Atoan! argitaletxea aurkeztu dau Zenbat Gara alkarteak

Bizkaie! 2011-12-02 13:18   kulturbiz

Euskera ikasleari literatura ulerterraza, atsegina eta erakargarria eskaintzeko asmoz eta euskaldunen arteko komunikazinoa ardatz, euskera erraz, garbi eta ulergarria erabiliko dauen Atoan! izeneko argitaletxea (www.atoan.com) aurkeztu dau Zenbat Gara kultur alkarteak.

Euskera ikasleari literatura ulerterraza, atsegina eta erakargarria eskaintzeko asmoz eta euskaldunen arteko komunikazinoa ardatz, euskera erraz, garbi eta ulergarria erabiliko dauen Atoan! izeneko argitaletxea (www.atoan.com) aurkeztu dau Zenbat Gara kultur alkarteak.

Egitasmoaren barri emon eban Bilboko Kafe Antzokian Xabier Monasteriok, Euskera errazean bildumea koordineteaz arduratu dana. Horrezaz gan, bildumako Ehuneko ehun eta Lurtarrak liburuen egilea be bada. Atoan! argitaletxeak lehenengo lau liburuak kaleratu ditu, hamar euroan bana: aitatutako biak eta Hego itsasoetako ipuinak (Robert Louis Stevenson) eta Maggie, kaleko neska bat (Stephen Crane).

Testu mailakatuak dira, Europako hizkuntza erreferentzia markora egokituak (A1 eta C1 maila bitartekoak, hain zuzen). Erakargarritasuna sustatzearren, liburuak ilustrazinoakaz hornidu ditue Alain Urrutia, Adur Larrea eta Aitziber Akerreta marrazkilariek. Era berean, testu osogarriak, hiztegiak eta klasean alkarrizketea sustatzeko oharrak be tartean dira.

Argitaletxeak lematzat hartu ditu Imanol Berriatua maisuaren berbak: Euskal Herrian bi miloe herritar euskaldundu behar doguz, eta lagun horreei euskera erraza emon behar jake. Ikasleak motibetako, testuak atseginaz izateaz gan, testuinguru naturalean kokatzea be lagungarria da. Monasterioren eretxiz, literaturea da beste aliatu garrantzitsu bat ikasketa prozesuan. Sentimenduen erresuma da literaturea, irakurlearengan zirrara berezia eragiten dauena, adierazo dau. Eretxi horregaz bat dator Alain Urrutia: Literaturea ezinbestekoa da hizkuntza bat ikasteko. Bere aldetik, Aitziber Akerretak marrazkien funtzinoa aldarrikatu dau: Irudiek liburuen xedea beteten dabe: euskerea ikasi eta prozesu horretaz gozetea, baieztatu dau. Liburuek umorea eta kritika soziala be lantzen dabe, gaineratu dau Idur Larreak.

Kontuak kontu, Atoan! Durangoko Azokan estreinauko da domekan. Oraingoz lau liburu dira baina apurka-apurka joango gara bildumea osotzen iragarri dabe. Argitaletxe barriak jakintza, literatura edo gogoeta arloetako lanak kaleratuko ditu.

Aspalditxu da Euskal Herriak —Euskerearen Herriak, hain zuzen— preminazko zituan guneak eta zerbitzuak sortzeari ekin eutsola Zenbat Gara alkarteak. Horra hor, Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokiak, Gabriel Aresti euskaltegia, Bakaikuko Etxea eta barnetegia, Bilbo Hiria irratia, Kurkuluxetan umegunea eta Algara konpartsa, besteak beste.

Oraingoan Atoan! argitaletxea sortu dau, zerbitzu horreek osotzeko. Liburugintzea ez da, halan da be, langintza barria Zenbat Gararen barruan, alkartea aspaldi hasi zalako euskerearen irakaskuntzeari eta, oro har, euskal kultureari loturiko liburuak argitaratzen. Orain, barriz, argitaletxe bati jagokozan eraketa, azpiegitura eta baliabideak preparau ditu, Atoan! argitaletxeari bide emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu