Juan Javier Basterrecheak dohaintzan emon deutso bere liburu-bilduma pribatua UPV/EHUri

Bizkaie! 2011-11-11 10:23   kulturbiz

Dohaintzan emondako funtsen artean, Erdi Aroko eta Errenazimentuko faksimileen atala nabarmentzen da. Atal horrek 300 ale inguru ditu, horreek guztiak Europako lantegi nagusietan miniatu eta kopiatuak. Funts horri esker, UPV/EHUko Biblioteka faksimile-erreprodukzinoen edukitzaile onenetakoa (onena ez bada) izatera pasau da espainiar estadu osoan.

Juan Javier Basterrechea Matoni jaunak Vitoria-Gasteizko UPV/EHUko Unibersidadeko Bibliotekeari dohaintzan emon deutso bere liburu-bilduma pribatu handia. Lagatze altruista horri eskerrak emoteko, Arabako Campuseko Erretoreordetzeak eta Unibersidadeko Bibliotekak Basterrecheari eskerrona adierazoteko ekitaldia izan zan bart Arabako Campuseko Bibliotekan, Las Nieves eraikinean, Vitoria-Gasteizen. Hemetik aurrera, biblioteka horrek hartuko ditu Basterrecheak dohaintzan emondako funtsak.

Basterrecheaz gan, ekitaldian Eugenio Ruiz Urrestarazu Arabako Campuseko erretoreordea eta Miguel Ángel Gutiérrez Ikerketako erretoreordea izan dira. Aurkezpenean, unibersidadeari legatuan emondako bildumearen zati bat erakutsi da. Basterrechearen biblioteka pribatuak balio itzela dauka, aberastasun eta aniztasun handiko 5.000 bolumen inguruk osotzen dabelako.

Dohaintzan emondako funtsen artean, Erdi Aroko eta Errenazimentuko faksimileen atala nabarmentzen da. Atal horrek 300 ale inguru ditu, horreek guztiak Europako lantegi nagusietan miniatu eta kopiatuak. Funts horri esker, UPV/EHUko Biblioteka faksimile-erreprodukzinoen edukitzaile onenetakoa (onena ez bada) izatera pasau da espainiar estadu osoan. Horrezaz gan, Basterrecheak itxitako ganerako obren artean, ekialdeko arteari eta kultureari buruzko liburu-bilduma be aipatu behar da.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko erretorearen eretxiz, Juan Javier Basterrecheak Euskal Herriko Unibersidadeari balio ikaragarria daukan dokumentu-multzo historiko eta artistiko hori dohaintzan emon izana eskuzabaltasun handiko ekintza da gure erakundeagazko eta euskal gizarte osoagazko. Gure esker ona adierazo nahi dogu, ondare hau unibersidadearen parte izango dalako. Gure gain hartzen dogu ondare hori jagoteko ardurea. Ikertzaileen eskura jarriko dogu, iker deien, bai eta gizarte osoaren eskura be, zabaltzeko. Juan Javier Basterrechearen dohaintzak erakusten dau mezenasgoa, persona eta erakunde pribatuetatik, unibersidade publikoaren eta gure ingurunearen arteko lankidetza-bidea dala, eta bide hori bultzatu egin behar dogu.

2010eko abuztuan, Basterrecheak Vitoria-Gasteiz bisitau eban, Arabako Campuseko Bibliotekea ezagutzeko. Biblioteka honek dituan ezaugarri estetiko eta historiko bereziek konbentzidu egin eben Basterrechea, eta esparru hori bere bilduma gordeteko leku ezin hobea zala erabagi eban. 2011ko zezeilean, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko erretorearen eta Basterrechea beraren artean eginiko batzar pribatuan, lagapen-akordioa sinatu zan, eta, ordutik, modu progresiboan, Basterrecheak dohaintzan emondako funtsak lekuz aldatu eta inbentariau egin dira.

