Bilbaoeszenak ikerketa eta sorkuntza eszenikoko 5 egitasmo aukeratu ditu IV. 'Artistak Egoitzan' programan
2012-05-28 15:45 kulturbizBost proposamenak ondokoak dira: La Tristura taldearen Atlántica; David Espinosa artista katalanaren Mi gran obra (Un proyecto ambicioso); Leire Mesa clown bilbotarraren Feet on the ground; Metrokoadroka taldearen Poza: Zergatik dantzatzen dute bosniarrek? eta, azkenik, Ibon Salvadorrek eta Luciana Chieregatik bultzatutako Sobre las cosas que no se pueden hablar egitasmoa.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaoeszenaren bitartez, arte sorkuntzeari laguntzeko Artistak Egoitzan programearen laugarren edizinoan parte hartzeko aukeratutako bost proiektuak ezagutarazo ditu. Hiru talde proposamen eta norbanakoek aurkeztutako bi proposamen dira. Aitagarria da euskal artista gazteen presentzia.
Aukeratutako proiektu bakotxak 4.000 euro jasoko ditu, eta, ondoren, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko deutso, bere sorkuntza proiektua edo ikerketa eszenikoa aurrera eroan ahal izateko. Horrezaz gan, sorkuntza prozesua ikusleen eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, urriaren 26tik zemendiaren 4ra bitartean egingo dan Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BAD-en hurrengo edizinoaren barruan.
Danetara, Kultura eta Hezkuntza Sailak 100 eskari jaso ditu, igaz baino 20 gehiago. Guztien artetik, proposamenak aukeratzeko batzordeak honako honeek aukeratu ditu: La Tristura taldeak Atlántica proposamena aurrera eroateko aurkeztu dauena; David Espinosa artista katalanaren Mi gran obra (Un proyecto ambicioso) izeneko egitasmoa; Leire Mesa clown bilbotarraren Feet on the ground proposamena; Metrokoadroka taldearen Poza: Zergatik dantzatzen dute bosniarrek? eta, azkenik, Ibon Salvadorrek eta Luciana Chieregatik bultzatutako Sobre las cosas que no se pueden hablar egitasmoa.
Iñaki Ziarrusta antzezle eta eszenografoak, Agus Pérez antzerki kritikariak, Pedro Ormazabalek, Kaleko Antzerki Arteen Nazinoarteko Jaialdiko, Bilboko Kalealdiko zuzendariak eta Alicia Otxandategik, BAD-eko eta BilbaoEszenako zuzendariak osotzen daben epaimahaiak, Inés Delgadoren (Artekale) laguntzinoagaz, ekimen horreek aukeratu ditu, euren diziplina anitzeko izaereagaitik, ikerketara egiten daben hurreraketa barritzaileagaitik eta eremu eszeniko barrien garapenagaitik.
Laguntza horreen onuradunek, BilbaoEszenako eta Udalaren esku dagozan beste lokal batzuetako instalazinoak, azpiegiturak eta ekipamenduak erabili ahal izango ditue, bagiletik urrira, 35 egunez gehienez be (bakotxaren lanaren beharren arabera). Horrezaz gan, behar izan ezkero, laguntza teknikoa eta artistikoa be jasoko dabe.
Artistak Egoitzan programearen barruan, testuen interpretazinoan lizentziauta dagoan eta jantza garaikide eta inprobisazino ikasketak dituan David Espinosaren helburua, Mi gran obra (un proyecto ambicioso) izeneko lana amaitzea da; lan horrek formatu handiko ikuskizuna eregitea planteetan dau, baina berezitasun bategaz: dana miniaturan egingo da. Handi pentsautako eta txiki egindako lan hori BAD-eko hurrengo edizinoan estreinauko da.
