Bizkaiko Foru Agiritegiko ateak, lehenengoz zabalik publikoarentzat

Bizkaie! 2012-01-23 16:41   kulturbiz

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak dobako bisita gidatuak antolatuko ditu astero, orain arte publikoarentzat zarratuta egon diran geletan eta lan-eremuetan zehar. Martitzenero, 18:00etan, Agiritegiak Bilboko Maria Diaz Haroko kalean dituan lan-eremuetako ateak zabalik egongo dira hor egiten dan lana azaltzeko.

Urtarrilaren 24tik aurrera, bizkaitarrek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe Foru Agiritegi Historikoaren funtzionamendua, orain 22 urte sortu zanetik. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak dobako bisita gidatuak antolatuko ditu astero, orain arte publikoarentzat zarratuta egon diran geletan eta lan-eremuetan zehar. Martitzenero, 18:00etan, Agiritegiak Bilboko Maria Diaz Haroko kalean dituan lan-eremuetako ateak zabalik egongo dira hor egiten dan lana azaltzeko; jasotako agiriek egiten daben ibilbidea argitzeko, heltzen diran momentutik funtsak konsultetan dituenen esku jarri edo erakusketa batean antolatzen diran momenturaino. Era honetako instalazinoetan hartu behar diran segurtasun-neurrien haritik, bertan balio itzeleko ondarea gordeten baita, bisita horreetarako plaza-kopurua mugatua izango da, 10 persona bisita bakotxeko, eta horreetan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurretiaz 944 067 737 telefonora deitu edo ondarearetoa@bizkaia.net helbidera mezua bialtzea.

Gauzak holan dirala, Agiritegiak publikoari erakutsiko deutso Bizkaiko ondare dokumentalaren zatirik handiena konserbau, katalogau eta kudeatzeko azken urteotan egin dauen lana. Ahalegin hori Estaduko erreferentziazko zentro handiek egindakoagaz parekatu daiteke emoitzetan, Simancaseko Artxibo Nagusia, Indietako Artxiboa edo Valladolideko Errege-Kantzileriako Artxiboa tarteko dirala. Bitxikeria legez nabarmendu behar da, Foru Agiritegian gordetako dokumentazinoak hogei kilometrotik gorako lerroa osotzen dauela (% 80 katalogauta dago honezkero), eta gaien eta iturrien aniztasunari jagokonez dexente zabalagoa dala.


Erdi Arotik gaurdainoko agiriak: bizkaitarren oroimen koletiboaren ezinbesteko euskarri

Bisita honen bidez, publikoak gure historiako 600 urte baino gehiagori buruzko ezagutzaren oinarriak bistaratu ahal izango ditu, agiririk zaharrenak Behe Erdi Arokoak baitira. Gainera, ikusmira eta ikuspuntu desbardinetatik egin ahal izango dau, izan be, Aldundiak sortutako dokumentazinoagaz batera, Agiritegiak beste erakunde batzuek eta partikularrek, enpresek nahiz familiek lagatako balio handiko materialak batu ditu. Hementxe dago historia akademikoa, Foru Zaharrarena eta Foru Barriarena, bai eta bizkaitarren azken sei mendeotako eguneroko bizimodua be: Bizkaiko Labe Garaien eta Euskalduna Ontziolaren sortzaileena eta bertan lan egin eben guztiena. Agiritegia bizkaitarren oroimen kolektiboaren ezinbesteko euskarria da.

Agiritegia konsultetako ez da beharrezkoa historialaria edo ikertzailea izatea, nahikoa da Nortasun Agiria erakustea. Horregaitik, publiko espezializatuari mugatuta ez dagoan lanabesa danez, hil ala bizikoa da dokumentazino guztia publiko mota guztientzat eskuragarria (eta irakurgarria) izatea. Historialari trebatuak arduratzen dira lan nekagarri hau aurrera atarateaz, eta ekimen barritzaile honi esker, prozesu osoa ikusteko moduan izango da lehenengo aldiz.


Bisitearen ibilbidea

Ordubeteko bisitak astero egingo dira, bi taldetan banatuta. Agiritegiko teknikariek lagunduta, lehenik eta behin, Ondare Aretoa ikusiko da, bai eta Bilboko Kontsulatuaren sorrerearen bosgarren mendeurrenari buruz bertan antolatu dan erakusketea be. Bertan batuta dagozan balio handiko dokumentuen artean, Bilbo nazinoarteko merkataritza-plaza bilakarazo eban erakunde honen historia argitzen daben 1511ko jatorrizko agiriak dagoz. Agiri horreetako bat abiapuntutzat hartuko da ibilbidea osotzeko. Erakusketeari jagokozan azalpen guztien ondoren, bisitariak eraikinaren bigarren pisura igoko dira, materiala jaso eta gordeteko geletara. Instalazino horreetara heltzen dira material guztiak gordinean eta bertan egiten jake lehenengo sailkapena eta informatizazinoa, geroko bilaketak errazteko asmoz. Hemen erabilten dan ordena oinarri-oinarrizkoa da: agiri bakotxari karpeta bat egokitzen jako, normalean neurri eta formatuaren arabera. Papela material nagusia bada be, agiritegiak garrantzi handiko material grafikoa be jasoten dau (argazkiak, marrazkiak, grabatuak, planoak, mapak…), eta musikala be bai, berbarako grabazinoak eta partiturak.