Dohaintza egitean, gaur egun Madrilen bizi dan Basterrecheak (Gernika, 1920) baldintza bakarra jarri eban: bere bildumea Euskadin egotea, zatitu barik, herritar guztiek konsultau ahal izateko zabalik egongo dan biblioteka bakar batean. Unibersidadearen asmoa Basterrechearen nahia errespetetea da, eta ahalegin berezia egingo dau bildumea kontserbetako eta funts horreetarako sarbidea bermatzeko Vitoria-Gasteizko biblioteka honetara hurreratu nahi daben ikertzaile guztiei eta, oro har, jente guztiari. Helburu horretarako, unibersidadeak erakustokiak preparau ditu bibliotekan. Aldizka, erakustoki horreetako edukia aldatu egingo da, dohaintzan emondako bilduma osoa erakutsi ahal izateko. Horrezaz gan, bibliotekeak gune bereziak atonduko ditu, nahi dauenak bildumearen parte diran funtsak konsultau ahal izateko, beti obren segurtasuna eta konserbazino ezin hobea bermatuta.


Juan Javier de Basterrechea Matoni

Zornotzako (Bizkaia) Juan Pedro de Basterechea Iraurguiren (itsasontziko kapitaina) eta Mª del Pilar Matoni Parraren semea, izatez Correllakoa (Nafarroa). Ezkonbarritako hasierako urteak Madrilen emon zituen; 1915 urte inguruan Gernikara heldu ziran, Saraspe auzora, eta han jaio zan Juan Javier semea 1920ko urriaren 4an. Han emon zituen bizitzako hasierako urteak, 1928ra arte; urte haretan Valladolidera joatea erabaki zuten, amaren senide batetik gertu.

1930ean aitak Itsas Zerbitzuetarako Kidego Nagusian funtzionario izateko oposizinoak gainditu zituen, eta horregaitik, familia barriro Madrilera joan zan bizitera. Gerra Zibilean Bartzelonara joan ziran, han finkatu zalako estaduko funtzionarioen kidegoa. Franco jeneralaren tropek uria hartu ebenean aita atxilotu egin eben Errepublikaren alde lan egiteagaitik; horren ondorioz, familiaren egoera ekonomikoa larria zan. Kartzelatik urten ebanean Madrilera itzuli ziran behin betiko.

Aitaren pausuei jarraituz, Juan Javier be funtzionario bihurtu zan, kasu honetan Merkataritza Ministerioan. Zuzenbidea ikasi eban eta El desmesurado corporativismo del Colegio de Abogados de Madrid y su desprecio hacia la verdad y los derechos de los ciudadanos lana argitaratu eban, Estadu Batuetako beste idazle batzuei buruzko lanez gan.

Jakinmin ugari eta energia handikoa, beti izan da oso auto zalea; esaterako, autoen Espainiako itzuli batean sailkapeneko lehenengoa izan zan. Horrezaz gan, abentura arriskutsuak be gustuko zituan; besteak beste, poloetarako espedizino batean parte hartu eban. Gazte-gaztetatik piztu jakon liburu arraro eta bitxietarako zaletasuna, eta ordutik zaletasuna areagotu egin jako; gaur egun bibliofilo handia da.

Eregi dauen liburutegiak 5000 ale baino gehiago batzen ditu; eskuzabaltasun osoz eta Carmen hildako arrebeagaz batera, UPV/EHUren Liburutegiari emon deutso liburutegia. Liburuak gai askoren ganekoak dira, baina, oro har, funtsak dituan faksimile kopurua da deigarriena (300 baino gehiago), oso ederrak eta kalidade handikoak guztiak; ganera, lujozko edizinoetako ekialdeko arteari buruzko liburuak be nabarmentzen dira, edota bibliofiloen obrak, besteak beste.

Gaur egun, 91 urte dituan arren, betiko zaletasunei eusten deutse: irakurtzea, idaztea, paseoan ibiltea, eta zelan ez, liburuak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu