Zamorako abade-kartzelan izandakoen lekukotasunak batu ditu Txalaparta argitaletxeak

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-12-22 14:53   kulturbiz

Berrogei abade euskaldun izan ziran Zamorako abade-kartzelan, Eleizea eta Estadu espainiarraren kartzelan, 1968. eta 1976. urteen bitartean. Euskal Herriak bizi eban zapalkuntzea halan edo holan, sermoien, itxialdien edo gose-greben bidez, salatzen ausartzearren eroan zituen Zamorara. Hareen lekukotasunak batu ditu Txalaparta argitaletxeak Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta Estatuaren presondegia (1968-1976) liburuan.

Berrogei abade euskaldun izan ziran Zamorako abade-kartzelan, Eleizea eta Estadu espainiarraren kartzelan, 1968. eta 1976. urteen bitartean. Euskal Herriak bizi eban zapalkuntzea halan edo holan, sermoien, itxialdien edo gose-greben bidez, salatzen ausartzearren eroan zituen Zamorara. Hareen lekukotasunak batu ditu Txalaparta argitaletxeak Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta Estatuaren presondegia (1968-1976) liburuan. Angel Zelaieta eta Edorta Jimenezek koordinau dabe lana, izan be hainbat egileren artikuluak, eranskinak, kartzelan idatzitako testuak, presoen zerrendak eta bibliografia jaso ditue lanean.

Liburuaren aurkezpenean Zamoran preso egondako hainbat lagun izan dira: Josu Naberan, Patxi Bilbao, Julen Kalzada, Martin Orbe, Alberto Gabikagojeaskoa, eta Juan Mari Zulaika. Juan Mari Arregi kazetaria be bertan izan da, berak idatzi dau Zamorako kartzelearen ganeko sarrerea, eta sasoi haretako giroaren gorabeherak.

Arregiren sarrerearen ostean, testigantzean bildumea osotu dabe, danak euskeraz, gaztelaniazko bat izan ezik. Zamoran egozan abade gehienak euskaldunak ziran, baina baziran katalanak, gailegoak edo madrildarrak, azaldu dau aurkezpenean Angel Zelaietak. Kartzelearen eta garaiaren ganeko bibliografia zabala gehitu dabe koordinatzaileek, Edorta Jimenezen esanetan, oso erabilgarria.

Gertaeren kronologia zehatza egin dabe, nazinoartekoa eta Euskal Herrikoa. Gazte askok ez dakie Zamoran kartzelarik izan zanik be, eta horrentzako lagungarria izango da orduko jazoerak kokatzeko, ganeratu dabe.

Danetara, 40 abade euskaldun sartu zituen Zamorako kartzelan; horretako asko abade-langileak, Juan Mari Zulaikak nabaremendu dauenez. Zazpi edo abade-langileak ziran, kontuan hartzeko datua dala begitantzen jat.

Protagonistek makina bat kontu daukez kontatzeko, prentsaurrekoan memoriari eragin, eta igesaldi ahalegin baten gorabeherak azaldu ditue Josu Naberan eta Martin Orbek. Presoaren lehenengo betebeharra iges egitea zala esaten genduan, gogoratu dau Naberanek. Patio ondoko garbitegiko giltzak lortu, eta han hasi ziran tunela egiten. 80 cm x 80 cm-ko zabalerea eukan, arrastaka sartu eta urten behar zan.

Orbek funzionarioak jagoteko ardurea eukan. Funzionarioaren arabera, ha distraitzeko modu bat edo bestea asmatu behar zan. Euren ohiturak kontrolatu behar genduzan; egunez, tunelak egiten ebilzanak babesteko, eta gauez, ihes egiteko egunean zer egin jakiteko, argitu dau errigoitiarrak. Ataratako lurra ixteko txokoren bat topetea buruko min handiak emo eutsoezan, baina azkenenan lortu eben konponbidea. Hasieran komunetik behera botaten genduan; gero, patioan... Holan ibilten ginan, azaldu dau. Dan dala, hilabeteak beharrean emon arren, azkenengo momentuan funzionario batek atrapau zituan.

Erantsitako argazkian: mahaian, eskumatik ezkerrera, Txalapartako Mikel Soto eta Angel Zelaieta eta Edorta Jimenez liburuaren koordinatzaileak; eta atzean, Josu Naberan, Patxi Bilbao, Julen Kalzada, Martin Orbe, Alberto Gabikagojeaskoa, Juan Mari Arregi eta Juan Mari Zulaika.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu