Aimara, kitxua eta guaranierako zuzentzaile ortografiko kode edegiko bat garatuko da
2012-04-20 12:58 kulturbizProiektuaren gidaritzan Elhuyar Fundazinoak parte hartuko dau, UPV/EHUko IXA taldeak eta Elekak garatutako euskerazko Xuxen zuzentzaile ortografikoan baitago oinarrituta zuzentzaile ortografiko barria, eta 2012ko irailean egongo da erabilgarri.
Aimara, kitxua eta guaraniera indartzeko asmoagaz, hiru hizkuntza horreetarako zuzentzaile ortografiko kode edegiko bat garatuko dabe CEPOS (Jatorrizko Herrien Hezkuntza Kontseiluak) alkarteek, Kutxa Fundazinoak emondako diru-laguntzinoari esker. Proiektuaren gidaritzan Elhuyar Fundazinoak parte hartuko dau, UPV/EHUko IXA taldeak eta Elekak garatutako euskerazko Xuxen zuzentzaile ortografikoan baitago oinarrituta zuzentzaile ortografiko barria, eta 2012ko irailean egongo da erabilgarri.
Zuzentzaile ortografikoaz gan, software libreko beste programa honeek be itzuliko dira: Mozilla Firefox web-nabigatzailea, GCompris 2-10 urte bitarteko gazteentzako hezkuntza-programea, Tux Paint umeentzako diseinu grafikoko programa bat eta OpenOffice.org ofimatikako programa-paketea. Programa horreek guztiek Windows UNIX, Solaris BSD eta Mac OS X sistema eragileetan erabilteko balio dabe. CEPOSetik adierazo dabenez, ezinbestekoa da hizkuntza gitxituak balioesteko eta horreen erabilerea sustatzeko garai barrietara eta teknologia barrietara egokitzea; bestela, hilteko arriskuan egongo dira. Baliabide horreek guztiak software librekoak izanik, doban eskuratzeko moduan egongo dira.
CEPOS
CEPOS alkarteak Boliviako jatorrizko herrien hezkuntzan parte-hartzea bilatzen daben erakundeak dira. Boliviako Estaduak onartu zituen 1994an eta egun zortzi kontseilu dagoz koordinazino-organo nazionalera batuta. Komunidadeen parte-hartzea bultzatzea eta hezkuntza-politikak garatzea ditue helburu, kultura-aniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik beti be Kitxua, aimara eta guaraniera.
Bolivian egun jatorrizko hogeita hamar nazino eta herritik gora dago, bakotxak bere hizkuntzea dauela. Eta guztiek dabe hizkuntza-ofizialaren estatusa. Hizkuntza horreetatik, aimara, kitxua eta guaraniera dira zabalduenak. 2001eko erroldaren datuen arabera, kitxua 1.510.560 biztanlek erabilten dabe Cochabamban, Potosín, Chuquisacan, eta Oruroren eta La Pazen zati batean. Aimarak 1.243.728 hiztun ditu La Pazen, Oruron, eta Potosí eta Cochabambaren zati batean sakabanatuak. Azkenik, guaraniera 77.121 biztanlek berba egiten dute, Santa Cruz, Chuquisaca eta Tarija departamenduetan.
Normalizazino-prozesuari jagokonez, azkenaldian aurrerapausuak izan dira: hiru hizkuntzak ofizialak dira, eta alfabeto adostuak eta onartuak ditue. Hizkuntza horreen ahozko eta idatzizko erabilerea sustatzeko, lan handia egiten dabilz araugintzan: arau ortografikoak eta gramatikalak adosten dagoz, hiztegi elebakarrak eta elebidunak egiten, termino barriak sortzen, terminología teknikoa garatzen, mailegu lexikalak onartzeko arauak lantzen eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!