Ekitaldi ugari asteotan Eibarren, bonbardaketen 75. urteurrenean

Bizkaie! 2012-04-23 13:10   kulturbiz

2012 Euskadi Fundazinoak, Gernika-Lumo eta Eibarreko alkateekaz egindako erakunde arteko lankidetzearen emoitzea da Hiriak Bakean ekimena. Makina bat ekitaldi antolatu ditue hurrengo asteetan, orain 75 urteko bonbardaketak gogoratzeko.

2012 Euskadi Fundazinoak, Gernika-Lumo eta Eibarreko alkateekaz egindako erakunde arteko lankidetzearen emoitzea da Hiriak Bakean ekimena. Kulturea sendotutea da egitasmoaren helburu nagusia, eta alkarbizitza-balioak zabaltzeko plataformea izatea bere bai. Gernika eta Eibarrek, Euskal Herriko beste herri batzuek lez, bonbardaketak bizi izan zituen orain 75 urte.

Kultur jarduera ugari antolatu ditue apirila eta maiatza artean bai Eibarren bai Gernikan. Apirilaren 27an Eibarren, 22:30 eta 23:30ean, Untzaga Plazan; eta, apirilaren 29an, Gernikan, 22:00etan, Foru Plazan, Itxaropena izeneko oroitzapen-ikuskizun multimedia aurkeztuko dabe. Bonbardaketen hurreratze artistiko honek jantzea, musikea (Iñaki Salvador eta Mikel Laboaren lanak), argia, proikezinoak eta light-painting dalakoak izango ditu osogai nagusi.

Elai-Alai dokumentala jantaurrean aurkezteko hiru hitzordu prestau ditue: apirilaren 26an, Donostiako X. Giza Eskubideen Zinemaldian; maiatzaren 3an, 20:30ean, Eibarreko Coliseo antzokian; eta, hilaren 11n, 20:30ean, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian. Elai Alai oraintsu berreskuratu dau Euskal Filmotekeak. Horrezaz gan, Euskal Filmotekeak, 2012 Euskadi Fundazinoak eskatuta, hainbat dokumenturen hautakea atondu dau, agiri horreekaz Zinema eta Gerra Zibila Euskadin izeneko saio berezia sortu dau. Eusko Jaurlaritzearen zinematografia-propagandarako zerbitzuak gerra sasoian egindako film-bilduma historiko da, hain zuzen be.

Musikea izango da protagonistea apirilaren 28an, Eibarreko Coliseo antzokian, eta hurrengo egunean, Gernikako Lizeo antzokian. Gernikako eta Eibarko bonbardaketen 75. urteurrenaren oroitzapena egiteko kontzertua izenekoa Pablo Sorozabal izango dau orkestra-zuzendaria, eta Garazi Etxeandia biolinista eibartarrak, besteak beste, Mendelsshon-en Biolinerako mi minorreko op 64 kontzertua intrepretauko dau.

Kukai jantza taldearen 1937: oroitzapenaren bideetatik ikuskizuna ikusgai izango da apirilaren 24an, 20:30ean, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian; eta, maiatzaren 11n, 20:30ean, Eibarreko Coliseon. 1937ko maiatzean erbestera iges egin behar izan eben milaka umeen artean, zazpi istorio aukeratu ditu Kukaik, sasoi latzetan irribarre egin daitekeela erakusteko. Juan Mari Beltranen musikeak, Jon Mayaren koreografiak eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzeak osotzen dabe ikuskizuna.

Kalea be eszenatoki izango da apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketearen egunean bertan, 19:00etatik aurrera. Seber Altube auditoriumetik abiatuta, Gernika Sutan kaleko antzerkiaren egingo dabe. Makina bat gernikarrek hartuko dabe parte. Bertan egunean, 11:00etan, Don Tello kalean, Nestor Basterretxearen Agonía de fuego eskulturea aurkeztuko dabe. 1937ko apirilaren 26an Gernikan botatako lehen bonbea jausi zan lekuan bertan ipiniko dabe eskulturea. Indarkeriaren burubakokeria jasan behar izan ebenen gomuteari omenaldia egingo deutsu Basterretxearen lanak.

Apirilaren 25ean, 19:00etan, Eibarreko Portalea kultur etxean, Jesús Gutiérrez historilari eibartarraren El frente de guerra en Eibar lanaren erakusketea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu