'2012 Euskadi, Bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea' ekimena abiatu dau Eusko Jaurlaritzeak

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-02-23 14:11   kulturbiz

2012 Euskadi, bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea ekimena aurkeztu dau gaur Blanca Urgell Kultura sailburuak Bilbon; hurrengo hileetako egitarau zabalaren lehenengo ekitaldien barri be emon dau, Maleta mexikarra eta Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketak. Danetara, hogeita hamar proposamen kultural antolatuko ditue urtea amaitu arte.

2012 Euskadi, bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea ekimena aurkeztu dau gaur Blanca Urgell Kultura sailburuak Bilbon; hurrengo hileetako egitarau zabalaren lehenengo ekitaldien barri be emon dau, Maleta mexikarra eta Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketak. Danetara, hogeita hamar proposamen kultural antolatuko ditue urtea amaitu arte. Kulturako sailburuorde Antonio Rivera, Kultura Sustapeneko zuzendari Mikel Toral eta 2012 Fundazinoko buru Pello Gutierrez be prentsauarrekoan izan dira.

Gernikako, eta Euskal Herriko beste makina bat herriren, bonbardaketearen 75. urteurrena dala-eta ospakizun berezia egin gura dau Eusko Jaurlaritzeak. Kulturearen bitartez, tolerantzia, bakea eta biolentzia ezaren ganeko gogoetea bideratzeko asmoa erakutsi dau Urgellek. Posible da kulturearen bidez, gizarte demokratiko baten oinarriak eregitea. Horregaitik, kultura arloko jenteari, eta herritar guztiei, deialdia egin gura deutsegu urte honetako ekitaldietan parte hartzeko, azaldu dau Kultura sailburuak.

2012 Euskadi, bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea antolatzeko 2012 Fundazinoa sortu dabe. Egitarauko lehenengo hitzordua zezeilaren 27an abiatuko da, Bilboko Arte Eder Museoan edegiko daben Maleta mexikarra erakusketeagaz. Robert Capa, Gerda Taro eta David Seymourrek gerra sasoian Euskal Herrian atarako argazkiak izango dira ikusgai. 1995ean Mexiko Urian maleta baten, galdutzat egozan 4.500 argazkiren negatikoak agertu diran. Hiru gerra-argazkilariek argazki ezezagunak batuko dira erakusketan, gehienak Seymourrek erretaguardian egindakoak. Erakusketa ekartea ez da erraza izan, hil askoko lana izan da, azpimarratu dau Kultura Sustapeneko zuzendari Mikel Toralek.

Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak argazki-erakusketa ibiltaria Gernikan hasiko da, ondoren, Donostian, Eibarren eta Bilbon egongo da. Hogeita hamabi gerra-erreportari grafikok hartu dabe parte, Gasteizeko Periscopio erakusketearen komisario Paco Valderrama gidari dabela. Argazkilari bakotxak bere bina irudi aukeratu ditu, bata bakea irudikatzeko, eta bestea, gerrea. 1958tik munduan izandako gerren argazkiak jaso ditue erakusketeak, egileen euren eskutik. Argazkilarien artean, Barnett, Samuel Aranda eta Carole Cole dagoz.

Ostean, martitik aurrera, Zentzua eta iraunkortasuna arte-proiektua ipiniko dabe martxan Urdaibain. Naturearen, lurraldearen eta espazio publikoaren ganeko esku-hartze artistikoz osotutako UrdaibaiArten egitasmoak abiatuko dau ekimena. Hainbat artista ezagunek hartuko dabe parte, tartean, Liam Gillickek, Maider Lopezek, Rafael Lozano-Hemmerrek eta Renata Lucasek. Alberto Sanchez Balmisa komisarioaren gidaritzapean, artistan daborduko badabilz Urdaibaiko inguruak ezagutzen, euren esku-hartzeetarako gogokon dituen txokoak aukeratzeko. Lan guzti-guztiek ingurunea eta tokiko dinamikak errespetauko ditue, 2012 Fundazinoko Pello Gutierrezek nabarmendu dauenez.

Aurkeztutako laugarren ekitaldia Eskatzen dut Bakea eta Hitza nazinoarteko poesia jaialdia izango da. Bagilean egingo da, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Kirmen Uribe, Jose Fernandez de la Sota eta Jon Kortazar dabilz komisario lanetan, Blas de Otero Fundazinoaren laguntzinoagaz. Berrogei bat poetek hartuko dabe parte, besteak beste, Douglas Dunn, Jack Hirschmann, Zakaria Mohammed, WerewereLiking, LelloVoce, Manuel Rivas eta Bernardo Atxaga.

Bost miloe euroko aurrekontua dauka 2012 Euskadi, bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea ekimenak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu