'Bidegileak' bildumako liburu barriak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2012-05-17 11:37   kulturbiz

Orain arte, 256 bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazino-lanak idatzi eta argitaratu ditue 64 sortako bilduman.

Bidegileak bildumako 62, 63 eta 64 sortak osotu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jerardo Elortza zuzendaria izan dira aurkezpenean, aurtengo biografiak osotu dituen egile gehienakaz batera.

Blanca Urgellen arabera, Kultura Sailaren bilduma kuttuna da Bidegileak, euskeraz idatzita dagoalako, askotan ahaztuta egozan egileak ilunpetik berreskuratu ditualako eta biografiei kutsu personal eta gizatiarra emoten saiatzen diralako.

Bidegileak bildumea orain hogeita hiru urte sortu eban Eusko Jaurlaritzeak euskalgintzan aitzindari izan diran personak eta taldeak ezagutarazoteko eta omentzeko. Ordutik, urtez urte, biografia barriakaz aberastuz eta osotuz joan da bildumea.

Sorta bakotxean, euskalgintzan garrantzitsuak izan diran 4 personari buruzko liburuxka bana dago. 62. eta 63. sortetan, Joseba Altuna eta Mario Onaindia bizkaitarren, Luis Bandres eta Xabier Lete gipuzkoarren, Bruno Etxenike eta Joxemiel Bidador nafarren, Juan Martin Hiribarren lapurtarraren eta Agosti Xaho zuberotarraren gaineko biografiak topauko doguz. 64.ean, barriz, nazinoarteko hizkuntzalariak topauko doguz: Antonio Tovar espainiarra, Yuri Zytsar errusiarra, Rudolf P.G. de Rijk herbeheretarra eta Larry Trask estadubatuarra.

Orain arte, 256 bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazino-lanak idatzi eta argitaratu ditue 64 sortako bilduman.

Sorta bakotxeko 2.300 ale inprimiduko dira, eta, papelean argitaratzeaz gan, euskara.euskadi.net helbidean be topau ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu