Bilbao Arenan egingo dabe aurten 'Break On Stage' jaialdia, jente gehiago batzeko

Bizkaie! 2012-03-02 14:18   kulturbiz

Kaleko kulturen jaialdiaren hamaikagarren ekitaldia izango da apirilaren 21ekoa. Elorrioko Arriola kultur aretoan modu apalean hasi zan Break On Stage eta, hamarkada bat igarota, nazinoarteko erreferentzia bihurtu da breakdance, hip hop eta antzekoetan.

Kaleko kulturen jaialdiaren hamaikagarren ekitaldia izango da apirilaren 21ekoa. Elorrioko Arriola kultur aretoan modu apalean hasi zan Break On Stage eta, hamarkada bat igarota, nazinoarteko erreferentzia bihurtu da breakdance, hip hop eta antzekoetan.

Ekitaldia mazedonia baten modukoa izango da, azaldu dau Imanol Garaizabal antolatzaileak, disziplina ugaritako artistak nahastauko doguz ordu eta erdiko saioan, bakotxak hiru minutu inguruko ikuskizuna eskainiko dau. Kaleko kulturea ordezkatzen daben modalidade asko alkarren alboan ipinita, publiko zabalarentzako emonaldi ikusgarria eskaintzea da euren asmoa. Elorrion hasi, Durangotik eta Bilboko Euskaldunatik igaro eta, igaz arte, Kasillan egin dabe Break On Stage. Aurten, jente gehiago sartu daiten, Miribillara, Bilbao Arena pabilioira, eroan dabe jaialdia. Aurreko urteetako arrakasteak bultzatu gaitu lekualdaketara eta, ganera, Bilbao Arenak malgutasun handia dauka eszenatokia nahieran antolatzeko, azaldu dau Bilboko Udaleko ordezkari Juan Felix Madariagak.

Apirilaren 21ean, iluntzeko 20:30ean hasiko da ikuskizuna. Artista ugari igaroko dira oholtzatik eta, akaso, nazinoartean ospe handiena daukana, Scott Marquese estadubatuarra izango da. Marqueseren bideoek 30 miloe ikusle baino gehiago euki ditue interneten orain arte eta ekitaldirik nabarmenenetan ikusi ahal izan dogu Ameriketan. Dubstep Show dalako ikuskizuna da berea, jantza molde original eta harrigarria, naturearen aurkako mobimenduak emoten dabe dino Garaizabalek. Martxel Arribillaga artista nafarrak egingo dauen bizikleta-ikuskizuna be aitagarria da, zazpi metroko arranplea ipiniko dabe horretarako. Dirt Jump erako hamar bat salto egingo ditu Berakoak BMX bizikleteagaz. Ezequiel Troncoso, barriz, goma ganean akrobaziak egiten ikusiko dogu eta Street Dance erakustaldia be egongo da, Iruñeko Delirium Tremens eta Bilboko Ale Hop taldeakaz. Rapsukleik abeslariak, barriz, gaztelaniazko hip hop onena ekarriko dau Bilbora.

Breakdance lehiaketa bi be egongo dira. Bata, Europako areto barruko breakdance txapelketea izango da eta gorengo mailako lau talde lehiatuko dira: Parisko Vagabond Crew (munduko txapeldunak dira), Bruselako Roochen Crew, Madrilgo Fusion Rockers eta Zaragozako Born Free. Lehiakideen aukeraketea egiteko, aniztasuna bilatu dogu, lau taldekakaz breakdance egiteko molde desbardinak batu doguz, azaldu dau Imanol Garaizabalek. Talde lana eta akrobaziak epaituko ditue. Vagabond Crew izan ezik, ganerakoak ez dira profesionalak, metroko geltokietan-eta honeek taldeok jantzan ikustea ez da arraroa, gero eszenatokira eroaten dozuz eta harrituta geratzen zara. Nazinoarteko izarrei ez eze, bertokoei be lekua egingo deutsie eta, holan, breakdance-aren inguruko beste lehiaketea bertokoentzat da. Apirilaren 21ean bertan, arratsaldeko lauretan, Bilboko BBK Aretoan bertoko gazteei zuzendutako breakdance gudua egingo dabe. Finalista biek, finala Break On Stageko ikusleen aurrean jokatuko dabe ostean, Bilbao Arenan.

Elorrion hasi zanetik, Break On Stage urtero-urtero ibili da barritzen, gero eta kaleko kultur adierazpen gehiago bere baitan hartzen. Dana dala, Imanol Garaizabalek azpimarratu dau, hasierako filosofiari eusten deutsiela, publiko guztiarentzat antolatzen dogu, baina batik bat, gazteek gazteentzat egindako ikuskizuna izatea nahi dogu. Holan, aurtengo prezioak merkeak izango dira, zortzi eta hamar euro artean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu