Bilboko Alondigeak ia lau miloe bisitari izan zituan igaz
2012-01-20 14:17 kulturbizBilboko Alondigearen 2011ko balantzea eta 2012ko programazinoa aurkeztu ditu Marian Egaña Alondigako arduradunak. Ia lau miloe lagun izan ziran igaz bertan, eta miloe bik baino gehiagok aisialdi edo kultura jardueretan parte hartu eben.
Bilboko Alondigearen 2011ko balantzea eta 2012ko programazinoa aurkeztu ditu Marian Egaña Alondigako arduradunak. Ia lau miloe lagun izan ziran igaz bertan, eta miloe bik baino gehiagok aisialdi edo kultura jardueretan parte hartu eben. Prentsaurrekoan, Alondigako programazino arduradun Fernando Perez eta AlhondigaKomik egitarauko Rakel Esparza izan dira.
Balantzearen datuak benetan be pozgarriak dirala nabarmendu dau Marian Egañak prentsaurrekoan. Alondigeak, bataz beste, egunean 10.000 bisitari izan zituan 2011n; oporraldietan, 20.000 bere bai, egun batzuetan. Bilbo eta inguruko jenteaz gan, kanpotik datozenak be hurreratu dira Alondigara. Datu garrantzitsua da guretzat, ganeratu dau.
Programazinoari jagokonez, bataz beste, egunean hiru jarduera inguru antolatu zituen igaz; horreetatik, erdia dobakoak izan ziran. Autofinantzaketa arloan aurreikuspenak gainditu egin dituela nabarmendu dau Egañak: Ia % 49ko autofinantzaketa-maileagaz itxi dogu urtea, pentsaten genduana baino askoz hobeto.
Datu horreek kanpoko emonaldietarako (%60 baino gehiago ekimen pribadukoak) guneak alokatzeari eta Jarduera Fisikoko Zentroko 75.000 ikastarogileei, operadoreen (jatetxeetako, zinematako eta Shópa dendako) emoitz onei esker lortu dirala azaldu dau.
Aurtengo programazinoaren inguruan hainbat nobedaderen barri eskaini dabe prentsaurrekoan. Egitarau erakargarria eta moeta guztietako personentzat interesgarria atondu dogu, aurreratu dau Egañak. Programazinoko lehenengo ekimena Oroimenaren topografiak argazki-erakusketea izango da, zezeilaren 1ean edegiko dabena. Carles Guerra komisarioak Ordóñez Falcón zentroko hainbat irudi batu ditu.
Atrio Projects datorren astean abiatuko da. Sortzaile barrien aldeko ekimen honek hamahiru proiektu artistiko ezagutzeko aukerea eskainiko deusku, Kulturen Atarian. Performanceak, musikea, jantza garaikidea eta bideo-instalazinoak dira nagusi aukeraketan.
Martian, Expert izeneko zikloa hasiko da. Herritarrei zientzia eta teknologia hurreratzea dau helburu ekimenak, horretarako erakusketak eta berbaldiak prestau ditue.
Gutun Zuria nazinoarteko jaialdiak AEBetako literaturea izango dau konbidadu, apirilaren 19tik 22ra. Bil Keller New York Times egunkariko zuzendaria izandakoa izango da hizlarietako bat, Marian Egañanak aurreratu dauenez.
Ex egitarauak sormen eszenikoa dau ardatz, antzerkia, jantzea, bertsolaritzea eta sormena. Hiruhilekoko blokeetan banatzen dabe egitaraua, eta publiko guztientzako eskaintzea atontzen ahalegintzen gara, Fernando Perezek azaldu dauenez. Barritasun bi aurkeztu ditue: Spoken Berba, hitzaren eta testuen inguruko proposamena, eta umeentzako jarduera bereziak. Hiruhileko honetako monografikoaren barri be emon dau Perezek, oraingoak The side show / Beste musika izenburua dauka, eta hemengo zein kanpoko musikariek parte hartuko dabe.
AlhondigaKomik ekimenaren ganean jardu dau Rakel Esparzak. Komikia Bilbon sustatzea da gure asmoa, azaldu dau. Urte osoko on-line ikastaroaz gan, AlhondigaKomik bekea be antolatzen dabe.
Live Music Esperience erakusketea maiatzaren 30ean edegiko dabe. Rocka eta beste adierazpen musikalak biziteko aukerea eskiniko dau, haren historian murgiltzeko, 60ko hamarkadatik gaur egunera arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!