Aurten 18 urte beteten dituenei 18 ikuskizunetara doban sartzeko aukerea emongo deutse Bilboko Udalak

Bizkaie! 2012-01-03 13:32   kulturbiz

2012an 18 urte beteko dituen gazte guztiek —2.600 inguru izango dirala aurreikusten da— txartel hori lortzeko egin beharko daben gauza bakarra www.kultura18.es webgunean sartu eta eskaria betetea izango da; beste aukera bat 010 zenbakira deituz eskatzea da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, gazteak, gehienetan ezagutzen ez dituen antzerkia, jantzea, operea, musika sinfonikoa edo jazza lako arte adierazpenetara hurreratzeko Kultura 18 / K18 ekimena jarri dau martxan beste urte batez. 2012an 18 urte beteten dituen gazteei zuzendutako ekimena da.

Txartela hile honetatik aurrera erabili ahal izango da, eta dagoeneko eskatu daiteke. Ekimenari oihartzun gehiago emoteko, Kultura eta Hezkuntza Sailak Kulturan murgil zaitez goiburuko informazino liburuxkea helarazoko deutse aste honetan programearen hartzaile guztiei, eta informazinoa institutuetan eta beste prestakuntza zentro batzuetan, udal gazteguneetan, Gazteen Informazino Bulegoan, etab. be banatuko dau.

Onuradunentzat dobakoa izateaz gan, Kultura 18 / K18 txartelak beste abantaila bat dauka, izan be, ikuskizun bakotxean txartela daukanak adin mugarik bako lagun bat eroan leike, eta lagun horrek txartelaren prezioaren erdia baino ez dau ordainduko.


Zelan lortu K18 txartela

2012an 18 urte beteko dituen gazte guztiek –2.600 inguru izango dirala aurreikusten da– txartel hori lortzeko egin beharko daben gauza bakarra www.kultura18.es webgunean sartu eta eskaria betetea izango da; beste aukera bat 010 zenbakira deituz eskatzea da. Egun gitxi barru euren etxeetan jasoko dabe. Eta hori guztia erabat doban izango da. Eskatzen dan gauza bakarra Bilbon erroldatuta egotea eta 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 18 urte betetea da.

Txartelagaz batera, gazteek bi taloitegi jasoko ditue: batean baleak izango ditue, bale horreen ordez euren sarrerak eskuratzeko; eta bestean laguntzailearen sarrerak jasoteko balioko daben baleak, prezioaren erdia pagau daian. Holan, ikuskizun batera doan bakotxean, gazteak egin behar dauen gauza bakarra txarteldegira bere Kultura 18 / K18 txartelagaz eta NANagaz joan eta bere izenagaz beteta egongo dan bale horreetako baten ordez bere txartela jasotea izango da. Eta bateren bategaz baldin badoa, bigarren balea emon beharko dau, beragaz doan personeak erdia baino pagau ez daian.


Programearen helburua

Gazte gehienek nahikoa urrun dituen –kulturearen arloan gazteek gustuko dituen adierazpenen inguruan egindako hainbat azterlanetan ikusi danez– arte adierazpenetara hurreratzea da asmoa, antzerkira, operara, jantzara edo jazzera, beste batzuen artean.

Programearen eskaintzea lau ikuskizun blokek osotuko dabe:

- Arte eszenikoak: Arriaga Antzokiak, Bilboko Alondigak eta La Fundiciónek antolatutako ikuskizunak, antzerki eta jantza garaikideko BAD eta Dantzaldia jaialdiak, OLBE-ABAOren opera denporaldia eta Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia.

- Musikea: Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) kontzertuak, Musika klasiko jaialdia eta Bilbao 700 Fundazinoak programautako beste zenbait kontzertu, folk musikako Musiketan zikloa, Bilbaina Jazz Club eta Udal Bandak Euskalduna Jauregian emoten dituan kontzertuak.

- Ikus-entzunezkoak: Zinebi eta Zine Fantastikoari buruzko Fant-Festival jaialdiak eta Fas Zine-klubak programautako filmak.

- Arte plastikoak eta ondarea: Bisitak Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eta partaidetza Kultura Sailak programautako tailerretan.

Ikuskizunen eskaintza ez dago zarratuta, eta beste zenbait kultur erakundegaz sinatuko diran akordio barriei esker eskaintza hori zabaltzeko asmoa dago. Eta onuradunek euro bat be pagau barik ze ikuskizunetara joan ahal izango daben jakin deien, www.kultura18.es webgunean, Ikuskizunak atalean, hileroko eskaintzea ikusi ahal izango dabe. Horrezaz gan, informazinoa sare sozialen bitartez be eguneratu eta banatuko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu