'Kultura Barrutik' marka barriaren barruan 100 kultur proposamen baino gehiago izango dira Bilbon
2012-04-27 16:35 kulturbizDanetara, garagarrilean egingo dan Bilboko Kalealdia alde batera itxita, ikus-entzule guztiei zuzendutako 140 ikuskizun eta jarduera egongo dira; danen ezaugarria, uriko barruti guztietan eta batez be kalean, eskainiko dirala da. Izan be, ekimen horien helburua, zenbait kultur proposamen auzoetara hurreratzea, auzo horreetako kaleak animetea eta herritarrek mota horretako ikuskizunakaz hartu-emon zuzenak izatea bultzatzea da.
Maiatzean eta bagilean Bilbok Euskadiko kaleko animazino eta arte eszeniko kultur eskaintzarik garrantzitsuena jasoko dau, Kultura eta Hezkuntza Sailak diseinautako programazinoaren barruan. Tartean zirkua, clownak, magia, antzerkia, kontzertuak zein kaleko bandek eskainitako musika animazinoa eta beste zenbait kultur jarduera izango dira barruti guztietan. Danetara, garagarrilean egingo dan Bilboko Kalealdia alde batera itxita, ikus-entzule guztiei zuzendutako 140 ikuskizun eta jarduera egongo dira; danen ezaugarria, uriko barruti guztietan eta batez be kalean, eskainiko dirala da. Izan be, ekimen horien helburua, zenbait kultur proposamen auzoetara hurreratzea, auzo horreetako kaleak animetea eta herritarrek mota horretako ikuskizunakaz hartu-emon zuzenak izatea bultzatzea da. Horrezaz gan, aukerak emon gura jakez bertako musika eta antzerki taldeei, eta baita estaduko beste proposamen batzuei be, euren lanak jentaurrean aurkeztu deiezan.
Udabarriko programazinoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean Iñaki López de Aguiletak, Kultura Zuzendariak eta Justo Ezenarrok Kultur Programazino Zuzendariordeak. Horrezaz gan, Kultura Barrutik udal marka barria aurkeztu dabe; marka horrek uriko auzoetan aurrera eroango dan Kultura eta Hezkuntza Sailaren programazinoa batuko dau. Kultura Barrutik ekimenak blog-a eta facebook orri bat ditu, herritar guztiek euren barrutian dagoan eskaintzea erraz eta azkar ezagutu deiezan.
Kultur programazino deszentralizatua urte osoan garatuko da. Jarduera gehienak udabarriko hilebeteetan izango dira, izan be, garai horretan kalea eszenatoki lez erabili daiteke, eta proposamen interesgarriak eroan daitekez Udaltegirik edo eszenatoki egokirik ez daben auzoetara.
Eskaintza ugari hori maiatzeko lehen astegoienean hasiko da, Magia Topaketen zortzigarren edizinoagaz. Barrikuntza moduan, programearen aurtengo edizinoa luzeagoa izango da. Maiatza osoa hartuko daben 16 ikuskizun izango dira, Txurdinaga-Otxarkoaga barrutiko plazatan zein Otxarkoagako udaltegian. Horrezaz gan, bestelako jarduerak be egongo dira, tailerrak eta musikea, besteak beste, San Frantziskon, Zabalan eta Abandoko barrutian.
Hurrengo astegoienean, Clown Zorrotzaren hirugarren edizinoa ospatuko da, Feria gunean, zapatuan (maiatzaren 12an) eta domekan (maiatzaren 13an). Arrigorriagako Nazinoarteko Clown Jaialdiarekin elkarlanean antolatutako programan lau konpainiak hartuko dabe parte aurten: La Guasa, Lusco & Fusco, Jam eta Nalúa. Udabarri honetan, baita be, Bilboko Zirkualderen hirugarren edizinoa izango dogu. Ikuskizunak bagilaren 1ean, 2an eta 3an izango dira, Errekalde auzoan, eta estadu mailan erreferente diran zortzi zirku konpainiak hartuko dabe parte.
Antzerkia
Bilboko Zirkuituaren udagoieneko neguko programazinoari jarraipena emonez, oraingo honetan, eszenatokiak Boluetako, San Frantziskoko, Miribillako, Solokoetxeko, Atxuriko, Abusuko eta Indautxuko kaleak eta plazak izango dira. Bertan, Hortzmuga, el clown Ganso & Cia, Picor Teatroa, Circotito, Detraka, Malas compañías, Nalúa edo Trapu Zaharra lako bertako konpainiek hamabi ikuskizun eskainiko ditue bagilaren amaierara arte. Ikuskizun horreen artean, clown-a, zirkuko arteak, akrobaziak eta kaleko antzerkia dagoz. Guztien ezaugarri nagusiak umorea eta ikus-entzuleen partaidetzea bultzatzea dira.
Zinebiklub
Beste alde batetik, Otxarkoagako Udaltegiak Zinebiklub programea jasoko dau bagilean. Hilebete horretan bederatzi saio jasoko dira. Saio horreetan Zinebiko azken edizinoko film labur onenak eskainiko dira.
Jantzea
Dantza Plazetan programeak, gure urian tradizino gehien dauen kultur programetako batek, bere programazinoagaz jarraituko dau. Programa horren helburua euskal folklorea bultzatzea da, plazetan eta kaleetan ospatuko diran erromeria herrikoien, jantzaldien eta kalejiren bitartez. Programazinoak 46 ekitaldi jasoko ditu urte osoan Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan. Aurtengo edizinoaren barrikuntzea Bilboko Larrain jantzearen finkapena da. Izan be, igaz, Bilboko Kalealdiaren barruan Gaztedi taldearen 60. urteurrena zala eta, lortutako arrakastearen ondoren, aurten bigarren edizinoa izango dau, bagilaren 16an, Arenalean.
Musikea
Maiatzeko lehen astegoienean Musikauzo programearen edizio barria be hasiko da. Ekimen horrek, hainbat estilotako kaleko musika banden erritmoz beteko ditu Deustuko, Uribarriko, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako zenbait leku, maiatzeko eta bagileko barikuetan eta zapatuetan. Fanfarria klasikoenaren soinuak eta animazinoa Sugarri Show taldearen eskutik helduko dira, eta, horrezaz gan, hainbat estilotako beste banda batzuk be izango dira, Adiskideak, Ardoa Barrura, Katu Buru eta Cotton Club, besteak beste.
Beste alde batetik, Musikaren Egun Europarraren ospakizuna dala eta, bagilaren 21ean, 22an eta 23an, Deustuan, San Inazion eta Ibarrekolandan, hainbat estilotako musika emonaldiak jasoko dira, Marmara Music lako marching bands izenekoak, musika garaikidea Mr. Jam-egaz eta kontzertuak Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan, Ars Vivagaz, Ensemble Kuraiagaz eta Txistularien Udal Bandeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!