Erlea – 5 aldizkaria aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2011-11-30 14:57   kulturbiz

Bosgarren zenbaki honetan, Erleak bere ikurra topau dau, Bernardo Atxagaren hitzetan, eta marrazki bat da, hain zuzen be: Jon Zabaletak marraztutako erle bat, behin eta barriro agertzen dana aldizkariaren orrietan, testuen artean jolasean. Hori erabiliko dogu adierazo dau idazleak.

Gaur, zemendiak 30, Erlea kultura aldizkariaren bosgarren zenbakia aurkeztu dabe Bilbon, BBK Aretoan. Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen dau eta Jose Irazu Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizinoaz eta diseinuaz.

Bernardo Atxaga zuzendariagaz batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martinez BBK Fundazinoko buruak aurkeztu dabe aldizkaria. Egiten dauen lanagatik, Atxagari eskerrak emoteaz gan -Urrutiak eta Martinezek emon deutsiez- euskaltzainburuak BBKren babesa be azpimarratu dau, aldizkaria argitaratzen laguntzen dauelako.

Atxagak azaldu dauen lez, Erleak -zenbaki guztiek- baditu hiru ardatz nagusi: batetik, idazle ezagunen lanak argitaratzea; bestetik, ia anonimatuan mobiduten diran sortzaileenak ezagutarazotea; eta hirugarrenik, alde grafikoa, hau da, azalean ikusten dana -esan dau- artistak eta pintoreak aldarrikatzea, hain zuzen.

Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik. Komikiei jagokenez, hasteko, Juan Carlos Eguillor zana omentzen dau Erleak. Euskaldunak komikian artikulua egin dau Iñaki Berazategik; Zazpi oggi Frantzian idatzi dau Joxan Sagastizabalek; Joseba Luzuriagak Eta komikia Arte bihurtu zen: Roy Lichtenstein hamar binetatan artikulua sinatu dau; eta Egilleorren marrazkiez gan, Euskadi Sioux, Ipurbeltz, TBO, Bécassine au Pays basque... lako argitalpenetan publikautako irudiak be jaso dira.

Gainera, bosgarren zenbaki honetan, Erleak bere ikurra topau dau, Bernardo Atxagaren hitzetan, eta marrazki bat da, hain zuzen be: Jon Zabaletak marraztutako erle bat, behin eta barriro agertzen dana aldizkariaren orrietan, testuen artean jolasean. Hori erabiliko dogu adierazo dau idazleak

Autoen inguruan, barriz, Kike Amonarrizek, Piarres Aintziartek, Felix Ibargutxik, Lorenzo Rojok edota Xabier Mendiguren Elizegik idatzi dabe.

Zenbaki barri honetan ondokoak izan dira partaide: Piarres Aintziart, Iñaki Aldekoa, Jon Alonso, Kepa Altonaga, Kike Amonarriz, Uxue Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Marisol Bastida, Iñaki Berazategi, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Jose Fernández de la Sota, Aritz Galarraga, Juan Gorostidi, Felix Ibargutxi, Juan Kruz Igerabide, Jacinto iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Manu Lopez, Joseba Luzuriaga, Xabier Mendiguren, Lourdes Otaegi, Iñaki Mendizabal, Lorenzo Rojo, Joxean Sagastizabal eta Iban Zaldua. Irudigileak, ostera, Ernesto Valverde, Jon Zabaleta eta Marta Cárdenas izan dira.

Zaldieroaren komikia, Urrezko liburutegia eta Foroa - azkenaldiko liburuak ohiko atalak be badakarz Erlea-k. Bestelako be gaiak badira aldizkarian: Marta Cárdenasen objektuak, José Fernández de la Sotaren, Iñigo Aranbarriren, Joxemari Iturralderen eta Juan Kruz Igerabideren poema banaren atzeko aldeak.


Arratsaldean, irakurketa berezia

Bestalde, gaur bertan, Erlea aldizkariaren zenbaki berriaren irakurketa berezia egingo da, iluntzeko 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia, 19). Musika eta irudiak lagun dituela, irakurketa horretan aldizkarian parte hartu daben hainbat sortzaile izango dira. Emonaldia Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz antolatu da. Joxean Goikoetxeak, Jabier Muguruzak, Iñaki Berazategik, Kepa Altonagak, Jon Zabaletak eta Jose Miel Elustondok, Joxemari Iturraldek, eta, seguruenik, Marta Cárdenasek hartuko dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu