Bilboko dendakaz ospatuko dau Guggenheim Bilbao Museoak bere 15. urteurrena

Bizkaie! 2012-03-20 14:03   kulturbiz

Bilboko 250 denda baino gehiagok Museoaren 15. urteurrena ospatzeko irudi batez apainduko ditue erakusleihoak, ospakizun hori Bilboko biztanleei eta bisitariei hurreratzeko. Apaingarriak Bilboko dendetan egongo dira martiaren 20tik bagilaren 25era arte.

Bilboko 250 denda baino gehiago batu dira Museoren 15. urteurreneko ospakizunetara, erakusleihoak apainduz. Gaur aurkeztu dabe Guggenheim Bilbao Museoak Alde Zaharreko eta BilbaoCentro dendari alkarteakaz batera antolatutako ekimen bat: alkarte horreetako dendek Museoaren 15. urteurrena ospatzeko irudi batez apainduko ditue erakusleihoak, ospakizun hori Bilboko biztanleei eta bisitariei hurreratzeko. Apaingarriak Bilboko dendetan egongo dira martiaren 20tik bagilaren 25era arte. Ekimen hau Bilboko Udalaren babesari esker, Bilbao Ekintza egitarauaren bidez, garatu da.

Bilboko denda ertainek eta txikiek esku hartu dabe, jardun mota askotakoak, besteak beste, bitxigintzea, argazkigintzea, zapatak, elikagaiak, osasun zentroak eta, batez be, modea, etxeko dekorazinoa eta ostalaritzea. Bilbao Centro eta Alde Zaharreko dendari alkarteek lotu ditue ekimenera dendak; izan be, askok parte hartzea lortu dabe. Aurretik be antzeko ekimenetan esku hartu eben dendari alkarte horreek, Bilbao Centrok 2008an Surrealismoaren gauzak erakusketea dala-eta, eta Alde Zaharreko dendariek 2009an ©MURAKAMI erakusketearen harian. Horreek be arrakasta handia izan eben dendarien artean eta bakoitzean ehun bat dendek esku hartu eben.

Oraingo honetan, Bilboko merkataritza gune handi biek alkarregaz esku hartu dabe Museoaren 15. urteurrenaren ospakizunean eta hirurehun bat dendetan egongo dira apaingarriak udabarri osoan.

Museoaren 15. urteurrenearen inguruko argibide gehiago, bai eta ekimen honen gainekoak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu