14 artista aurkeztu dira Bilbo Zaharreko merkataritza lokalak graffitiz apaintzeko 'Behera Pertsianak' IV. Lehiaketara

Bizkaie! 2012-05-23 11:03   kulturbiz

Epaimahaiak Sebastián Velascoren, Nuria Serranoren (bi horreek 2011ko edizinoan be sarituak izan ziran) eta Juan de la Cruz Irazabalen zirriborroak aukeratu ditu, edizino honetan 14 artistak aurkeztu dituen proiektuen artean.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Behera pertsianak lehiaketearen laugarren deialdiaren proiektu irabazleak ezagutzera emon ditu. Lehiaketa barritzailea, uria zaharbarritzeko Surbisa udal erakundearen eta Bilbo Zaharreko zenbait kultur agenteren laguntzinoagaz antolatu da. Helburua ekimenean parte hartu nahi daben Bilbo Zaharreko saltokietako pertsianak graffiti artistikoakaz apaintzea da.

José Ramón Bañales (Bada), Sergio García Bayón (SC Gallery), José Ramón Bañales (DK Muralismo) eta Borja Buján (Garabat galeria) artistek eta Surbisa Udal Soziedadeko Gorka Olaldek osotutako epaimahaiak Sebastián Velascoren, Nuria Serranoren (bi horreek 2011ko edizinoan be sarituak izan ziran) eta Juan de la Cruz Irazabalen zirriborroak aukeratu ditu, edizino honetan 14 artistak aurkeztu dituen proiektuen artean. Proponidutako diseinuek oso estilo eta teknika anitzak hartzen ditue, eta Mariaren Bihotzaren Plazako 2an eta Gorteak kaleko 10 eta 16 zenbakietan dagozan hiru saltoki apainduko ditue.

Euren arte graffitiak egiteko orduan, artistek, aurkeztutako zirriborroak jarraitu beharko ditue, orokorrean, eta bertako biztanleek graffiti egileen lana zuzenean jarraitu ahal izango dabe, bagilaren 1etik aurrera. Azkenik, bagilaren 2an, hiru lan irabazleak bisitauko dira, eta artistek euren lanak sinatuko ditue, jai herrikoi baten barruan (eguerdiko 13:00etatik 14:00etara).

Kultur proposamen berezi honek hainbat helburu ditu: kaleko artisten lanari duintasuna emotea, izan be, euren lana gero eta leku handiagoa dago hartzen beste espazio batzuetan; Bilbo Zaharra auzoari, bertan gauzatzend agoan birgaitze prozesuan eragina izango dauen irudi modernoa eta deigarria eskaintzea; eta, aldi berean, merkatariei parte hartzeko eta auzoko biztanleei, zuzenean ikustea erraza ez dan artelan bat egiteko prozesuaz gozetako aukerea eskaintzea.

Barrikuntza legez, aurten gai bakarra proponidu da, eta apaindurarako proposamena gai horretan oinarritu beharko da. Holan, diseinuek, kulturen arteko alkarbizitea eta horrek sortzen dauen aberastasuna, auzoaren zaharbarritzea, integrazinoa edo kulturartekotasuna irudikatu beharko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu