Makinatxu bat ekitaldi Artium-en, Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko
2012-05-16 18:32 kulturbizArtium-ek Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko antolatu dituan jarduerak barikuan hasiko dira, maiatzak 18, 20:00etan. Ordu horretan, erakusketa bi inaugurauko dira: Plágaro eta Premiaren garaia.
10. urtez jarraian, Artium-ek bat egingo du ICOMek (International Council of Museums) bultzatutako ekimenagaz Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko. Aurten ICOMek museoen hazkundea eta euren etorkizunaren eraikuntza nabarmendu nahi ditu, eta baita, klima aldaketea edota hedabide elektroniko barriak be, besteak beste. Museoak mundu aldakor batean. Erronka barriak, inspirazino barriak goiburuak munduak bizi dauen eta gero eta azkarragoa doan aldaketea dau oinarrian eta ideia barriak zabaltzeko teknologia barriek daben eginkizuna.
Artium-ek Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko antolatu dituan jarduerak barikuan hasiko dira, maiatzak 18, 20:00etan. Ordu horretan, erakusketa bi inaugurauko dira: Plágaro eta Premiaren garaia. Alfredo Álvarez Plágarok arabarrak ikuslearen begiradea atrapetan daben margolan berdinak seriea erakutsiko dau: beren erara monumentalak, ez bakarrak eta, funtsean, bardinak eta desbardinak diranak.
Premiaren garaia Picasso-ren momentu honetan ibilbide interesgarrienetakoa daben lau artista garaikidek — Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel García Andújar eta Pilar Albarracín — Guernica-ren inguruan aukera honetarako propio egindako lanen bidez ikuspegi berezi eta barritzailea emon nahi dauen erakusketea da. Inaugurazinoaren ondoren, 21:00etan, Pepo Salazar-ek 3rd WWRequiem piezearen kontzertua eskainiko dau.
Eguna amaitzeko, Telephunken eta Radiofunkens taldeek erritmo elektronikoak eta pop doinuak buztartuz euren lanak aurkeztuko ditue 21:30ean. Telephunken musika elektroniko independentearen talderik garrantzitsuenetako bat da eta funk, jazz, raggamuffin, breakfeat edota latindar erritmoak nahasten ditu. Ernesto-k (DJ Samplers), Raúl-ek (gitarra), Alicia-k (giltzadia), Sergio-k (baxua) eta Parri-k (bateria) telebistako serietatik, pelikuletatik edota musika taldeetatik ataratako scratch-ak eta sampler-ak batzen dituan musika collage bat egingo dabe.
Radiofunkens talde nafarra Imanol Guisado-k (bateria), Julen Laberdi-k (gitarra), Pablo Garcia-k (baxua), Juan Rubio (ahotsa eta gitarra), eta Iñigo Bidegain-ek (sintetizatzaileak) osotzen dabe. 2010. urtean bere lehenengo diskoa grabau ondoren, Nafarroako Gobernuko Artista Gazteen eta Campus Music txapelketak irabazi zituen. Radiofunkens taldeak rock alternatiboa eta pop kutsu handiko doinuak eskainiko ditu.
Lantegia, bisitaldi gidatuak eta performanceak
Museoen Nazinoarteko Eguneko ospakizunak maiatzaren 19an, zapatuan, jarraituko dau Artium-en 12:30ean eta 18:00etan egingo diran erakusketen bisitaldi gidatuakaz. Bisitariek Jose Ramón Amondarain-en Denbora eta premia (Guernica), Picasso-ren Guernica-ren ikono balioari eta mito izaerari buruzko saiakerea; This is Not The End, Ignasi Aballi-k orain gitxi inaugurau eta erakusketa honetarako berariaz egindako lana; David Maroto-k Praxis programarako egindako Illusion-Disillusion; eta erakusketa barri biak, Premiaren garaia eta Plágaro ikusi ahal izango ditu. Gainera, 6 eta 11 urte bitarteko umeek lantegi edegia izango dabe 18:00etatik 19:30era. Lantegirako ez da beharrezkoa aurretik erreserbea egitea eta bisitaldi gidatuetarako 945 20 90 20 telefonora deitu behar da.
13:30etik aurrera eta hiru emonalditan — 13:30etik 14:00etara, 18:00etatik 18:30era eta 19:00etatik 19:30era, Denbora eta premia (Guernica) erakusketa oinarri harturik, Horman Poster kolektiboak After you performancea egingo dau. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra jantzariek leku honetarako propio sortu daben lan artistikoakaz, erakusketan barrena eroango ditue parte-hartzaileak bazter guztiak ezagutzera.
Museoen Nazinoarteko Egunaren ospakizuna 19:30ean amaituko da Menpekotasunen Eguneko Erietxeko lagunek sortutako Band in a box taldearen kontzertu-performance bategaz. Taldea 10 astetan ibili da Artium-en lanean Gernika bonbardeau ebeneko 75. urteurrenaren inguruko proiektuan. Zentro-Museoak gizarteratzeko lankidetza programak ditu erakunde batzuekaz eta besteakaz, lantegi-bisitaldien bidez arte garaikidea jente guztiarengana hurreratzeko asmoz.
Premiaren garaia eta Plágaro erakusketen inaugurazinoa dala eta, astegoien osoan, maiatzaren 18tik 20ra, Zuk nahi duzuna tarifa (zure esku dago pagetan dozun eta zenbat) egongo da indarrean. Gainera, inaugurazinoa, lantegia, kontzertuak, performancea eta kontzertu-performancea dobakoak izango dira (toki mugatua).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!