Horren haritik, aspaldi desagertutako enpresa historiko handien dokumentazinogaz batera (Sota-Aznar ontzi-enpresa, Unión de Crédito Minero edota Ybarra Hermano y Cia), oraindino punta-puntakoak diran enpresa batzuen lehen pausuen oroimena be zaintzen da; horreen artekoa dogu Gastón y Daniela, aspaldiko oihal-katalogo batzuk laga dituana.

Bosgarren pisuko Katalogazino gelea dogu ibilbide honen hirugarren helmugea. Agiri historikoen tratamenduan espezializautako adituek arreta handiz irakurten ditue hemen papel guztiak, jagokezan fitxak beteteko. Fitxok ezinbestekoak dira materialen bilaketak eta konsultak errazteko. Fitxa guztiak desbardinak dira, bakotxa dokumentu jakin baten ‘Nortasun Agiria’ baita. Bertan zehazten dira, edukiaren laburpenagaz batera, jatorrizko dokumentuaren bilaketarako berba gakoak. Informazino hau irakurrita, Agiritegiaren erabiltzaileak (ikerketa bibliografikoko teknikak ezagutu ala ez) zehatz-mehatz identifikau leike konsultan interesgarria subertauko jakon materialea.

Azkenik, fitxa horreeek guztiak Ikertzaileen gelan konsultau daitekez, seigarren pisuan, bisitearen amaierako eremuan. Izenak besterik iradoki arren, gela hau jente guztiarentzat zabalik dago. Hemen, jatorrizko agiriak konsultau daitekez, erabiltzaileari itxitakoa beste alerik ez dabenak, hain zuzen. Antxinakotasunagaitik zein bakartasunagaitik balio parebakoa dauen material hau zaintzeko asmoz, kontu handi-handiz konsultetea eskatzen da, eta debekatuta dago boligrafoak erabiltea (arkatzak erabil daitekez).

Funtsetarako sarbide librea mugatuta dago antxina-antxinako materialen kasuan (jatorrizkoaren transkripzinoa eskaintzen da) eta konserbazino-egoera kaskarra edo babestutako edukia daben dokumentuen kasuan.


Ondare handia guztion eskura

Gaur ezagutzen dogun moduan, Agiritegi Historikoa orain 22 urte inguru sortu zan. Bizkaiko Foru Aldundiak han-hemen sakabanatuta egoan lurralde historiko osoko ondare dokumentala batzea erabagi eban 1990ean, agirien konserbazinoa eta zabalkundea errazteko asmoz. Lehenik eta behin, beste erakunde batzuek itxitako material historiko guztia gaineratu eutsen Aldundiaren funtsei (Gernikako Batzar Etxean Behe Erdi Aroko jatorrizko agiriak gordeten zituen Jaurerriko Artxibo Nagusia edota Foru Liburutegian kokatuta egoan Administrazio Artxiboa). Ahalik eta gehien. Bizkaiko Korrejidorearen funts judizialetatik hasi eta Abadiñon (funts dokumentalak Aldundiaren esku itxi dituen 86 herrietako bat) 1556tik 1940ra bitartean egindako udalbatzarren aktetaraino.

Ekimenagaz bat eginik, enpresa eta familia ugariren eskutik, Aurrera, Euskalduna Ontziola, Bizkaiko Labe Garaiak, La Encartada, El Morro Meategia, Bodegas Bilbaínas eta Mecánica La Peña lako enpresen aktak eta Balparda, Chávarri, Iturriza, Sota eta Zabalburu familien eskutitzak heltzen joan ziran.

Orduantxe erabagi zan material hori guztia Maria Diaz Haroko kaleko eraikinean dauen egungo kokapenera eroatea. Eraikinaren ezaugarrien artean, paper kopuru erraldoi hori babesteko ezinbestekoa dan garrantzi handiko baldintza bat azpimarratu behar da: bere egitura sendoa, iragan industrialaren ondorioa, metro koadro bakotxeko 5.000 kilo jeusteko aukerea emoten deutsona.

Baina batzea ez da bakarrik egoitza berean gordetea. Zelan edo halan antolatu behar zan. Lan erraldoi horri ekiteko, lehenengo, derrigorrezkoa zan katalogazino-eredu bakarra zehaztea, proiektu berean dabilzan persona desbardinen arteko alkarlana ahalbidetzeko eta, batez be, dokumentu bakotxaren sailkapenean erispide eta pausu berberak erabilten zirala bermatzeko.

Argi dago Foru Agiritegi Historikoa aurrerapausu sendoak emoten dagoala Ondare Dokumentalaren modernizazinoan eta kudeaketan, batez be teknologia barriek eskaintzen dituen aukera barriei esker. Lehenengo pausua intranetaren garapena izan da, adituei sarean barra-barra lan egiteko aukerea erraztuz. Bigarrena, katalogautako funtsen laburpen-fitxak Interneten kokatzea izango da. Honi esker, informazinoa eguneko 24 orduetan eskuratu ahal izango da. Azken fasea dokumentuen digitalizazinoa izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu