2012 Euskadi-k 500.000 euro jarriko ditu 28 kultur-ekimen bideratzeko

Bizkaie! 2012-05-16 17:27   kulturbiz

2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea programearen helburu eta balioekaz bat egiten daben ekimenak antolatzeko laguntza ekonomikoen onuradunen barri iragarri dau Fundación 2012 Fundazinoak. Danetara,132 proiektu aurkeztu dira, eta horretatik Jaurlaritzeak 28 aukeratu ditu.

2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea programearen helburu eta balioekaz bat egiten daben ekimenak antolatzeko laguntza ekonomikoen onuradunen barri iragarri dau Fundación 2012 Fundazinoak. Danetara,132 proiektu aurkeztu dira, eta horretatik Jaurlaritzeak 28 aukeratu ditu. Guztira, 500.000 euro bideratuko dira egitasmook gauzatzeko.

Jasotako proposamenen artean 72 Bizkaitik etozan; Gipuzkoatik, 27; Arabatik, 23; Madriletik, 9; eta, Berlinetik 1. Epaimahaia Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko hiru teknikari adituk osotu dabe. Aukeratutako 8 lan ikus-entzunezko jarduerak dira; literatura arloko 2; arkitekturearen ganeko 1; jardunaldi-mintegiak 7; antzerki-proposamenak 6; musika arlokoak 4; arte bisualeko 7; jantzeari buruzko 2; eta aplikazino informatikoen ganeko 1.

Laguntza-programako 500.000 euroen zatirik handiena kultura-edukien produkzinoan jardunean dabilzan alkarte, fundazino zein enpresek jaso dabe. Horreekaz batera, beste makina bat ekimen ipini ditu martxan 2012 Fundazinoak hileotan, besteak beste, Maleta mexikarra eta Gerrea eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketak, Askoren Izenean: pido la paz y la palabra Nazinoarteko Poesia Jaialdia, Arte Garaikideko Zentzua eta Iraunkortasuna proiektua, Uriak Bakean erakunde arteko lankidetza-ekimena, Zinemea eta Gerra Zibila Euskal Herrian Euskadiko Filmategiaren zinema-saio berezia, Gernikako eta Eibarreko bonbardeaketen 75. urteurrenaren omenezko kontzertua, Kukai konpainiaren 1937: gogoaren bidezidorretatik ikuskizuna, Gernika Sutan kale-antzerkiaren bigarren edizinoa, eta Nestor Basterretxearen Agonía de fuego eskulturea.

Programetako jarduera guztiek helburu bera dute eta ardatz beraren inguruan eregi dira, ekimenaren arduradunek azaltzen dabenez, askotariko kultura-jardueren bidez, gogoeta aldarrikatzea, indarkeriaren krudeltasuna salatzea, eta aniztasuna eta bizikidetzea bultzatzea, 2012. urtean sorturiko aukera alferrik ez galtzeko, hau da, orainari lasaitasunez begiratzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu