Aiora Jakaren tesiak Sarrionandiak itzultzaile moduan egindako ekarpena aztertu dau

Bizkaie! 2011-11-25 14:01   kulturbiz

UPV/EHUren doktore Aiora Jakaren tesia idazleari buruzko lehenengoa da eta Sarrionandiak itzultzaile moduan egindako ekarpena aztertu dau. Idazle ez eze, itzultzaile oparoa da Joseba Sarrionandia. Edo, zuzenago esatearren, birsortzailea, ez dauelako itzulpen zurrunik egiten. Hori dino Aiora Jakak, harek euskeratutako lanei buruz egin dauen tesian.

UPV/EHUren doktore Aiora Jakaren tesia idazleari buruzko lehenengoa da eta Sarrionandiak itzultzaile moduan egindako ekarpena aztertu dau. Idazle ez eze, itzultzaile oparoa da Joseba Sarrionandia. Edo, zuzenago esatearren, birsortzailea, ez dauelako itzulpen zurrunik egiten. Hori dino Aiora Jakak, harek euskeratutako lanei buruz egin dauen tesian: Sarrionandiak esan izan dau itzultzaileak aurreko lana bereganatu eta bertatik sortzen dauela. Jatorrizko egilea eta itzultzailea maila berean jarten ditu. Autore honen bestelako ikuspegi bat azaleratu dau Jakak, euskeratu dituan testuetan jarrita fokua; 50 bat jatorrizko hizkuntza identifikau ditu. Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan dauka izena tesiak.

Sarrionandiak idazle banaren lana oinarri hartuta itzulitako lau liburuak (T. S. Ellioten Lur eremua; Samuel Taylor Coleridgen Marinel zaharraren balada; Manuel Bandeiraren Antologia; eta Fernando Pessoaren Marinela), askotariko iturriak erabilita osotutako lau antologiak (Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak; Hezurrezko xirulak; Galegoz heldutako poemak; eta Hamahiru ate. Umore beltzaren antologia) eta aldizkarietan euskeratuta argitaratutako beste zenbait testu solte izan ditu aztergai UPV/EHUko hizkuntzalariak. Kasu horreetan guztietan, euskerea da xede-hizkuntzea; jatorrizko hizkuntzei jagokenez, barriz, 50 bat zenbatu ditu Jakak, eta, beraz, nabarmena da zubi-hizkuntzak erabili dituela tartean, bide osoa egiteko.


Itzulpena ala originala

Jakari gatx egin jako itzulpenen eta idazlan originalen artean mugea ezartzea, Sarrionandiak berak ez ditualako bi egiteko horreek bereizten: Sorkuntzazko deitutako bere lan horreetan be itzulpen handia dago. Horren adibide da Narrazioak, autorearen liburua. Hor badago Itzalarekin solasa izeneko ipuin bat. Itzala agertzen da Elioten poema bat errezitetan, eta euskeraz errezitetan dau. Beraz, hor be egon da itzulpen-saio bat. Autoreei erreferentziak ez eze, itzulpenak be askotan tartekatzen ditu, dino.

Kontrako bidea be egiten dau sarritan idazleak, apokrifoen bitartez: Itzulpen moduan aurkezten dituan bere poemak dira. Fikzinozko autore bati autortzen deutso egiletza. Esaterako, Jakaren ustez, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuko Mohammed Al-Kali poetea ez da erreala, eta harenak ei diran poemak Sarrionandiarenak dira: Mohammed Al-Kali egiazkoa izan daitekeela sinisten dozu, baina arakatzean ikusten dozu ezetz, fikzinozko personaia bat sortu dauela. Sinisgarritasun handia emoten deutso.

Lan originaletan itzulpenak eta itzulpenetan lan originalak tartekatuta, badirudi Sarrionandiak adierazo nahi dauela dana dala sortzea, ez dagoala zertan bereiztu testu batzuen eta besteen artean. Esaten dau: Zer diferentzia dago nik itzuli dodazan poemen eta nik sortu dodazan poemen artean? Azken finean, sortzen gagozanean be, zeozertan oinarritzen gara; aurretik irakurri dogun guztian, azaldu dau Jakak.

Horregatik guztiagatik, Sarrionandia itzultzaile postmodernotzat joten da tesian. Izan be, Jakak itzulpengintza postmodernoari autortutako ezaugarriak bat datoz autorearen lanetan identifikautakoakaz. Modernismoaz harago dago, beraz, ikertzaileak adierazo dauenez: Itzulpenaren teoria modernoetan oso garbi egoan zer zan jatorrizkoa eta zer itzulpena: jatorrizko egileak argi eukan zer esan nahi eban, eta egin behar da deszifrau eta beste hizkuntza batean emon. Teoria postmodernoek, barriz, esaten dabe jatorrizkoak ez dauela zentzu finko bat, irakurketa bakotxean aldatzen dala. Modernismoan hierarkia egoan: jatorrizkoa da handia eta itzulpena da kopia. Postmodernismoak, ostera, maila berean jarten ditu jatorrizko egilea eta itzultzailea. Sarrionandiak hola ikusten dau.


Postmodernismoan, lehenengoa

Lehenengo euskal itzultzaile postmodernoa da Sarrionandia, Jakaren ustez. Horixe ondorioztatu dau, euskerazko itzulpengintzearen historia be aztertu dauelako Leizarragaren Itun Berritik hasita. Hitzaurreek emon deutsie horretarako aukerea, hor ikusi dauelako, modernismoari jarraituz, euskal itzultzaileek 'barkamena' eskatzen ebela ia, testu originala ukutzeagaitik. Gainera, sentiduten eben itzulpena justifikau egin behar ebela: testu klasiko bat dala eta euskeraz be behar genduala; fidelak izaten saiatu dirala, baina gauza batzuk aldatu behar izan dituela, euskera idatziak tradizinorik ez daukalako…

Ikertzailearen arabera, Jon Mirande eta Gabriel Aresti dira 'ikuspegi barritzailea' emoten lehenengoak. Autoreok eragina dabe Sarrionandiarengan, baina berak gauzatzen dau ikuspegi postmodernoa, benetan: Eskimalak, tuaregak… itzultzen ditu, bardin jako obra klasikoak diran ala ez. Gainera, lehenengoa izan da garbi adierazoten ez dala fidela; lotsa barik itzultzen eta birsortzen dauela; eta nahi dauelako egiten dauela.


Aiora Jaka

Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan eta Interpretazinoan lizentziatua da. Gidor Bilbao Telletxea UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko erretoreordearen eta Letren Fakultadeko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi dau tesia, bai eta fakultade horretako bertako Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean aurkeztu be. Ikerketea gehienbat Euskal Herrian egin badau be, bederatzi hilebeteko bi egonaldi egin ditu Concordia Unibersidadean (Montreal, Quebec, Kanada) eta Konstantzako Unibersidadean (Alemania). Gaur egun, UPV/EHUn ikertzaile dabil Jaka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu