'Hitzen hiria' goiburupean, Literaktum 2012 Donostian maiatzaren 21etik 31ra
2012-05-21 12:46 jardunaldiakXII. Literaktum-en helburua literaturearen inguruan pentsaera kritikoa, hausnarketea eta eztabaidea piztea da. Eta hori guztia artearen hainbat hizkuntzari zein disziplinari ateak zabalduz.
Maiatzaren 21a eta 31a bitartean Literaktum jaialdiaren beste edizino bat ospatuko da Donostian. Donostia Kulturak antolatzen dau Jaialdia eta donostiar kultur agendan nahitaezko hitzordua bihurtu da dagoeneko. Jaialdi honen helburua literaturearen inguruan pentsaera kritikoa, hausnarketea eta eztabaidea piztea da. Eta hori guztia artearen hainbat hizkuntzari zein disziplinari ateak zabalduz.
Literaktumeko edizinoetan izan diran konbidaduen artean, idazleak ez eze, kazetariak, zinegileak, aktoreak, pentsalariak, musikariak eta artista plastikoak be izan dira. Antolatutako jarduerakaz gauza bera gertatzen da, hau da, berbaldiak, eztabaidak, tailerrak edota kontzertuak eskaini izan dira orain artean. Jaialdian diskurtsoek, proposamen eszenikoek edota musikeak bere lekua izan dabe, eta, ondorioz, nahasketa eta mestizajea jaialdiaren ikur bihurtu dira.
Jaialdia 1995ean sortu zanetik eta egun oraindino mantentzen dan ezaugarrietako bat sarean lan egiteko izan dauen jokerea izan da; hainbat egoitza batuz eta kultur eragile anitzen alkarlana bultzatuz. Esangura horretan, aurtengo edizinoko Jaialdiaren antolaketan Euskal Idazleen Alkarteak (EIE) aholkularitza lanak bete ditu, DK, Donostia Kulturak EIEgaz sinatu dauen hitzarmenaren testuinguruan. Izan be, hitzarmen honi esker, Literaktum jaialdiaz gan, DK erakundeak EIEren kolaborazinoa jasoten dago beste zenbait programen antolaketan be; horreen artean dira: Kultur Etxeetan egingo diran literatureari lotutako egile ikastaroak, Ibilbide Literarioak izeneko ekimena edota baita Poesia Orduak izenekoa be.
Dana dala, ez da EIE Literaktumek aurten dauen laguntzaile bakarra; izan be, honako honeek be kontuan hartu behar dira: Deustuko Unibersidadea, Musika Parkean eta Koldo Mitxelena Kulturunea.
XII. Literaktum-en protagonista nagusia inoiz baino gehiago literaturea izango da; eta Jaialdian zehar idazle ezagunek eta ez hain ezagunek alkar hartu eta hitzen munduaz gozetako aukerea emongo deuskue. Eduardo Galeano, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Pako Aristi, Mikel Hernandez Abaitua edo Menna Elfyn gure artean izango dira eta horreekaz batera baita honako honeek be: Carlos Yushimito, Txani Rodriguez, Eli Tolaretxipi edo Xuan Bello, Patxi Santamaria aktorea edo Martirio eta Jabier Muguruza musikariak.
Lekuei jagokenez, Kultur Etxeez gan, aurten San Telmo Museoa eta Deustuko Unibersidadea be topagune bihurtuko dira. Kultur Etxeak, barriz, honakoak izango dira: Casares-Tomasene, Ernest Lluch, Loiola, Lugaritz eta Okendo.
Literaktum 2012-ren egitaraua ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!