Bizkaiko Aldundiaren aretoek eta museoek bat egingo dabe Museoen Nazinoarteko Egunagaz
2012-05-17 17:46 kulturbizMuseoen Nazinoarteko Egunak hausnarketa egiteko konbita dakar: museoak iraganaren zaindari eta etorkizuneko transmisore moduan; jardunbide egokien laborategi legez; etorkizuneko eraikitzaile legez; berraktibatzaile, komunikabide barrien garaian; eta barritzaile, gizarte aldaketei erantzuteko eta bisitarien asmoetara egokitzeko.
BFAren pinakotekek, aretoek, galeriek eta erakusketek bat egingo dabe Museoen Nazinoarteko Egunagaz, maiatzaren 18an, barikuan, eta dobako jardunaldiak eta opariak antolatu ditue. Kultura diputadu Josune Ariztondok aurkeztu dau egitasmoa, Museoak mundu aldakor batean. Erronka barriak, inspirazino barriak izenburupean garatuko dan ekimena. Helburua da museoek gaur egungo gizartean daben presentzia eta posizinoa balioztatzea. Hori dala eta, Museoen Nazinoarteko Egunean museoak bisitau deiezala animau ditu herritarrak Ariztondok.
Inoiz baino azkarrago aldatzen dan gizarteari museoen lanaren barri emoteko jarri jako aitatu izenburua egitasmoari, eta horren bidez bi alderdi jaso nahi dira: alde batetik, museoen hazkundea eta bilakaerea eta museoen etorkizuna nabarmentzen da; beste alde batetik, gaur egungo munduan eragin nabarmena daben gaiak batu nahi ditu, tartean klima aldaketea edota komunikabide elektroniko barriak.
Ariztondok nabarmendu dauenez, aurten, Museoen Nazinoarteko Egunak hausnarketa egiteko konbita dakar, museoen eginkizuna abiapuntutzat hartuta: museoak iraganaren zaindari eta etorkizuneko transmisore moduan, hezkuntzan daben eginkizun erabagigarriaren bitartez; jardunbide egokien laborategi legez, ingurumenean eragin arinagoa izango dauen garapen iraunkorrerako; etorkizuneko eraikitzaile legez, iraganetik ikasiz; berraktibatzaile, komunikabide barrien garaian; eta barritzaile, gizarte aldaketei erantzuteko eta bisitarien asmoetara egokitzeko.
Barikurako aurreikusitako jarduera berezien artean, museoek kalera urtengo dabe, gizarteari erakusteko leku horreetan zer egiten den. Ideia hori abiaburu hartuta, Bizkaiko Aldundiak Museotik kalera ekitaldia aurkeztu dau; eszenaratze sinple bat da, antzerki-formatuduna, Bizkaiko museoen jarduerea modu berezi, atsegin eta bisualean sustatzeko sortua. Ekitaldi horretan, Bizkaiko museo batzuetako personaia nagusiek kalera urtengo dabe, Museoen Nazinoarteko Egunaren informazino-orriak banatzera. Eszena batzuk eta jantza- eta akrobazia-ikuskizun txikiak diseinau dira, guztiak kalean antzeztuko diranak. Holan, jenteak kalean topauko ditu gizaki neandertalak, Arkeologi Museoaren eta Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoaren ordezkari legez; pintoreak eta eskultoreak, Arte Eder, Artelan Berreginen eta Guggenheim museoen ordezkari, eta meatzari, olagizon eta arrantzaleak, besteak beste.
Ikuskizunak Bilboko leku enblematikoetan izango dira: goizez, Indautxu eta Moyua plazetan eta Guggenheim Museoaren inguruan egongo dira, eta, arratsaldez, Unamuno plazan, Plaza Barrian eta Arenaleko pasealekuan.
Museoen Nazinoarteko Egunerako museoen eskaintzaren barri ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!