Transkripzino fonetikodun turkierea-gaztelania / gaztelania-turkierea lehenengo hiztegia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2012-01-25 14:25   kulturbiz

Hiztegi honek turkierearen eta gaztelaniaren gramatikarako sarrerea jasoten dau, eta orain arte argitaratu dan hiztegirik osotuena da. Ezinbesteko erreferentzia izango da turkiera edo gaztelania ikasten dabenentzat.

Hiztegi honek turkierearen eta gaztelaniaren gramatikarako sarrerea jasoten dau, eta orain arte argitaratu dan hiztegirik osotuena da. Ezinbesteko erreferentzia izango da turkiera edo gaztelania ikasten dabenentzat. Gasteizko UPV/EHUko Letren Fakultadea aukeratu dabe gaur egunera arte bi hizkuntzen berben transkripzino fonetikoa jasoten dauen turkierea-gaztelania / gaztelania-turkierea lehenengo hiztegia aurkezteko. Horrezaz gan, gaztelaniaren eta turkierearen gramatiketarako sarrera zabalak ditu. Carmen Uriarte, Sonsoles Taltavull Cañeque eta Bilge Cerah Sunal izan dira egileak. Hiztegiak 1.088 orrialde ditu, eta hamarkada batez taldean eginiko lanaren emoitzea da. Lantaldean, hogei laguntzaileren parte-hartzea be izan dabe, hainbat arlotan: filologia, hizkuntzalaritzea, interpretaznioa, injinerutzea, medikuntzea edo arkitekturea.

Lan honen asmoa da tresna didaktikoa izatea euren interes personalagaitik edo lanagaitik bi hizkuntza horreetakoren bat ikasten hasi edo sakondu nahi daben persona guztientzat. Gaztelania 500 miloe lagun baino gehiagok berba egiten dabe, eta, turkierea, barriz, 150 miloe persona baino gehiagok. Hiztegi hau, berben esanahia jakiteko erabilteaz gan, ondoko helburuetarako be erabili ahal izango da: bi hizkuntzetako berben transkripzino fonetikoa jakiteko, aditz irregularren jokoen zerrenda zabala behar bezela idaztea bermatzeko, Espainiatik edo Latinoamerikatik datozen berben aldaerak bereizteko, eta beste hainbat ezaugarri ezagutzeko.

Hiztegi hau argitaratzeari esker, gehiago hurreratuko dira Espainiako eta Turkiako hizkuntzak eta kulturak. Unibersidadearen eremu espezifikoagoan, argitalpen honi esker, ikasleek errazago ikasi ahal izango ditue bi hizkuntzak, eta mobikortasun-programak areagotu egin ahal izango dira. UPV/EHUk errealidade hau ezagutzen dau, eta kolaborazino estua dauka Turkiako unibersidadeakaz. Horren ondorioz, 17 hitzarmen sinatu ditu Turkiako 8 unibersidadegaz.

Kolaborazino hau ikerketarako eta irakasleentzako beste programa batzuetara be zabal daiteke. Ankarako Unibersidadeagaz sinatutako akordio horreetako bati esker, hiztegi honen egileetako bat eta lehenengo sustatzailea dan Carmen Uriarte turkiera-lektorea izan zan 2005etik 2010era UPV/EHUko Letren Fakultadean.

Aldi horretan, Uriartek turkiera-eskolak eta Turkiako kultureari buruzko eskolak emon ahal izan deutsez Vitoria-Gasteizko Letren Fakultadean dagozan filologia debardinetako ikasleei. Hiztegi hau argitaratzeari esker, ikastaro horreetan izena emon daben Fakultadeko ikasleek errazago ikasi ahal izango dabe. Horrezaz gan, Turkiako unibersidadeakaz UPV/EHUk sinatuta dituan mobikortasun-programetan dagozan ikasleentzat be mesedegarria izango da. Arrazoi horreek guztiak dirala-eta, aurkezpen-ekitaldi hau dala bide, UPV/EHUko erretorea dan Iñaki Goirizelaia pozik agertu da hiztegi hau argitaratu dalako; Goirizelaiak esan dauenez, Espainiako eta Turkiako hizkuntzen eta kulturen arteko hureraketa handiagoa ahalbidetuko dau, eta herrialde horreetako unibersidadeen arteko lankidetzea be bultzatuko dau, maila guztietan.


Lektoretzak UPV/EHUn

Vitoria-Gasteizko Letren Fakultadean dago UPV/EHUko lektore-irakasle gehien. Gaur egun, Letren Fakultadean hainbat lektoretza dagoz: galizierea, katalana, italierea, alemana, grezierea, errusierea, japonierea eta arabierea. Horreen presentziak, ezagutza sortzeaz gan (2010eko abendura arte turkiera-lektorea izan dan Carmen Uriartek parte hartu dauen hiztegi elebiduna lako tresna indartsuen bidez), loturak sortzen ditu UPV/EHUko ikasleen eta lektore horreen jatorrien artean.

Holan, irakasle horreek, irakaskuntza- eta ikerkuntza-lana egiteaz gan, hainbat jarduera egiten ditue euren jatorrietako kultura eta ohiturak ezagutarazoteko. Ekimen horreei esker, hainbat ekitaldi egin dira, besteak beste, gastronomia-jardunaldiak, zineforum zikloak, poesia-errezitaldiak, erakusketak, etab. Gainera, jarduera horretako asko, unibersidadeko kideentzat bakarrik izan beharrean, Vitoria-Gasteizko herritarrentzako be izan dira, herri eta kultura desbardinen arteko hurreraketea bultzatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu