Etxepare Euskal Institutua Katalunian aurkeztuko dabe zemendiaren 16an
2011-11-14 11:09 kulturbizEtxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak erakundearen helburuak eta Katalunia eta Euskadiren arteko hartu-emon kulturalak sustatu eta estutzeko ekimenak azalduko ditu.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak erakundearen helburuak eta Katalunia eta Euskadiren arteko hartu-emon kulturalak sustatu eta estutzeko ekimenak azalduko ditu datorren eguaztenean, zemendiaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Bartzelonako L'Auditori-n. Gainera, Etxepare Institutuak Arte Eszenikoen Katalunia-Euskadi Foroa antolatuko dau 16an bertan, 18:00etan, eta Hostoak ikuskizuna be izango da zemendiaren 17an, 21:00etan, biak L'Auditori-n.
Etxepare Euskal Institutuko helburuen eta Euskadi eta Kataluniaren arteko hartu-emon kulturalak sustatzeko ekimenen aurkezpenean, Goenagagaz batera, Igor Otxoa Hostoak proiektuaren zuzendari eta musikaria eta Josep Maria Dutrén L'Auditoriko Musika Modernoen saileko zuzendaria egongo dira.
Bestalde, Arte Eszenikoen Katalunia-Euskadi Foroan parte hartuko dabe, besteak beste, La Fura dels Baus, Teatre Lliure, Mercat de les Flors, L'Auditori, ICIC, Institut Ramon Llull, Etxepare Euskal Institutua, Txalapart, Kukai, Syntorama, Euskal Herria Sona, Teatro Principal de Vitoria edo The Project.
Era berean, zemendiaren 17an egingo dan Hostoak ikuskizunaren aurkezpenean eta harrera instituzionalean egongo dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell eta bere homologo kataluna dan Ferran Mascarell.
Hostoak ikuskizunak jantza, musika eta kantagintzearen arteko hesiak hausten ditu. Diziplina desbardinetako sortzaileak buztartzen dituan alkarrizketa bat da. Euskal kultura tradizionaletik abiatuta egungo planteamendu garaikideak garatu ditue ikuskizunean parte hartzen daben artistek. Musika instrumentuak jantza eta koreografiaren parte dira, eta abeslari eta musikariek txalapartearen makilen antzera egiten dabe jantzan.
Gauza batek bereizten dau ikuskizun hau beste proposamen eszeniko batzuetatik: mobimentuek eta koreografiak gidaturik, musika elementuek, kantuek eta jantzek oholtza gainean bat egiten dabe, elementu bakarra bihurtzen dira.
Hostoak hiru taldek sortutako ikuskizuna da, eta hiruen ezaugarria da elementu tradizionaletan oinarrituta planteamentu garaikideak aurkeztea: Oreka Tx, Kukai jantza konpainia eta iparraldeko Amaren Alabak taldea.
Euskera ikastaroak Bartzelonan
Etxepare Euskal Institutuak egingo dituan jarduera horreez gan, Eusko Jaurlaritzeak eta Bartzelonako Euskal Etxeak hitzarmena sinatuko dabe Bartzelonan euskera ikastaroak emoteko. Euskera ikastaroetarako diru-kopurua 22.000 eurokoa da. Eskola orduak 2.104 izango dira, eta ikasle kopurua 164.
Hitzarmena zemendiaren 17an sinatuko dabe, Bartzelonako Euskal Etxean, Lurdes Auzmendi Eusko Jaularitzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Uribe HABEko zuzendariak eta Oihane Astuy Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxearen ordezkariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!