Leire Mesari, clown eta zirkuko eta antzerkiko artisteari jagokonez, zirkuko arteetan oinarritutako lana aurkeztu dau: nazinoarteko zenbait laguntzaile dituan Feet on the ground. Genero indarkeriaren gaia lantzeko motibazinotik abiatutako pieza da, baina beste ikuspegi batetik, emakumearen enpoderamendutik, biktima lez ikusi beharrean, bere bizitza propioa biziteko eta bizirik irauteko burrukan dabilen persona lez ikusita. Proiektu horren bersino laburra be BAD-eko hurrengo edizinoan ikusi ahal izango da.
Itsaso Arana, Pablo Fidalgo, Violeta Gil eta Celso Jiménez dira La Tristura (Madrid) taldeko kideak, 80ko hamarkadan jaio arren, Arte Eszenikoen alorrean proiekzino handia daben lau artista gazte. Antzerkiaren inguruan jaso izan dabe prestakuntzea, eta euren lanak lengoaia eszeniko barrien ikerketan oinarritu ditue, mundu propioak sortuz eta berbearen erabilera zaindua eginez. Euren aurreko lanei esker, La tristura taldea Espainiako eszena garaikideko konpainia azpimarragarrienetakoa bilakatu da. Esan behar da aurreko lan horreetako batek, Actos de juventud lanak, BilbaoEszenaren laguntzinoa izan ebala. Saria irabazi dauen Atlántica egitasmoak beste artista gazte batzuk be inpliketan ditu, gehienak antzerkitik etorritakoak, baina baita zinea, musika edo telebista lako beste alor batzuetatik etorritakoak be.
Quelquer taldeak, Ibon Salvador jantzari euskaldunak eta Luciana Chieregati koreografo portugaldar-brasildarrak osotutako jantza-performance proiektua aurkeztu dau. Sobre las cosas que no se pueden hablar, Portugalen eta Brasilen hasitako eta finkatutako lana da. Proposatzen dan jardunbide eszenikoan, jantzea ez da definidutako zeozer lez hartzen, ikusleen eta performerren artean sortutako zeozer lez baino. Lana gaztelaniaz, portugesez eta euskeraz egingo da.
Aurtengo edizinoan, barrikuntza moduan, egoitzetako bat, ikus-entzuleen edo beste artista batzuen aurrean aurkeztu beharreko emoitzak erabat euskeraz izango dituan arte proiektu batentzat erreserbauta egon da. Era berean, hizkuntza horren erabilereak gero eta balorazino orokor handiagoa dauka, Arte Eszeniko garaikideetan gero eta gehiago erabili daiten. Holan, euskerazko proiektu batentzat erreserbautako egoitza Metrokoadroka taldearentzat (Oiartzun) izan da.
Oraingo honetan, hainbat diziplina (antzerkia, poesia, musikea eta arte plastikoak) batzen dituan artelana sortu nahi da, beste talde batzuen laguntzinoagaz, Dejabu Panpin Taldea, Anakrusa taldea eta Marodi Jantziak, taldeen laguntzinoagaz, hain zuzen. Lanaren izenburua Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? izango da, eta zoriontasunari buruzko gogoetea egin nahi dau. Ba al dago mundu honetan baikor izateko arrazoirik? Ba al dago gerra baten ondoren abesteko eta jantzan egiteko arrazoirik? Zelan bizi dau zoriontasuna sufrimendua ezagutu dauen batek?
Bilbaoeszenaren Artistak Egoitzan programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz eta batez be, eszena barriakaz zerikusia daben eta interes zehatz bat sortu eta izaera anitza daben arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta jantzea izanik.
Programa honetan, Bilboko Udalak, Bilbaoeszenaren bidez, proposamen eszenikoen arte sorkuntzea bultzatzera bideratutako ekimenak lagundu eta sustatu nahi ditu, eta, horrezaz gan, arlo eszenikoak eta, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusi dituen garapen eta ikerketa prozesuak bultzatu nahi ditu. Era berean, hirugarren helburua be aitatu behar da, sorkuntzako talentua topetea, hain zuzen, produkzino eta garapen prozesurako sarrerea erraztuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!