'Artistak egoitzan' programearen laugarren edizinoak euskerearen presentzia bermatuko dau

Bizkaie! 2012-01-31 13:10   kulturbiz

Artistak egoitzan programearen 2012ko deialdia egin barri dau Bilboko Udalak, BilbaoEszena Bilboko baliabide eszenikoen zentroaren bidez. Konpainiek martiaren 30era arte aurkeztu ahal ditue euren proposamenak. BilbaoEszenak bost egitasmo aukeratuko ditue, eta 5.000 euro arteko diru-laguntzea eta laguntzino artistikoa eta teknikoa eskainiko deutse.

Artistak egoitzan programearen 2012ko deialdia egin barri dau Bilboko Udalak, BilbaoEszena Bilboko baliabide eszenikoen zentroaren bidez. Konpainiek martiaren 30era arte aurkeztu ahal ditue euren proposamenak. BilbaoEszenak bost egitasmo aukeratuko ditue, eta 5.000 euro arteko diru-laguntzea eta laguntzino artistikoa eta teknikoa eskainiko deutse.

Artistak egoitzan ekimenaren helburua uriko arte eszenikoen arloan ikerketea eta barrikuntzea bultzatzea da, artista eta ikerlariei euren sorkuntza proiektua garatu ahal izateko behar dituen baliabide ekonomikoak zein instalazinoak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa eskura ipiniz. Eszena barriak bultzatu gura ditue, batez be antzerkia eta jantzearen garapen eta ikerketa-prozesuak, dramaturgia barriak ardatz izanik, baina diziplina tradizionalagoak ahaztu barik, esaterako, kaleko antzerkia edo zirkua.

Aurtengo edizinoan, aukeratuko diran egoitzetako bat euskerazko egitasmo batentzat gordeko dabe. Ganera, euskereak pisu handiagoa izango dau proposamenak baloretan diranean, puntuazinoaren % 10etik % 20ra igongo dabe eta. Arte ezseniko garaikideetan euskerearen erabilerea sustatzea da asmoa, Bilboko Udaleko iturriek adierazo dabenez.

18 urtetik gorako artistek, bakarka edo taldean aurkeztu daitekez, parte-hartzaileen nazionalidadea edozein izan daiteke baina, euskeraz garatu beharreko egoitzaz gan, beste egoitza bi, gitxienez, euskal artisten proposamenetara zuzenduta egongo dira.

Egoitza bakotxak gehienez 35 eguneko iraupena izango dau, epealdi horretan modu trinkoan egingo da lan, aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. BilbaoEszenaren lokaletan eta uriko beste eszena gune batzuetan egingo dira egoitzak, batez be garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua gitxienez 1.500 euro eta gehienez 5.000 eurokoa izango da. Aukeratutako pertsonek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dabe, BADen edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.

Igazko programan, danetara, Kultura eta Hezkuntza Sailak 44 eskari jaso zituan; 16 Euskal Herrikoak, eta ganerakoak kanpokoak. Aurkeztutako proiektuen artean ondokoak aukeratu ziran: Canción Laverinto, Sara Paniagua eta Estela Lloves, Mónica Valencianoren eta Raquel Sánchezen partaidetzeagaz; Play stands still, Estibaliz Olabarria; I´m so excited , Roberto Martínez eta Alberto Etxebarrieta; About Ana, Lisa Parra eta Silvia Zayas; eta, Mu-to, Laida Azkona.

Horrezaz gan, BAD Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiaren hurrengo edizinoko proposamen artistikoak jasoteko epea edegi dabe, hori be martiaren 30era arte. 2012ko BAD urriaren 25etik zemendiaren 4ra bitartean egingo da.

Bai Artistak egoitzan bai BAD jaialdiarako proposamenak ondoko helbidera bialdu behar dira, martiaren 30a baino lehen: BilbaoEszena, Juan Gardeazabal kalea, 3 — lonja, 48004 Bilbo. Argibide gehiago, hemen: 94 433 49 95 telefono zenbakia edo bilbaoeszena@ayto.bilbao.net helbidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu