Bilbok Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau erdi aroko emakumeen poesiari eskainitako kontzertu-errezitaldiagaz

Bizkaie! 2012-03-19 11:42   kulturbiz

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau datorren eguaztenean, martiaren 21ean, Erdi Aroko emakumeen poesiari eskainitako kontzertu baten bitartez.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau datorren eguaztenean, martiaren 21ean, Erdi Aroko emakumeen poesiari eskainitako kontzertu baten bitartez. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera –sarrerea librea izango da–. Los Músicos de Urueña taldeak hartuko dau parte. Valladolideko talde hori, Erdi aroko poesia abestuan dago espezializauta, eta garai haretako musika tresnak joten ditue, zanfona, lautea (tradizino arabiarra), axabeba (zeharkako xirulea) edo gayda (jatorri bulgariarra dauen gaitea).

Errezitaldi-kontzertu horrek ondare hori jente guztiari hurreratu nahi deutso musikearen eskutik, eta, horrezaz gan, Beatriz de Día edo Hildegard Von Bingen lako musikagileen bizitzeari buruzko zehetasunak azaldu nahi ditu, izan be, euren garaiko gizartearen ohiturak alde batera itxi eta historia bilakatu ziran, euren lanen ahotsean. Los Músicos de Urueña taldeko kideak ondokoak dira: Cesar Carazo (ahotsa eta biolea), Luis Delgado (zanfona, lautea eta perkusinoa) eta Jaime Muñoz (axabeba, chalumeaua eta gayda).

Taldeak orain 25 urte baino gehiago hasi eban bere ibilbidea, Iberiar Penintsulako Erdi Aroko musikeari eta musika haretan oinarrituz garatutako errepertorioei buruzko sorkuntza lan zorrotza aurrera eroateko asmoz. Holan, Los Músicos de Urueña taldeak, garai bakotxeko jatorrizko musika tresnak erabilten ditue eta kantuaren eta musika tresnen bitartez, Erdi Aroko gorte kristinauetako erlijino ekitaldiak, trobadoreen errezitaldiak, jauregi musulmanetako musika gaubeilak eta gizarte sefardiko familia eta erlijino giroko ospakizunak izan eitekezanak irudikatzen ahalegintzen dira.


Erdi Aroko emakumeen poesia

Erdi Aroko alderdirik ezezagunenetako bat emakumeen poesiari buruzkoa da. Holan, alde batetik, Okzitaniako trobairizes izenekoak dagoz eta euren artean Beatriz de Día edo Azalais de Porcairagues azpimarratu behar dira. Beste alde batetik, emakume poeta andalusiarrak be nabarmendu behar dira, Umm al-Ala Bint Yusuf al-Berberiyya edo Waladda printzesea; eta ezin dira ahaztu, besteak beste, erlijino giroko musikea, Hildegard Von Bingenen mailako egileakaz, edo emakumeek sinatutako komentuetako eskuizkribuak.

Hamar urtetik hona, martiaren 21ean, Poesiaren Nazinoarteko guna ospatzen da mundu osoan. Egun hori Unescok bultzatutako ekimena da, herrialde guztietan egiten diran poesia jarduerak ezagutzeko eta poesia funtsezko kultura mota lez sustatzeko asmoz.


Egitaraua:

A Chantar. Beatriz de Día. (XII-XIII. mendeak).
La Tarde. Emakumeen abesti tradizional Sefardia.
El Relámpago. Al- Rakunniya (XII. mendea).
Guy d’Ussel. Maria de Ventadorn.(1180-1215).
Puertas de mi Namorada. Bracha Zephyraren kantutegia.
Asa Sanarey. Muwashaha Femenina. Ibn Arfa Ra-So (XI. mendea).
Kyrie. Hildegarde von Bingen (1098-1179).
Ex illustris. Huelgaseko kodizea. (XIV. mendea).
Ar em al freg. Azalaïs de Porcaraigues (1043 –1075).
Cantos de bodas. Susana Weich-Shahaken kantutegia.
Entre Ave y Eva. Alfonso X.aren kantiga (XIII. mendea).
Kullu meius. Um al-Ala Bint Yusuf al-Berberiyya (XI. mendea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu