Euskal artista gazteek euren lanak Guggenheim Bilbao Museoan erakusteko aukerea izango dabe

Bizkaie! 2012-02-10 15:33   kulturbiz

Datorren martiaren 5era arte parte-hartzaileek arte-sorkuntza proiektu bakar bat aurkeztu behar dabe, horretarako propio itxitako hormea bakarrik hartuko dauena. Ez dago mugarik ez formatuari ez teknikeari jagokonez. Obrek aurretik beste lehiaketa batera aurkeztu bakoak eta beste erakusketa batean ikusgai jarri bakoak izan behar dabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko artista gazteenei XV. urteurrenaren ospakizunetan parte hartzeko aukerea emoteko asmoagaz, Guggenheim Bilbao Museoak ekimen barritzaile bat abiarazoko dau 2012 urtean zehar: Guggenheim Bilbao Horma. Ekimen honetan EAEn lan egin eta bizi diran 30 urtetik beherako artistek parte hartu ahal izango dabe eta eurek sortutako artelanak 2012ko martiaren 27tik abenduaren 16ra arte egongo dira ikusgai Museoko 103B aretoan.

Epaimahai batek Museoan aurkeztutako proiektu guztien artean gehienez 5 aukeratuko ditu. Epaimahaikideak honako honeek izango dira: Josu Rekalde, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko dekanoa; Juan Zapater, BilbaoArteko zuzendaria; Alicia Fernández, Errekalde Aretokon zuzendaria eta Petra Joos, Museo Jardueren Zuzendaria Guggeheim Bilbao Museoan. Aukeratutako obra bakotxa hilebetez egongo da ikusgai 103B aretoan, 5,9 x 20,6 m neurtzen dituan horma batean.

Datorren martiaren 5era arte parte-hartzaileek arte-sorkuntza proiektu bakar bat aurkeztu behar dabe, horretarako propio itxitako hormea bakarrik hartuko dauena. Ez dago mugarik ez formatuari ez teknikeari jagokonez. Obrek aurretik beste lehiaketa batera aurkeztu bakoak eta beste erakusketa batean ikusgai jarri bakoak izan behar dabe. Museoak 650 euroko sariaz lagunduko dau obrea sortzeko sorrarazotako gastuetan: materialak, enbalajeak, garraioa, bidaiak eta obrearen produkzinoari lotutako ganerakoak. Gainera, aukeratutako artista bakotxak Museorako 20 gonbidapen jasoko ditu eta E-Strategas-ek antolatzen dauen Zure nortasun digitala kudeatzeko eta sustatzeko ikastaroa-ren prestakuntzan parte hartzeko aukerea izango dau.

Epaimahaiaren erabagia 2012ko martiaren 15a baino lehen emongo da ezagutzera Museoaren webgunean.

Lehiaketearen oinarriak ikusteko, klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu