Kultur Campusen programazio barriak kalidadearen aldeko apustuari eutsi deutso

Bizkaie! 2012-02-17 12:13   jardunaldiak

Zezeilaren 22an, No Band For Lluvia bandaren rockak hasierea emongo deutso Arabako Campusak musikeagaz, zineagaz eta antzerkiagaz Kultur Campus ekimenaren barruan preparau dituan hitzordu erakargarrien katalogoari.

Zezeilaren 22an, No Band For Lluvia bandaren rockak hasierea emongo deutso Arabako Campusak musikeagaz, zineagaz eta antzerkiagaz preparau dituan hitzordu erakargarrien katalogoari. Lluvia Rojo antzezle eta abeslaria buru dauen talde honek esperientzia handiko musikarien laguntzinoa dauka, besteak beste Kevin Kajetze estadubatuarrarena edo Lyndon Parish galestarrarena (The Sunday Drivers taldeko kide ohia).

Egun horretatik aurrera, eta hiru hilebete eskasetan –programazinoa maiatzaren 17an amaituko da– danetara bost kontzertu, lau antzezlan eta hamabi zine jardunaldi txandakatuko dira eskaintza anitzeko programea osotzeko.


Musikea

Kultur Campusek Unibersidade Pabilioian eskainiko dituan kontzertuak oso ondo hartzen ditu publikoak, segurutik banda alternatibo garrantzitsuentzako gunea eskaini nahi dalako eta kontzertuetarako sarrerea dobakoa dalako, ikusle kopurua aretoaren edukierara mugatuta dagoan arren.

No Band for Lluvia taldearen kontzertuaren ostean, Willis Drummond taldearena be ez da makala izango (Hilaren 29an). Iparraldeko rock banda honek musika bizia eta abeslariaren ahots indartsua eskaintzen ditu. Birtude horreei esker lortu dabe jentearen oneretzia 2007an estreinaldiko diskoa atara ebenetik.

Martiaren 14an, Vitoria-Gasteizera bisitan etorriko da Simon Finn folk artista britainiarra. 1969an, Pass the Distance diskoa lege arazoakaitik merkatutik atara behar izan eben. Ordutik, Simon Finn eszenatokietatik eta bizitza publikotik desagertu zan, baina denpora horretan bilduma hori psych-folk eszenako kultozko disko bihurtu da, bildumazaleentzat oso preziatua. Azkenean, 2003an Current 93 taldeko David Tibet-ek Finn-en arrastoa topau eban, eta disko hori Durtro/Jnana zigiluan barriro argitaratzeko konbentzidu eban. 30 urte baino gehiago musikatik urrun emon ondoren, Simon Finn eszenatokietara itzuli da bere gaztaroko indar osoagaz. Gasteizen Joolie Wood biolin-joleagaz eta Maja Elliott piano-joleagaz batera agertuko da.

Apirilaren 25ean, musikea Austin-eko (Texas) taldeak jarriko dua. Gaztetasunaren berezko energia, indar eta freskureagaz, The Strange Boys taldeak Austineko eta Dallasko musika eszenaz harago joatea lortu dau, baita mundu erdiko zaletuen eta kritikarien artean garage rocka ulertzeko eta joteko daben modu bereziari buruzko jakinmina piztea be.

Azken kontzertuan, maiatzaren 9an, Lydia Loveless 21 urteko kantautorearen talentua izango da protagonista. Disko bakarra grabau dau baina bere adinean ezohikoa dan heldutasuna erakusten dau, eta horri esker lortu dau bere herriko kritikarien onespena, countryaren kutsu bizia dauen estiloarekin, rocka edo punka lako beste estilo batzuen eragina ahaztu barik.


Zinea

Zine emonaldiak Florida Zineman egingo dira, 1,5€-ko prezioan. Programazinoak oso diferenteak diran hiru proposamen eskaintzen deuskuz; horreetako lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzeagazko eta Irudi Biziak taldeagazko lankidetzearen emoitza da. Zinelkar da, gure gizartean eta gazteen artean bizikidetzaren arloan agiri diran alderdi garrantzitsuak eztabaidatzeko aukerea emoten dauen zine zikloa. Martian hiru emonaldi eskainiko dira Florida Zinemetan, estreinaldiko filmakaz, bakotxean konbidatu bat izango dalarik.

Horrezaz gan, Jatorrizko Bersinoko Zine ziklo baten programazinoa aurreikusita dago. Alemaniatik datorren zinerik barrienaren errepasoa egingo da. Erakustaldiak Berlingo Eskolan –Europako garrantzitsuenetako bat– ibilitako zinegileek egiten daben lana aurkezten dau. Zortzi film alemaniar dira, XXI. mendeko lehen hamarkadako zuzendari alemaniar gazteek errodatuak. Ziklo hau Madrilgo Goethe Institutuagaz lankidetzan aurkeztu da.

Azkenik, apirilaren 19an, Vitoria-Gasteiz izango da Poznan-eko (Polonia) Short Waves film laburren Jaialdiaren egoitzetako bat. Apirilaren 12tik 18ra egiten dan Poloniako jaialdi honek munduan hainbat uri aukeratzen ditu, lehiatzen diran filmak emoteko. Vitoria-Gasteizko ikusleek, beste uri batzuetakoek –Europan batez be– lez, botoa emonez parte hartzen dabe nazinoarteko jaialdi honen Ikusleen Saria aukeratzen.


Antzerkia

Denporaldi honetan antzerki programazinoa sendotu egin da. Emonaldien kopuruak gora egin dau, eta guztira dobako lau emonaldi dira; guztiak Unibersidade Pabiloian egingo dira. Umorez betetaklo emonaldiakk Vitoria-Gasteizko bi antzerki konpainiak eskainiko ditue: Pánico Escénico, Basada en Hechos Reales antzezlanagaz, eta Qué Par Che Teatro, Soltarlo al Aire lana aurkeztuz. Era berean, Enrique Loyola komiko eta showmanak Humor en Serio izeneko bakarrizketa dibertigarria emongo dau. Gainera, antzerki zikloaren barruan, Celes Duartek zuzentzen dauen UPV/EHUko Antzerki Ikasgelaren ohiko emonaldia izango da. Hori, gailur ezin hobea izango da Kultur Campusek lauhileko honetan antzerkiaren aldeko egindako apusturako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu