Auñamendik eta Eusko Jaurlaritzeak hiru urteko lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2012-04-25 15:20   kulturbiz

Auñamendi Eusko Entziklopedia 2012-2015 urteen artean osotzeko hitzarmena sinatu dabe Eusko Jaurlaritzearen Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Eusko Ikaskuntzaren presidente Jose Maria Muñoak. Eusko Jaurlaritzeak 500.000 euroko ekarpena egingo dau, entziklopediaren edukiak zuzendu, osotu, eguneratu eta itzultzeko.

Auñamendi Eusko Entziklopedia 2012-2015 urteen artean osotzeko hitzarmena sinatu dabe Eusko Jaurlaritzearen Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Eusko Ikaskuntzaren presidente Jose Maria Muñoak. Sinatutako lankidetzearen arabera, Eusko Jaurlaritzeak 500.000 euroko ekarpena egingo dau, entziklopediaren edukiak zuzendu, osotu, eguneratu eta itzultzeko. Antropologia, Etnologia eta Folklorea, Artea, Historia eta Literatura arloetan sortuko dira eduki gehienak.

Auñamendi Eusko Entziklopediak helburu zehatz batzuk izango ditu hurrengo hiru urteetan; lehentasuna emongo deutse euskerazko edukiak sortzeari, eta lankidetzea bultzatuko da. Jasotako ekarpenen egokitasuna eta kalidadea bermatzeko beharrezko mekanismoak finkatuko dira.

Proiektua eta bere edukiak gizarteratu eta zabaltzeko ahalegina egingo dala nabarmendu dabe aurkezpenean, erabiltzaileek eta kolaboratzaileek ekimenaren barri izateko. Ganera, sarbide edegia eta dobakoa baimenduko da, izan be 2012ko urtarriletik artikulu guztiak Creative Commons lizentziagaz argitaratzen dira.

Auñamendi Entziklopediaren lehenengo iburukia 1969an argitaratu zan, Estornes familiaren ekimenez. 1996an Auñamendi argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak entziklopedia osoa digitalizau, katalogau eta sarean ipinteko akordioa sinatu eben. 2007an sortu zan gaur egungo Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Entziklopediak 150.000 artikulu eta 60.000 irudi baino gehiago ditu. Igaz, miloe eta erdi konsulta egin ziran Auñamendin. Eusko Ikaskuntzak aditu eta kolaboratzailez osotutako sare zabala dauka entziklopedia garatzeko. Iñaki Martinez de Lunaren zuzendaritzapean, eremu bakotxeko arduradunek edukien berrikuspen, ezabatze, eguneratze, sortze eta itzulpenak planifiketan ditue. Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa arduratzen da plataforma teknologikoaz .

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu