketearen edukiez eta jasotako eduki tangentzialak jorratuko ditu luze-zabal, bagilaren 16an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!