Antxinako Begoñako eleizateari eskainitako 'Osterak Bilboko Auzoetatik' bildumako bigarren liburua argitaratu dabe
2011-11-14 13:20 kulturbizBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Osterak Bilboko Auzoetatik bildumako bigarren liburukia argitaratu dau, Begoñako eleizate zaharrari buruzkoa. Ekimen hori Bilbao Izan programearen barruan sartzen dan ekimena da, eta 2005ean, gure uriko kultur ondarea hobeto ezagutu ahal izateko egin ziran bisita gidatuen programetatik sortu da.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Osterak Bilboko Auzoetatik bildumako bigarren liburukia argitaratu dau, Begoñako eleizate zaharrari buruzkoa. Ekimen hori Bilbao Izan programearen barruan sartzen dan ekimena da, eta 2005ean, gure uriko kultur ondarea hobeto ezagutu ahal izateko egin ziran bisita gidatuen programetatik sortu da. Izan be, ekimenak piztu eban interes handiagaitik, jarduereari beste bi urtez eutsi jakon, eta haren ondoren izaera zehatzagoa eben beste batzuk etorri ziran, gure uriko txoko guztietara heldu ahal izateko.
Bildumea Antxinako Deustuko errepublikeari eskainitako liburukiagaz hasi zan. Lehenengo liburukia eta bigarren hau be ez dira arkitektura gidaliburuak, ezta turismoaren sustapenerako ohiko ibilbideak be, inguru horretara egin ziran bisitetan erabilitako edukietan oinarrituz preparautako lanak dira. Planoak eta koloretako argazkiak dituan argitalpenaren helburua, herritarrak Bilbo beste begi batzuekaz bisitau deien konbidatzea eta Bilboko auzoen ezagutza sakona sustatzea da.
Bilduma osoak lau liburuki izango ditu. Geratzen diran bi liburukietan Abandoko Eleizatea (Abando, Indautxu, Errekaldeberri, Olabeaga, Zorrotza, Masustegi eta Altamira) eta jatorrizko Bilbo (Atxuri eta Bilbo Zaharra, Zazpi Kaleak, Alde Zaharra, Atxuri-Kañu pasealekua eta Buia) landuko dira.
Iñaki Peredaren testuak eta Juanma Aparicioren argazkiak dituan Begoñari eskainitako liburuak oinez egiteko zazpi osteratxo edo ibilbide jasoten ditu. Liburuak planoak be baditu, eta horreei esker norberak bere kontura egin leikez osterak Begoñatik, Santutxutik, Castañosetik, Loruritik, Zurbaran-Zurbaranbarritik eta Otxarkoagatik. 1300. urtetik, auzo horreek Bilbotik independente ziren eleizate edo errepublika izan ziran. 1925ean bereganatu zituan Bilbok.
Ostera bakotxean ibiltariari konbita egiten jako, inguru guztia ondo aztertu daian, izan be, eraikin eta gune publikoetako eta pribatuetako bitxikeriak eta zehetasunak azaltzen baitira, bere egunean izan ziranari edo gaur egun diranari buruzko azalpena emonez. Horrezaz gan, gidan, auzoaren fisonomia hobeto ezagutu ahal izateko ezinbestekoak diran historiako zenbait ohar be jaso dira.
Ibilbideetan ehun puntu interesgarri baino gehiago batzen dira. Horreen artean azpimarratzekoak dira Olabarri jauregia (Campo Volantin pasealekua), gaur egun eleizea dan Zurbarango zinea edo estilo Neoklasikoa dauen eta gaur egun futbol zelaiko aldagelak jasoten dituan Begoñako kanposantu zaharreko ehorzleen etxea izandakoa. Etxebizitza pribatuen alorrean, oso garai eta estilo arkitektoniko desbardinak aitatzen dira, Basarraten dagoan Cooperativa Unión Begoñesa izenekoa edo Begoñako Casas Colmena izenez ezagutzen diranak, José Sanz Gironellak 1964 eta 1965 artean eregitakoak. Ibilbideak auzo horreetan sakabanatuta dagozan eleiza eta kapera ugarietan be geratzen dira, eta baita kaleetako eta lorategietako zehetasunetan, eta lehen industriako higiezin ziranak eta gaur egun beste erabilera batzuk dituen higiezinetan be.
Gaztelaniaz eta euskeraz argitaratu dan Begoñako gidaliburuak 154 orrialde ditu, eta liburu dendetan eros daiteke dagoeneko, 10 euroren truke. Horrezaz gan, Udal Liburutegi Sarean be ikusi edo etxera eroan daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!