Euskerazko hedabideek erakundeen konpromisoa behar dabe

Euskerazko Hedabide Ez Publikoak 2011-12-02 10:03

Euskerazko hedabideen sektoreak ez dau erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezidu duaen tratamendua jasoko, ustez danen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregaitik, erakundeei jentaurrean eskatzen deutsegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, partidak handituz.

Bederatzi hilebete badira euskerazko hedabide ez publikook agerraldi publikoa eta kanpaina bateratua egin genduzala, hiru helburu nagusigaz:

1. Sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea. Komunikazinoaren eta hizkuntz normalizazinoaren ikuspegitik ez eze, ekonomia ikuspegitik be estrategikoa eta garrantzia handikoa dan sektore bati buruz gagoz berba egiten.

2. Erakunde publikoei sektoreagazko konpromiso handiagoa eskatzen jaken, publizidade-inbersino, bestelako inbersino eta laguntza handiagoak, gaurtik bertatik hasita.

3. Horrezaz gan, sektoreak egoerearen analisia egin eta analisi horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeakaz lantzen hasteko konpromisoa hartu eban.

2012. urtea ate-joka dogu, eta erakundeetatik sektoreari begira jasoten gagozan mezuak kezkagarriak dira, ikaratzeko modukoak.

1. 2012rako aurrekontu proposamenean jasota dagozanak beteten badira, Nafarroako Gobernuak euskerazko hedabideentzako zituan diru laguntzak ezerezean dira, 2012ko aurrekontuetatik erabat desagertuko da hedabideetan euskerea sustatzeko diru partidea. Gainera, 2011ko bigarren epealdiko laguntzak desagertzeko arriskua be handia da.

2. Eusko Jaurlaritzeak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gitxiago bideratuko ditu 2012an hedabideen diru laguntzetara. Urteetan, Eusko Jaurlaritzearen aurrekontu orokorrak goraka joan diranean, euskalgintzara eta euskerazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu diranean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukerea zabalduko da.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi dau —aurreko bi urteetan asko murriztu da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundia da 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea aurreikusi dauen bakarra —47.500 euro gehiago, % 12ko igoerea—.

4. Eta zer esanik ez Iparralderi buruz, izan be, euskaldun hiztunen galera bizkorra (hizkuntza politika publiko baztertzailearen ondorioz) anbizinorik bako hizkuntza politikeagaz batera doa han. Enpresa pribatuek euskerazko hedabide barriak sortzen dituen bitartean, laguntza publikoak oraindino geldialdi berean mantentzen dira eta, aldi berean, botere publiko gehienek ez ditue kontuan hartzen euskerazko hedabideak beren publizidade kanpaina ordainduetan.

Jakitun gara sektorearen etorkizuna gure lanaren barruan dagoala gehienbat. Guk geuk be aztertu behar doguz gure indargune eta ahuldadeak, sektorean alkarregaz jardunda errazagoa izango jaku garai gogor honi aurre egitea. Zeregin horretan gabilz hilebete honeetan eta laster batean gure hausnarketea instituzinoetako arduradunakaz konpartidu ahal izango dogu. Baina argi daukagu aurrera egiteko ezinbestekoa dogula erakunde publikoen laguntza handiagoa, eta hori gagoz aldarrikatzen momentu honetan.

Gaur egungo erakunde publikoen dinamikeak ez dau asko laguntzen bide horretan, eta ezin dogu isilik geratu ikusten dogunean euskerazko hedabideen sektoreak ez dauela erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezidu dauen tratamendua jasoko, ustez danen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregaitik, erakundeei jentaurrean eskatzen deutsegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, partidak handituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu