Berreginen Museoa, zure eskuko telefonoan
2012-05-18 15:47 kulturbizBilboko Berreginen Museoak Android edo Apple eskuko telefonoen erabiltzaileei zuzendutako aplikazinoa kaleratu dau gaur, maiatzak 18a, Museoen Nazinoarteko Egunagaz bat etorriz.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilboko Berreginen Museoak Android edo Apple eskuko telefonoen erabiltzaileei zuzendutako aplikazinoa kaleratu dau gaur, maiatzak 18a, Museoen Nazinoarteko Egunagaz bat etorriz.
Arte klasikoak teknologiari emon deutso bidea, Apple-eri eta Google-eri, hain zuzen, Europako berreginen museo garrantzitsuenetako batean dagozan eduki guztietara sartzeko aukerea emongo dauen aplikazinoa sortuz. Aplikazinoak Museoko bildumako artelan garrantzitsuenetara hurreratuko ditu erabiltzaileak, Erekteioneko Kariatidea, Samotraziako Garaipena, Zeusen Aldarea, Moises edo Olinpiako Hermes, besteak beste.
Obra bakotxaren deskribapen laburra egingo da, artelanaren alderdi garrantzitsuenak jasoz, eta eskulturearen zehetasunen irudiak erakusten dituan galeria bisitetako aukerea be eskainiko da.
Aplikazino barriak arte klasikotik ibilbidea egiteko aukerea eskaintzen dau, artelan bat baino gehiago batzen dituen gaien bitartez. Holan, Periklesen Atenas atalean, K.a. 480an pertsiarrek greziarrak garaitu ondorengo garaietan Atenasek bizi izan eban momentu historikoa eta artistikoa kontetan jaku, eta Afrodita eta Dione, Erekteioneko Kariatidea eta Gabieseko Diana lako artelanak erakusten jakuz.
Joku Panhelenikoak izeneko atalak Delfosko Auriga, Burrukalariak eta Miloko Venus erakusten ditu. Moda kontua atalean, Olinpiako Hermesen eskulturak, Cnidoko Venusak, Laokoonte eta bere semeak lanak eta Belvedereko Apolok edertasunaren kanonak azaltzen deuskuez. Michelangelo eskultorea atalean Moises, Lorenzo Medicikoa, Laokoonte eta bere semeak, Belvedereko Apolo eta Belvedereko torsoa ikusiko doguz. Izaki fantastikoak atalari jagokonez, Sileno eta Dionisio umea, Zeusen Aldarea eta Samotraziako garaipena erakusten deuskuez, besteak beste.
Artelanak erakusteko eregi ziran patioak Patioei eta eskulturei buruz atalean jasoten dira. Beste gai batzuk Grand Tour, Antzerki hutsa, Troia eta Erromatar merkatua dira.
Aplikazinoak Berreginen Museoa izeneko gunea be eskaintzen dau. Bertan ibilbidea egiten da Museoaren fundazinotik, pieza bildumatik eta bere historian izan dituan hiru egoitzetatik.
Azkenik, informazinoaren atalean, Mariaren Bihotzaren Eleizan dagoan erakusketa gunea, fondoak, tarifak, ordutegiak, museora heltzeko planoa, solairuak eta museoak eskaintzen dituan zerbitzu osogarriak azaltzen dira, bisita gidatuak eta tailerrak, marrazketa eta pintura ikastaroak eta espazioen alokairua, besteak beste.
Bilboko Berreginen Museoak zenbait jarduera berezi programau ditu Museoen Nazinoarteko Eguna bisitariakaz batera ospatzeko, Erronka barriak, inspirazino barriak lelopean. Zelan egiten zan?/¿Cómo se hacía? izenburuko dobako bisita gidatuetan, antxina eskulturak zelan egiten ziran erakutsiko jake bisitariei. Bisita gidatuak euskeraz izango dira arratsaldeko 17:00etan, eta gaztelaniaz 18:30ean. Ibilbidea lau eskulturatan zentrauko da: Delfoseko Auriga, Samotraziako Nike, Olinpiako Hermes eta Belvedereko soina. Delfoseko Aurigaren behaketearen bitartez, brontzezko eskulturak zelan egiten ziran azalduko da. Samotraziako Nike artelanak, garai helenistikoan marmorezko eskulturak piezaz-pieza eregiteko jarraitzen zan metodoa erakutsiko deusku. Bisiteagaz jarraituz Olinpiako Hermesen irudia aztertuko da, zatituta agertu dan eskultura bati data jarteko eta lan hori berreregiteko ikerlariek erabilten dituen teknikak ezagutzeko. Belvedereko soinak eskaiolazko kopiek tipologia eskultorikoen berreraikuntzan oso lan garrantzitsua bete dezaketela erakutsiko deusku.
Museoak mundu aldakorrean. Erronka barriak, inspirazio barriak goiburua kontuan izanda, bisita gidatua twiteetako proposamena egin deutse Berreginen Museoak bisita gidatuan parte hartzen daben bisitariei.
Museoen Nazinoarteko Egunaren ospakizunari amaierea emoteko, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Urretxindorra Abesbatzak eta San Antongo Orfeoiak emonaldia eskainiko dabe.
Berreginen Museoa
Museoaren ordutegi orokorra:
• Martitzenetik zapatura: goizeko 10:00etatik 13:30eara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
• Domekatan: goizeko 10:00etatik 14:00etara.
• Zarratuta: astelehenetan eta jaiegunetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!