Musikea, jantzea eta magia izango dira XII. Udagoieneko Osterearen ardatz nagusiak

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-11-07 13:51   kulturbiz

Udagoeineko Osterearen hamabigarren edizinoan musikea nagusi izango bada be, jantzea, antzerkia eta magiaz be gozetako aukerea eukiko dogu. Programearen aurkezpena Bilbon izan da, Foru Liburutegian. Egitaraua zemendiaren 10ean abiatuko da, Bilbon, eta, hilaren 27an amaituko, Barakaldon.

Udagoeineko Osterearen hamabigarren edizinoan musikea nagusi izango bada be, jantzea, antzerkia eta magiaz be gozetako aukerea eukiko dogu. Programearen aurkezpena Bilbon izan da, Foru Liburutegian, eta bertan izan dira Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, BBK Fundazinoko Gorka Martinez eta Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoko Manuel Moreno. Egitaraua zemendiaren 10ean abiatuko da, Bilbon eta hilaren 27an amaituko, Barakaldon.

Udagoieneko Osterea Bizkaiko Foru Aldundiaren egitasmo estrategikoa dala nabarmendu dau Josune Ariztondo Kultura diputaduak; euskal kulturea eta euskerea sustatzeko egitasmo garrantzitsua da, ganeratu dau. Euskereak aurrera egin gura badau danon konpromisoa behar dauela gogoratu dau Ariztondok. Programa honen bitartez, euskerearen erabilerea handitzea eta euskereagaz gozetea lortzen dogu. Erabilerea da edozein hizkuntzaren etorkizuna. Euskereak eremu garrantzitsua dau irabazteko, barruko eremua; euskereak modu espontaneoan, naturalean, lagunartean eta familian, aisialdian erabilteko pausuak emon behar ditu, azaldu dau.

BBK Fundazinoko Gorka Martinezek ekimen pribaduaren eta publikoaren arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau prentsaurrekoan. Euskerea aisialdian sartzea oso garrantzitsua da, eta guk hori bultzatu egin behar dogu, adierazo dau.

Horrek helburuok lortzeko bidean, Udagoieneko Ostereak sei ikuskizun eskainiko ditu zemendian. Manuel Moreno Topaguneko ordezkariak azaldu ditu egitarauaren zehetasunak. Lehenengo hitzordua zemendiaren 10ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Katamalok emonaldi berezia eskainiko dau, izan be taldea desagertuta egoan. Kafe Antzokiko sarrerak aspaldi agortu ziran. Ganera, horren ostean, beste emonaldi batzuk berbatu ditue, Gasteizen, Donostian, Durangon, zehaztu dau Morenok.

Zemendiaren 11n, Kerobiak Epílogo lanaren kontzertu akustikoa egingo dau Urdulizeko kultur etxean. Hurrengo barikuan, hilaren 18an, Mikel Urdangarinek igaz Bilboko Kafe Antzokian grabetako zuzeneko diskoaren lehenengo aurkezpen-kontzertua eskainiko dau Balmasedan, Klaret antzokian. Jantzea, musikea eta antzerkia bat egingo dira Ermuan, Hostoak ikuskizunaren eskutik. Amaren Alabak, Kukai jantza taldea eta Oreka TX-ek zemendiaren 25ean izango dabe hitzordua. Hurrengo egunean, Lorelei eta Etxek kantaldi berezia emongo dabe Getxoko Andres Isasi musika eskolan. Hamaika urte dira Lorelei desagertu zana, baina animau egin doguz barriro eszenatokira salto egiten, esan dau Manuel Morenok.

Azkenengo hitzordua umeentzako izango da, Txan magoaren eskutik, zemendiaren 27an. Barakaldo Antzokira hurreratzen diran umeek mago ezagunaren Ezer ez da dirudiena ikuskizun barriaz gozetako aukerea eukiko dabe.

Josune Ariztondok bizkaitar guztiak animau gura izan ditu Udagoieneko Osteran parte hartzeko, gozatu bat bizi izango dabelako, duda barik.

Hamabi urte dura Udagoieneko Osterea abiatu zana, lau ardatz nagusigaz: euskerazko eskaintzea euskereak presentzia txikia daukan eskualdeetara zabaltzea, kalidadezko ikuskizunak hurreratzea, euskerea berari garrantzia emotea eta danetariko saioak eta publikoa izatea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu