Hamabost konpainia izango dira Arrigorriagan Nazinoarteko XVII. Clown eta Pailazoen Jaialdian
2012-04-11 15:57 jardunaldiakHamabost konpainia izango dira maiatzaren 11tik 13ra bitartean Arrigorriagan izango dan XVII. Nazinoarteko Clown eta Pailazoen Jaialdian. Bertan gaur egungo artista eta konpainien proposamen barrienak egongo dira, guztien ardatz nagusia umorea dala
Hamabost konpainia izango dira maiatzaren 11tik 13ra bitartean Arrigorriagan izango dan XVII. Nazinoarteko Clown eta Pailazoen Jaialdian. Bertan gaur egungo artista eta konpainien proposamen barrienak egongo dira, guztien ardatz nagusia umorea dala. Nola Rae, Marcel Gros, Toni Albà, Niño Costrini, Ganso & Cía. eta Jam lako bakarlariek ez eze Circ Hula, PTV Clowns, Hortzmuga, Neto Duet, Elegants, La Güasa, Lusco e Fusco, Bowjangles eta Circ Menut konpainiak be Arrigorriagara hurreratuko dira, zirkoa, antzerkia edo musikan oinarritutako era askotako ikuskizunak eskaintzeko.
Hiru egunetan zehar kaleko antzezlanak izango dira ikusgai Udaletxe eta Juan XXIII plazetan eta aretoko agerraldiak, barriz, kiroldegian eta Lonbo Aretoan izango dira. Azken eszenatoki honetan izango dira sarrera ordainduta ikusi ahalko diran bi antzezlanak, 4 euroko sarrerea ordaindu beharko baita Toni Albà zein Nola Raeren obrak ikusteko. Bestalde, ohikoa dan legez, arreta berezia izan dabe antolatzaileek umeentzako ikuskizunak antolatzen eta, esangura horretan, hilaren 11n, Zirko Eskolea kokatuko dabe Ikastetxe Publikoan; ganerako bi egunetan eurentzat beren-beregi ekarritako proposamenakaz gozetako aukerea izango dabe.
Artisten prestakuntzea
Egitarauan tartekatutako agerraldiez gan, prestakuntza ikastaroa izango da jaialdiaren egun beretan. Aurten, Nola Raek profesionalei zein zaletuei zuzendutako Speaks with no words clown ikastaroa emongo dau.
2012an 17. ekitaldia beteten dauen Nazinoarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiak 1995ean ospatu zan Magia, Pailazo eta Kaleko Artearen I. Jaialdian dau oinarria. Arrigorriagako Udalak antolatzen dauen ekimenak Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izateaz gan, FYM Italcementi Group, BBK, Euskaltel, ADIF, RENFE eta Deia egunkariaren laguntzinoa dauka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!