Markeliñe taldeak familientzako ikuskizun barria estreinauko dau Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan
2012-01-12 17:30 kulturbizHilaren 20an eta 21ean, Cuentos de arena-Hareazko Ipuinak, Markeliñe antzerki konpainiaren familientzako ikuskizun barriaren estreinaldia izango da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan hurrengo hileetarako atondu dan programazinoaren barruan.
Hilaren 20an eta 21ean, Cuentos de arena-Hareazko Ipuinak, Markeliñe antzerki konpainiaren familientzako ikuskizun barriaren estreinaldia izango da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan hurrengo hileetarako atondu dan programazinoaren barruan.
Cuentos de arena-Hareazko Ipuinak izenburua dauen familientzako antzezlan barria gustu eta edade guztietako publikoarentzat programau dan eskaintzaren lanetako bat da.
Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan egoiliar diharduan konpainia honen lan barria bidaia bat da aita baten gogo aldartean barrena. Aitaren bildurra eta obsesinoa minbizia daukan alabeak umezaroa galdu ez daian. Kezkak, bildurrak, barreak… samina. Itsasoaren mugabakotasuna lau hormaren artean. Birritan eszenaratuko dabe lana: barikuan, urtarrilaren 20an, gaztelaniaz, 21:00etan eta zapatuan, urtarrilaren 21, euskeraz, arratsaldeko 18:00etan. Prezioa 4 eurokoa izango da.
Beste alde batetik, gaur aurkeztu daben Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoko datozen hileotarako programazinoan danetariko ekitaldiak agiri dira, musikea, jantzak, antzertia, familientzako ikuskizunak, zinea...
Urtarriletik maiatzera bitarteko programazinoan, Markeliñeren estreinuaz gan, besteak beste, ondokoak nabarmendu daitekez: Jabier Muguruza musikariak Bikote bat bere azken lana aurkeztuko dau zezeilaren 3an.
2010ean Antzerki Sari Nazionala jaso eban La Zaranda taldeak Nadie lo quiere creer lana taularatuko dau maiatzaren 10ean.
Emakumeek egindako film laburren bildumea, barriz, martian proiektauko da.
Udaberriko Kontzertua be zornotzarren kultura gune honetan eskainiko dabe herriko Zoroak, Zornoza eta Abes-Kimu abesbatzek.
Udalerriko musika eskaintza biribilduz, martiaren 15ean, The California Honeydrops amerikarren kontzertua izango da Zelaieta Zentroko Kontzertu Gelan, Jazz-Blues zirkuituaren barruan.
Herrikoen ekitaldiak
Tokiko programazinoan klasiko bihurtuta dagozan ikuskizun bi be izango dira datozen hileotan Zornotza Aretoan. Martiaren 10ean, Udabarriko Kontzertua eskainiko dabe herriko Zoroak, Zornoza eta Abes-Kimu abesbatzek, iluntzeko 20:00etan. Eta maiatzaren 12an, barriz, Zugan Ni helduko da aretora, Antzez Jokorako Gazteen Gunearen V. edizinoa. Arte-sorkuntza eta antzezlanen taularatzea sustatzea da ekimen honen helburu nagusia, Markeliñe Antzerki Taldearen gidaritzapean, eta eskualdeko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta.
Ikus-entzunezkoei jagokenez, zine-Kluba eta film laburren proiekzinoa be izango dira; zine-Kluba martitzenetan eskainiko da, 20:00etan. Ondorengo filmak proiektauko dira datozen hileetan: zezeilaren 28an, Terrence Malick-en El árbol de la vida; martiaren 27an, Viaje a ninguna parte, Fernando Fernán Gómezena. Eta apirilaren 24an, Imanol Rayoren Bi anai.
Horrezaz gan, film laburrek martiaren 9an izango dabe euren tokia aretoan, Mujeres en corto-Emakumeak Laburrean izeneko programan. Emakumeek egindako film laburren bildumea eskainiko da gaueko 21:00etatik aurrera: El Cortejo, Marina Seresevsky-rena; Hemen nago, Maialen Sarasuarena; Corpo Giusto, Jennifer Norton-ena; Lejos del Mar Josefina Matarena; eta The Storyteller Eliana Alvarezena. Sarrerearen prezioa 3 eurokoa izango da.
Maiatzaren 4an, barriz, 2010eko euskal film laburrik onenen bildumea proiektauko da Kimuak 2010en. Gaueko 21:00etan emongo jako hasierea emonaldiari eta honakoak eskainiko dira: Amar (Isabel Heguera); Artalde (Asier Altuna); Exhibition 19 (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe); La gran carrera (Kote Camacho); Khorosho (Miguel Ángel Jimenez); Un novio de mierda (Borja Cobeaga); Ondar ahoak (Ángel Aldarondo); Premio (Leon Siminiani). Ekitaldi honetarako sarrerearen prezioa be 3 eurokoa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!