Billy Wilder zinemagileari buruzko tesia aurkeztu dau Simon Peña EHUko irakasleak
2012-03-27 11:05 kulturbiz2002ko martiaren 27an hil zan Billy Wilder zinemagilea, orain dala hamar urte, hain zuzen be. Hollywooden gidoigile eta zuzendari ospetsu izan aurrettik kazetaritzan jardun eban. Prentsan egindako ibilbidea eta haren filmetan lanbideaz emon eban irudia ikertu dau Simon Peña EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak.
2002ko martiaren 27an hil zan Billy Wilder zinemagilea, orain dala hamar urte, hain zuzen be. Film gogoangarri ugari egin zituan, baina Hollywooden gidoigile eta zuzendari ospetsu izan aurrettik kazetaritzan jardun eban Austrian eta Alemanian. Prentsan egindako ibilbidea eta haren filmetan lanbideaz emon eban irudia ikertu dau Simon Peña EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak Caballeros de la prensa. La imagen del periodismo en el cine de Billy Wilder (Prensako jaunak. Kazetaritzearen irudia Billy Wilderren zinemagintzan) tesian.
Hain zuzen be, Billy Wilderrek zuzendutako 26 filmetan agiri diran 240 kazetariei, eta lanbideagaz lotura estuena dauken Ace in the Hole eta The Front Page pelikulak izan ditu kontuan batez be. Filmotan aitatzen da Prentsaren jaunak esapidea. Personaietako batek beti aitatzen dau hori -azaltzen dau Simon Peñak- kazetariak mespretxatzeko edo harei buruz modu ironikoan edo sarkastikoan berba egiteko. Antza, 'jauna' ohorez betetako berbea da, errespetuz eta euren lanaren ganean begirunea eukiko balebe lez, baina modurik negatiboenean esaten dabe beti.
Dana dala, sarkasmoa nagusi bada be, zinemagileak ofizioaz eukan eritxia ez da hain txarra be, ikerketa-lan honetan ondorioztatzen danez: Mezu ironiko, zorrotz eta mingarri guztien ganetik, kazetaritzaz geratzen dan irudia da funtzino garrantzitsua daukala gizartean, ezinbestekoa dala.
Wilder 1920ko hamarkadan izan zan kazetari, Viena eta Berlingo egunkari sensazionalistetan batez be, harik eta, judua zanez, nazismoaren loraldiagaz batera iges egin eban arte. Sasoi hareetako informazino-iturriei jagokienez, Peñak Andreas Hutter Vienako kazetariak egindako ikerketa-lana aztertu dau, eta Wilderren kazeta-testuz osotutako antologia bi bere bai. Neurri handi batean, lan-esperientzia horretatik abiatuta eregi zituan kazetariak bere filmetan, Peñak azaltzen dauenez: Oso ideia garbia eukan 1920ko hamarkadan egiten zan kazetaritzeaz: kalean ikasten zan eta ez unibersidadean, emakumezkoen presentzia barik, debozinoa eskatzen eban eta ez zan ogibidea beste barik. Ez da autobiografikoa, baina ziur ez jakola inondik inora arrotza egiten, eta berak ezagutu zituan hainbat eta hainbat ezaugarri jarri zituala bere pertsonaien karakterizazinoan.
Kazetari jardun eban sasoiko erromantizismoz erakusten dau lanbidea, nahiz eta filmak askozaz beranduago egin. Kazetaritza sensazionalistea azaldu eban beti, hori ezgautzen eban ondoen-eta. Bere filmetako kolaboratzaile asko kazetari izandakoak ziran. Izan be, Wilderrek lez, lanbidea bertatik bertara ezagutu eben Walter Newman, Lesser Samuels (Ace in the Hole) eta I.A.L. Diamond (The Front Page) gidoigileek.
Wilderren filmak ez dira kazetaritzeari buruzko fikzinoa beste barik, ez dago guzurrik. Kontua da muturrera eroaten dituela ofizinoaren estereotipo negatiboak, dino tesiaren egileak. Peñak aztertu dauenez, film horeetan, kazetarien % 90 gizonezkoak dira, lanak menpean hartzen ditu (% 54,2), lankideak traizionetan ditue (% 37,5), zinikoak dira (% 54,1), manipulazinoa darabile (% 37,5), euren jokabidea ez da etikoa (% 73,1)…
Baina Wilderrek apropos emoten dau lanbidearen irudi distorsionatu hori, kazetaritza sentsazionalistea dauka ardatz. Halan be, estereotipo negatibo eta guzti, kazetariak ez dira horren txarrak Wilderren bisoretik. Erretratua oso gordina eta zorrotza izan daiteke, baina azken finean, haren filmek justifikau egiten dabe kazetaritzearen beharra. Podere politikoaren ustelkeria erakustea, errubakoak defendatzea, ahulen egoera salatzea… Helburu goren horrek zeozelan justifikau egiten ditu kazetariek euki leikezan akats, bizio edo oker guztiak, azaldu dau Peñak.
Eta hain zuzen be, politikarien ustelkeria salatzen danean, igarten da hori dala benetan bere asmoa: Bere filmografia osoan, kazetaritzeari buruzko filmetan egiten ditu politikariei buruzko kritika zorrotzenak. Kazetaritzearen salbamena politikariekaz egiten dauen kontrastetik dator. Kazetariek oker askoeuki leikiez, baina podere politikoak dituanak baino gitxiago dira.
Simon Peña Fernandez (Donostia, 1974) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da. Maria Jose Cantalapiedra Gonzalez EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Kazetaritza II Saileko irakasle titularraren zuzendaritzapean idatzi dau tesia. Gaur egun, sail horretako irakasle alkartua eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikasleen eta Irakaskuntza Antolakuntzako dekanordea da Peña.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!